Urretxu-Zumarragako taldea txapeldunorde, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketan
Antton Fernandez, Mikel Iturriotz eta Manex Mantxola bertsolariek osatu dute taldea, eta beraiekin batera aritu dira, Leire Akizu gai-jartzaile lanetan eta Jon Mendizabal epaile gisa.
Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren hirugarren edizioko finala ospatu zen atzo Aian, Urretxu-Zumarraga eta Arrasate-Eskoriatza herrietako taldeen artean. Saio orekatu baten ostean, azkenean, arrasatearrek eta eskoriatzarrek lortu zuten txapel preziatua, 21 punturekin. Horrela, urretxuar eta zumarragarrak bigarren gelditu dira, finalean 15 puntu eskuratuta.
Goierritarren taldea Antton Fernandez, Mikel Iturriotz eta Manex Mantxola bertsolariek osatu dute, eta beraiekin batera aritu dira, Leire Akizu gai-jartzaile lanetan eta Jon Mendizabal epaile gisa. Arraste-Eskoriatzako taldea, berriz, Ane Zuazubiskar, Haizea Arana eta Oihana Arana bertsolariek, Olatz Zuazubiskar gai-jartzaileak eta Larraitz Trojaola epaileak osatu dute.
Aurtengo edizioak inoizko parte-hartzerik handiena izan du: guztira 57 talde eta 350 pertsona inguru aritu dira lanean, eta txapelketa lau fasetan egituratu da (lehen fasea, bigarrena, finalaurrekoa eta finala).













