Sorgin-ehizaren salaketa antzeztua
‘Zapatari Txiki igarlea’ elezaharra antzezpenaren bizkar-hezur hartuta, inkisizioak landa eremuko emakumeen aurka egindako sarraskiak eta hilketak irudikatu dituzte Jentilbaratza elkarteak ondutako XI. Gau Ibilaldi mitologikoan.
Zapatari Txiki Lazkao jaunaren jauregira joan zenekoa, Mariatxoaren ibilerak salatzera. Iñaki Gurrutxaga Maria Aierbe Dorronsorok haren seme Joxe Miel Barandiarani XX. mendean hasieran kontatutako Zapatari Txiki igarlea elezaharrak harilkatu du aurten Ataungo Jentilbaratza elkarteak larunbatean egindako XI. Gau Ibilaldi mitologikoa. 600na laguneko bi txandak gozatu dute San Gregorio eta San Martin arteko herribide zaharrean egindako ibilaldi antzeztuarekin.
Intsaustia, Perunezahar baserria –Barandiaranen jaiotetxea–, Urezandi baserria, Naza, Astigarraga eta San Martingo plaza. Bost antzezpen bidean, seigarrena eta azkena plazan. Ez da izan gaueko izakiak eta une beldurgarriak nabarmendu diren urtea, baina bai izugarrikeria handi bat salatzekoa. Inkisizioa, sorgin-ehiza, izan du ardatz aurtengoak.
Erdi-Aroan landa eremuko emakume askok jasandako basakeria gogoratu eta gaitzetsi dute antzezpenean. Murumari eta Mariatxo –Lazkaoko jaunaren alaba zaharrena– sutan errez, eta Marisorgin eta Inixi bizi artean giltzapetuz bukatu da istorioa, Pierre Lancre inkisidorea buru zuen epaiketa egin ondotik.
Sonbreillu miragarria
Eskale batek Zapatari Txikiri oparitutako sonbreillu miragarriak gertakari denak igartzeko ahalmena eman dio. Eta harengana jo du Lazkaoko jaunak, haren alaba Mariatxo gauero etxetik alde egin eta oinetakoak urratuta nolatan iristen zen jakiteko.
Eta ibilbidean azaldu dira galtzagorriak, Joxe Miel eta haren ama, Antton eta Anttoni gazte maiteak, Urezaindiko familia, Murumari eta Marisorgin neska gaztez inguratuta, baita Lazkaoko jauregia bera ere.
Eta kontatu eta antzeztu dituzte hainbat kondaira: Gauez agertzen zen katu zuria (Maria Josefa Munduate, 1910), Urkuluako astoa (Juan Migel de Agirre, Mendiurkullu, 1921), Ardandegian sartzen ziren sorginak ((Juan Migel de Agirre, Mendiurkullu, 1921), Urezandiko motilla (Francisco Auzmendi, 1922) eta Andragai sorgiña (Joxe Arratibelek amak, Josefa Zurutuzak, Joxe Arratibeli kontatua). Gozatu dituzte bisitariak euskara jatorra entzunez, dekoratu landuak ikusiz eta mitologiaren erraietan sarraraziz. Arbasoen lekukoa hartzen darraite belaunaldi berriek Ataunen.
ARGAZKIAK: Iñaki Gurrutxaga













