Idiazabaldik Santiagora
Idiazabalek Donejakue Bidearen duen harremana aspaldikoa da eta lotura hori ezagutzera emateko bi ibilaldi gidatu antolatu dituzte; lehendabizikoa bihar.
Gurutzetako ermitan dagoen Erromes bankua.Idiazabalgo Udala Bide guztiek Erromara daramatela esan ohi da, baina Santiagora ere eramaten dutela esan daiteke. Izan ere, ez bat, ez bi, zazpi dira Coruñako (Galizia) hiriburura daramaten bide nagusiak: Donejakue Bideak. Frantziako bidea da ezagunena, Orreagatik (Nafarroa Garaia) abiatzen dena eta erromes gehienek bidea egiteko aukeratzen dutena. Baina, bada Arabako Donejakue Bidea ere, Gipuzkoan barrena Idiazabaldik pasatzen dena. Hain zuzen, Idiazabalek Donejakue Bidearekin duen lotura hori ezagutzera emateko bi ibilaldi gidatu antolatu dituzte udako turismo eskaintzaren barruan. Lehenengoa bihar izango da (16:00) eta bigarrena, abuztuaren 23an.
Erdi Aroan oso ohikoa zen Santiagorako erromesaldia Arabako bidetik barrena egitea bide frantsesaren ordezko gisa. Arabakoa esaten zaion arren, Gipuzkoa ere zeharkatzen du eta Idiazabalen sartu irtena egiten du Beasain-Zalduondo etaparen barruan. Idiazabalek lotura estua izan du Donejakue Bidearekin; horren adibide dira San Migel elizan, nahiz herriko ermitetan dauden hainbat eta hainbat sinbolo. Barnealdeko Euskal Bidea delakoan kokatuta dago, Tolosa eta Zegama uztartzen dituen etapan, eta Santiago de Compostelatik 665 kilometrora. Idiazabalera Olaberritik barrena sartzen da harrizko galtzada jarraituz, Gurutzetako ermitara iritsi arte. Beherakoan, San Migel elizatik igarotzen da Segura aldera jarraitzeko.
Idiazabalgo bi bideak
Aldaize aldizkariak 2004ko uztailean argitaratutako erreportaje batean, Pedro Mari Mujika idiazabaldarrak herriko Santiago bideei buruz egindako ikerketa aipatzen du. Bi bide ezberdintzen ditu: bide zaharra eta bide berria edo Errege bidea. Mujikaren iritziz, bide zaharra XII. mendea baino lehenagokoa da. Baina, zergatik bi bide?. Erantzuna Mujikaren azterketan dago: «1200 urtean Gipuzkoak Nafarroaren menpeko izateari utzi zion eta Gaztelarekin egin zuen bat; Nafarroako erregeak Gaztelakoari bide zaharra erabiltzea galarazi ziolarik. Gaztelak merkantzia garraiatzeko Nafarroatik pasatzen ez zen bide bat behar zuen eta orduan hasi zen indartzen bide berria, Ihurretik (Olaberria) Segurara doana».
Idiazabalgo Donejakue Bidea ezagutzera emateko antolatutako ibilaldiak Gaztaren interpretazio zentrotik abiatuko dira (16:00). Handik Gurutzetako ermitara igoko dira oinez eta 2 ordu inguruko ibilbidea egingo da; San Migel eliza ere bisitatuko da, besteak beste. Gurutzetako ermitan dago hain justu, Santiago santuaren irudia eta erromes agirian zigilua jartzeko aukera. Mujikak jasota utzi zuenez, Gurutzetan dagoen Santiagoren irudia Masukako errekatxora jaisten zuten «duela 40 bat urtera arte». Auzoko emakumeena zen santua Masukara eramateko ardura «santua uretara begira jartzen zuten eta euria bidaltzeko eskatzen zioten».
Erromes bankua
Gurutzetako ermitaren alboan kokatu dute aurten, Santiagora begira dagoen eta gezi itxura duen Erromes bankua. QR kode bat ere badu, informazio turistikoa denbora errealean jaso ahal izateko. San Migel elizako atarian dauden harlanduak ere garaiko sinbologiaren adibide garbia dira, XI. mende amaierako xake-itxurako apaingarri arkitektonikoan oinarrituta. Ibilaldietan parte hartzeko: 943 18 82 03 edo info@idiazabalturismo.com.












