Beasaindik Karibera
Garinen bizi den Jon Montes ‘Monty’-k irabazi du ‘El Conquistador 22’. Edizio berean egon da Iñigo Garmendia ‘Katxarro’ beasaindarra, eta finalerako atarian geratu da.
‘Monty’ eta ‘Katxarro’ Garin auzoan, asteartean.Laida Goiburu Beasaingo bi partaide. Kariben izan dira Jon Montes Monty (Intxaurrondo, Donostia, 1992) eta Iñigo Garmendia Katxarro (Beasain, 1998). ETB2ko El Conquistador programaren 22. edizioan parte hartu dute. Azarotik abendura bitartean grabatu zuten programa, eta urtarriletik ekainera bitartean eman dute telebistan. Montyk, parte hartu ez ezik, irabazi egin du edizioa, alde handiarekin final handian gailenduta.
Intxaurrondokoa da Monty, baina 3 urte daramatza Garin auzoan bizitzen. Ekilibrista, baserritarra eta Slakherria Elkarteko kidea da. Besteak beste, zirku tailerrak eskaintzen dituzte –joan den asteburuan Sigi Sagas jaialdian izan dira–. Katxarro Arantzamendi baserrikoa da. Biak Beasainen bizi arren, ez zuten elkar ezagutzen: «Erosketak egitera noizbehinka, ostegunetan kiroldegira monozikloa entrenatzera… hortik harago ez naiz asko mugitzen herrigunean», azaldu du Montyk. «Nik jakin nuen han berak esan zidalako», zehaztu du Katxarrok.
2020an eman zuen izena aurreneko aldiz Montyk El Conquistadorren parte hartzeko. Casting-etan aurrera egin zuen, baina azkenean ez zuten hartu: «Txertoak eta guzti jarri nituen, pentsatzen nuen sartuko nintzela eta azkenen ezer ez, ordezkoa nintzela esan zidaten». Aurreko urtean, berriz, irabazi duen 22. ediziorako, bizilagunek eman zuten bere izena. «Arantzatxoa» zuen 2020kotik, eta saiatzea erabaki zuen. Saiatu eta lortu.
«[2020an] Pentsatzen nuen sartuko nintzela eta ezer ez, ordezkoa nintzela esan zidaten»
Jon Montes Monty. El Conquistador 22 programako irabazlea
Katxarroren hirugarren aldia zen. 18 urterekin egin zuen lehen casting-a, 21. edizioan ere bai, eta 22. ediziorakoan azkenean hartu zuten.
Hilabete prestatzeko
Abenturara joan baino hilabete eskas lehenago jakinarazi zieten bazihoazela. Prestatzeko tarte gutxi izan zuten: «Pare bat astetan igerilekura joan nintzen kaxa lantzeko, ikusi nituen proba batzuk, sokekin ere gauza batzuk entrenatu nituen, korrika egitera irten nintzen, eta baratza lantzea ere entrenamenduaren parte izan zen», azaldu du Montyk. Baserritarrak dira biak, lurra lantzen arituak biak. Katxarrok kontatu du «baserrian beti dagoela egiteko zeozer», eta hori ere lagungarria izan zela: «Deitu zidaten eta komeriak, hilabete bateko tartea dagoelako. Sokekin ibiltzen den kuadrillako batekin tirolina bat eta jumar bat muntatu, kiroldegia eta igeri pixka bat».
Azaroaren 11n abiatu ziren Karibera. Katxarro Corocote taldean sartu zuten, eta Monty Yocahu taldean. Abenduaren 18an itzuli zen Monty, eta Katxarro hiru egun lehenago, abenduaren 15ean. Izan ere, elkarren aurkako duelua izan zuten, finalera nor pasatuko zen erabakitzeko. Monty pasatu zen, eta Katxarro finalerako atarian geratu zen. «Berak bidali ninduen etxera», esan du barrez Katxarrok. «Duelua osoa lehiatua izan zen, biok topera eman genion».
«Duelua oso lehiatua izan zen, topera eman genion biok»
Iñigo Garmendia Katxarro. El Conquistador 22 programako partaidea
Jejenak eta mugikorra
Esperientzia «oso positiboa» izan da bientzat. Katxarrorentzat jejenak –intsektu txikiak– izan dira esperientziaren zatirik gogorrena. Montyk, ordea, ez du intsektu horiekiko horrenbesteko kontaktua izan: «Corocote taldekoak kanpamentu pobrean egon ziren asko, eta hor asko zeuden. Gu bi egun besterik ez ginen egon hor». Abenturatik ateratako alderdi positiboenarekin bat datoz biak: «Asko gustatu zitzaigun mugikorrik gabe egotea».
Katxarro kanporatuta, Jaio eta Aimarren aurka jokatu zuen finala Montyk. Helikoptero batean igo eta handik salto egin behar izan zuten aurrena, gero igeri egin, soka eta sare bana igo, berriz ere itsasora salto, urpean igeri egin, soka gehiago… eta bukatzeko 210 metroko tirolina gurutzatu. Alde handiarekin irabazi zuen Montyk, aurrez bederatzi duelu egin eta irabazita gainera, eta ikurriña ekarri zuen Garinera.












