"UltraEbre proba esperientzia ahaztezina izan da niretzat"
Iñaki Ginea (Ordizia, 1975) igerilaria seigarren postuan sailkatu da UltraEbre proban eta onena izan da 50 urtetik gorakoen mailan. 30,8 kilometroko proba hori Ebro ibaiaren amaieran egiten da.
Iñaki Gineak igeriketako Euskadiko txapelketa asko irabazi zituen gaztetan eta Ordiziako Sari Nagusia ere irabazi zuen. Egun, iraupen luzeko probak egiten ditu. UltraEbre Swim Marathon proban lortu duen emaitzak ilusio berezia egin dio.
Zer diozu UltraEbre probari buruz?
Ebro ibaiaren deltan, bokalean, egiten da. Tibenysen hasten da eta Ampostan bukatu, Tortosatik pasata. 30.830 metroko luzera du. Tradizio handia du eta aurten ere mundu osoko igerilariek parte hartu dute: Belgika, Erresuma Batuak, Suitza, Australia, Amerikako Estatu Batuak…
Lehen aldiz parte hartu al duzu?
Iaz 15 kilometroko proba egin nuen eta bukatu ondoren maratoia deitzen zaien batean parte hartzea erabaki nuen. Lagun batek UltraEbre oso polita dela esan zidan eta data niretzat oso egokia da, gainera. Izan ere, Zumarragako jaietan izan da eta egun horietan taberna itxita izaten dut. Probari buruzko informazioa bilatu nuen eta historia handia duela ikusi nuen. Oso toki polita da, gainera. Hala, animatu egin nintzen.
Gogorra izan al da?
Bost ordu eta 32 minutu eman nituen igerian. Dena oso ondo atera zen. UltraEbre Swim Marathon esperientzia ahaztezina izan da niretzat. Oso pozik nago lortutako emaitzarekin. Nazioarteko mailako igerilariekin eta olinpiar ohi batzuekin batera lehiatzea erronka handia izan da eta sailkapen nagusian seigarren postua eta nire kategorian lehen postua lortzea harrotasunez bizi dudan lorpena da. Olinpiar Jokoetan aritutako igerilari bat bosgarren izan da eta ni seigarren.
Esfortzu fisiko eta mental handia da.
Emaitzatik harago, erronka hau burua lantzeari esker ere gainditu dut. Iaz egin nuen Kirol Coaching eta Kirol Psikologiako Masterrean ikasitako tresnak praktikan jarri ahal izan ditut. Zeharkaldian zehar coachingeko teknikak erabili nituen nire barne elkarrizketa kudeatzeko, une gogorrenetan lasaitasuna mantentzeko eta helburuan zentratuta jarraitzeko. Esperientzia honek berriro erakutsi dit buruak gorputzak bezainbesteko garrantzia duela.
Zer nolako esperientzia izan zen masterra egitea?
Beti gustatu zait jendeari laguntzea, motibatzea. Masterra hasi nuenean urduri nengoen, nire ikaskideen artean psikologoak, entrenatzaile profesionalak eta hezitzaileak baitzeuden. Ni, berriz, marketin ikasketak dituen tabernaria naiz. Hala ere, oso ondo integratu nintzen, eta azkenean ohorezko matrikula lortu nuen. Gainera, ikasle guztien artean aukeratua izan nintzen praktikak Atletico de Madrid taldearekin egiteko. Praktiketan hamarreko nota lortu nuen eta gaur egun ere harremanetan jarraitzen dut coaching prozesuan lagundu nuen kirolariarekin.
Etorkizunean coaching arloan lan egin nahi al duzu?
Duela aste batzuk, masterreko zuzendariak, Juan Carlos Alvarezek, deitu zidan. Alvarez Espainiako futbol selekzioko coacha izan da. Madrildik etorria zen eta nirekin elkartu nahi zuela esan zidan. Irungo hitzordu hartan coachingaren inguruan eta etorkizuneko proiektuez hitz egin genuen. Elkarrizketa hark hausnartzera eraman ninduen: gaur egun nire lehentasuna nire taberna da, eta uste dut oraindik urte batzuetan gogor eutsi behar diodala. Hala ere, etorkizunean coachingaren arloan ere nire bidea egiteko ilusioari eusten diot, eta ziur nago iritsiko dela horretarako une egokia. Ilusio handiz jarraitzen dut, bai kirolean bai bizitzan. Nik neuk bizi izan dut burua entrenatzea funtsezkoa dela eta etorkizunean ikasitakoa beste pertsona batzuei transmititzeko aukera izatea gustatuko litzaidake.
Beste zerbait aipatu nahi al duzu?
Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet nire familiari, nire bikotekide Saioari, nire bi bazkideei, lagunei eta nire kayakari Iboni. Erronka honetan modu batera edo bestera ondoan egon direlako eta une oro babesa eman didatelako. Eta bereziki, helmugan pankarta batekin zain nituen nire bi semeei. Une hura izan zen eguneko saririk handiena. Haiek dira nire indarrik handiena, nire motibaziorik handiena eta, zalantzarik gabe, munduko oparirik handiena.














