Rock doinuak Starbluesen errautsetatik
Johnny B. Band proiektu berrian buru belarri dabil Jon Barreros. Zuzenekoak iragarri dituzte ekainetik.
Johnny B. Band taldeko kideak, Jon Barreros buru dela. Hitza Starblues taldearen etenaren ondotik, «ilusio handiarekin» ekin dio etapa berri bati Jon Barrerosek (Beasain, 1978). Orain urtebete pasatxo Starblues geratzea erabaki zenean kolpea handia izan zen Idiazabalen bizi den musikariarentzat: «Jarraitzeko indarra banuela sentitzen nuen oraindik», kontatu du. Denbora pasata, 15 urteko ibilbidearen ondotik, geratzea, distantzia pixka bat jartzea, ez zela horren ideia txarra izan iruditzen zaio orain, «estilo berrietan arakatzeko». Fermin Etxeberria (Tolosa) eta Jose Luis Alonso (Lazkao) musikari eta lagunekin batera, Johnny B. Band proiektuan buru belarri dabil, «haur bat zapatila berriekin bezala». Starblusen «legatuari» jarraipena emango dion proiektua da eta taldea aurkezteko zuzenekoen bira txiki bat egingo dute ekaina eta azaroa bitartean.
2010ean sortu zuen Starblues Barrerosek, eta 2025era arte egon zen taldea elkarrekin. Iaz taldearen jarduna etetea erabaki zuten, «zuzenekoak emateko zailtasunak izaten hasi ginen, taldekideei bestelako ardurak eta proiektu paraleloak sortu zitzaizkielako», gogoratu du. Haren errautsetatik sortu du orain Johnny B. Band. Hasiera batean, proiektu berriak jarraipen moduko bat emango dio aurrekoari, baina «ukitu pertsonalago batekin». Hasierako zuzeneko hauetan Starbluesen abestiak joko dituzte, baina epe ertainean —urtea amaitzerako— Jonnhy B. Band zigilupean abesti berriz osatutako disko berri bat argitaratzea da helburua.
Hiruko formatoan
Batetik besterako aldaketa «ez da ikaragarria», baina badira aldeak. Hirukoa da talde berria, Starblusen organo eta bigarren gitarrarik gabe. Etxeberriak baterian eta Alonsok baxuan lagunduko diote Barrerosi. «Alonsok Starblusen lehenego bi diskoetan parte hartu zuen, lagunak gara eta aspaldi ezagutzen dugu elkar», dio Barrerosek.
Starbluesen arima nabaria izango da ibilbide berrian, batez ere hasieran. «Ni naiz abeslari bera, baita gitarra bera ere, eta logikoki Starblues soinua edukiko dute zuzenekoek. Hala ere, disko berrirako konposatzen ari naizen abesti berriek, nahiz eta antza eduki, beste norabide bat hartuko dute: rockeroagoa, intimistagoa», dio. Orain arte blues-a edo rock klasikoago batera lotuago egon dira Barrerosen abestiak, baina proiektu berria rockeroago dela aurreratu du, «organoa eta bigarren gitarra baten faltan, gitarra bakarrarekin, ageriago geratzen da ahotsa taula gainean, eta soinua gordinagoa da».
Berdina, ukitu berriarekin
Nahiz eta iragarri dituzten kontzertuetan abesti zaharrak jo, zuzenekoak beste ukitu bat izango dute: «Erronka handia da, orain biluzik, bakarrik dagoelako gitarra. Base erritmiko baten atzean gitarra bakarra egotea oso konplikatua da. Zuzenekoak oso ondo prestatuta eraman behar dira teknikoki, hanka sartzeak nabarmen atzeman daitezkeelako. Gainera, ongi egiten ez bada, soinu gordin horrek zerbait falta denaren sentsazioa ere eman dezake belarrira».
Zuzeneko bost kontzertu itxita dituzte, momentuz, ekaina eta azaroa bitartean, proiektu berria publikoari aurkezteko helburuarekin. Horregatik, zuzeneko gehienak Goierrin izango dira, bi izan ezik, «Goierri aldeko jendeari helarazi nahi diogun mezua da Starblues lo dagoela, baina gu hemen gaudela. Aurkezpen bira txiki bat izango da».
Urtearen amaieran disko berriaren prestaketan jarriko dute indarra eta lan berria kaleratu arte ez dituzte zuzeneko gehiago emango. Errepertorio berria izango dute orduan, Johnny B. Banden soinu berriak Starbluesen klasikoekin uztartuko dituena: «Ez dut Starbluesen esentzia galdu nahi. Azken batean, abesti horiek nireak dira eta ondorengo zuzeneko guztietan ere, abesti horiek nirekin egotea nahi dut», azpimarratu du Barrerosek.












