Candanchu, Canfranc eta Escarrilla aldera doa Arrastaka
Ferrata bide batzuk egingo dituzte. Parte hartzeko interesa dutenek uztailaren 21eko bilerara joan behar dute.
Arrastaka Mendi Taldea Candanchu, Canfranc eta Escarrilla aldera (Huesca, Espainia) joango da uztailaren 25ean eta 26an, ferrata bide batzuk egitera.
Hilaren 25an bi ferrata bide egitea izango da helburua: Zapatila eta Iserias. Zapatila Candanchuko eski estazioan dago eta Iserias Canfranc geltokian. “Bi jardueretako lehena Zapatilaren zola deritzon ferrata bidetik igo eta Tortiellasko simara jaistearekin konbinatuko dugu. Jaitsiera honetan hiru rapel burutu beharko ditugu mendiaren barrualdetik. Jarduera hau goi-mendiko ingurunean gauzatuko da. Iseriasko hormaren ferrata bidea berriz, K3+ mailako zailtasunarekin katalogatuta dagoen ibilbide ikusgarria da. 410 metroko ibilbide honek zati bertikalak, pendulu bat, bi tximino zubi eta 80 metroko zubi tibetar bat ditu”, azaldu du taldeak.
Hilaren 26an, berriz, Escarrillan dagoen Escuacho ferrata egingo dute. “K4-ko zailtasunarekin dago katalogatuta. Ferrata gogorra da eta ‘besaurreak tenkatzera’ behartuko gaitu. Ingurunea zoragarria da”.
Jardueraren zailtasuna handia denez, ezinbestekoa da sasoian egotea. Parte hartzeko interesa dutenek uztailaren 21ean 19:00etan Ehunmilak-Arrastakaren egoitzan egingo den bilerara joan behar dute.













