Mirentxu, 45 urte Goierrin erreferente izaten
1981eko uztailaren 1ean hartu zuten Iñaxi Sarriegik eta Prontxio Izagirrek Mirentxu liburu dendaren ardura. Gaur egun Maite eta Izaskun Izagirre Sarriegi ahizpak dira arduradunak.
Maite eta Izaskun Izagirre Sarriegi ahizpak, Mirentxu liburu dendan.Laida Goiburu Liburuak, eskolako materiala, opariak… goierritar askok buruan izango dute horrelakoak erosteko orduan Mirentxu liburu denda. Uztailaren 1ean 45 urte bete ditu Goierrin erreferentziazko liburu denda izatea lortu duen negozioak.
Iñaki Sarriegi eta Prontxio Izagirre senar-emazteek ekin zioten Mirentxu liburu dendaren egungo jabeen ibilbideari. Aurrez, Mirentxu liburu denda beste jabe batzuek zuten, eta 1981eko uztailaren 1ean Sarriegi-Izagirre sendiak hartu zuen negozioa, izen berarekin. Hala, familia horren ibilbide hasieraren 45. urtemuga bete da duela bi aste.
Gaur egun Maite eta Izaskun Iñaxi eta Prontxioren hiru alabetako bik dute negozioaren ardura. Maitek gogoan du gurasoek denda hartu zuteneko garaia: «Gogoratzen naiz etxean esan zigutenean denda hartzea pentsatzen ari zirela. Gu umeak ginen, Izaskunek 12 urte zituen, eta nik 10».
Gurasoak «oso ekintzaileak» ziren Maiteren esanetan. Aitak negozio bat zuen, eta amak hari laguntzen zion. Alabak azaldu duenez, aurreko Mirentxu dendako bezeroak ziren, eta utzi egingo zutela jakitean, animatu egin ziren: «Ezin zuten geldi egon eta animatu ziren».
Kale Nagusian zegoen denda. 10 urtetik gora egin zituzten han, eta 1994an Nafarroa etorbideko 7. zenbakira mugitu ziren, «probisionalki», berrikuntza batzuk egin nahi zituztelako. «Justu tokatu zen Beasaingo festetan, eta aita hasi zen beste lagun batekin dena husten».
«Gogoratzen naiz esan zigutenean denda hartzea pentsatzen ari zirela. Izaskunek 12 urte zituen, eta nik 10»
«Aspaldiko bezeroak ditugu, eta polita da txikitatik ezagutu duzuna gero haurrekin etortzea»
Maite Izagirre Sarriegi
Hilabete batzuk pasatuta, 1994ko abenduaren 9an beheko dendara itzuli ziren, Kale Nagusikora. «Guretzat, beheko denda Kale Nagusiko denda da, eta hau –Nafarroa etorbideko gaur egungoa– goiko denda». Baina hasiera batean epe motzerako zen Nafarroa etorbidea 7 zenbakikoak irekita jarraitu zuen. Bi denda izan zituzten urte luzez.
Gurasoen pausoak jarraituz
Garai horren bueltan, 1990eko hamarkadan, testigua hartzen hasi ziren Maite eta Izaskun alabak gurasoei, «orain dela hogeita hamapiko urte» Maitek berak azaldu duenaren arabera.
«Etxeko negozio bat izanda beti esku bat botatzen» ibili ziren gaztetan, «oporretan edo asteburuetan», baina gero ikasketetan jarri ziren buru-belarri: «Izaskun lehenago hasi zen dendan, eta ni beranduxeago. Orain Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua dena ikasi genuen biok».
Maiteren hitzetan, «Izaskunek agian argiago» zuen dendaren erreleboa hartuko zuela. Maitek berak ez, ordea: «Baina ikusi nuen gustatzen zitzaidala, laguntzen hasi nintzen eta bertan gelditu nintzen».
2016an, «gurasoen pausoak jarraituz berriz ere uztailaren 1ean», gaur egun martxan duten denda ireki zuten, Nafarroa etorbideko 9 zenbakian, 7 zenbakikoa itxiz. Kale Nagusikoak, halere, irekita jarraitu zuen beste 2 urtez, eta 2018ko urrian itxi zuten beheko denda, Mirentxuren hasierako lokal nagusia izan zena.
10 urte gaur egungo lekutik
Uztailaren 1a, beraz, beste urtemuga bat gogoratzeko ere baliatu dute, 45 urteko ibilbideaz aparte: 2026ko uztailaren 1ean 10 urte bete ziren gaur egungo denda, Nafarroa etorbideko 9 zenbakikoa, martxan jarri zutenetik.
Ia mende erdia pasatu denean gurasoek enpresaren ardura hartu zutenetik, hasierako garaiko bide beretik jarraitzen dute alabek: «Liburuetatik aparte eskolako materiala daukagu, asko, eta oparien mundua ere asko lantzen dugu. Denetik. Beti izan da horrela», azaldu du Maitek.
Gaur egun liburuak irakurtzeko beste formatu batzuk daude. E-bookak, kasu. Baina jendeak liburu fisikoak ditu gustuko oraindik ere arduradunaren esanetan: «Liburuak saltzen dira. E-booken hasieran izan genuen zalantza, liburuak gutxitzen joango ote ziren, baina ikusi da ezetz, liburuak mantentzen direla. Jendeari asko gustatzen zaio liburua eskuetan edukitzea, sentitzea, usaintzea… beste sentsazio bat da». Irakurzaleak dira Maite eta Izaskun, eta ama ere «oso irakurzalea» zuten.
Erreferente da Mirentxu liburu denda, ez Beasainen soilik, Goierri mailan ere. Gertukoak dira askorentzat: «Aspaldiko bezeroak ditugu, eta polita da txikitatik ezagutu duzun norbait gero haren haurrekin etortzea… belaunaldi ezberdinak ezagutzen ditugu hemen». Horrela jarraitzeko asmoa dute: «Guri oraindik urte batzuk geratzen zaizkigu eta».












