«Garbi daukaguna da, maila mantendu nahi dugula»
Koldo Agirre Bealak taldeko kideak Marimurumendi mendi maratoia berreskuratzearen zergatiak azaldu dizkio GOIERRIKO HITZAri.
Koldo Agirre.Aitor Garmendia Koldo Agirre, Bealak taldeko kideak Marimurumendi mendi maratoia berreskuratzearen zergatiak azaldu dizkio Goierriko Hitzari.
Zergatik erabaki duzue Marimurumendi antolatzea eta ez beste bi probak?
Lan kantitateagatik. Beste probak ez egiteak pena ematen digu, baina kontziente gara Bealak bezala noraino iritsi gaitezkeen. Beste bi karrera egiten ditugu urtean zehar: umeen erreleboak eta Herri Lasterketa. Horiekin ere jarraitu nahi dugu eta uste dugu MMM egiteko gaitasuna badaukagula, orain arte eduki duen maila mantenduz. GH2 eta EHM probetan sartzeak, lan karga dezente handitzea dakar. Garbi daukaguna da maila mantendu nahi dugula. Orduan, abiapuntu bezala, maratoiarekin hastea nahikoa dela iruditzen zaigu.
Igandean izan da orain arte MMM. Zuek larunbatean antolatuko duzue.
Lehen ostiraletik hasten zen festa bat zen, orain aldiz, lasterketa bakarra izango da. Asteburua aldatu egiten da. Betikoa, batzuentzat larunbata hobea da, besteentzat igandea…. Baina gu kanpora joan izan garenean askotan eskertuko genukeen larunbatean izatea, asteburua gehiago aprobetxatzeko aukera ematen duelako. Herri mailan ere iruditzen zaigu aisi aldetik gehiago eman dezakeela larunbatean lasterketa egiteak. Horri begiratuta izan da aldaketa.
Ordua mantenduko da. Eta ibilbidea?
Dena mantentzeko asmoa daukagu. Orain arte oso ondo zegoen, orduan, ondo dagoena kopiatzen saiatzea da helburua. Ordua mantenduko da, 08:00etan hasita. Ibilbidea ere, nagusiki mantenduko da. Ikusi beharko da ibilbidea nola dagoen baina aldaketa nabarmenik ez da aurreikusten. Gustatuko litzaiguke orain arteko boluntarioekin eta babesletzekin kontatzea. Oraintxe hasi gara denari forma ematen. Informazio gehiago, izen-emateak eta abar, uda ondoren jakinaraziko ditugu. Aurreikusten dugu, aurreko urteetan bezala izango dela gutxi gorabehera.
Korrikalariek gogoz hartuko dute?
Aurten ez da egin, baina urtebete bakarrik pasatu da eta uste dugu jendeak gogo hori eduki dezakeela. Urtebeteko geldialdiarekin, agian jende askok gogo handiagoa izango du. Hori da behintzat gure esperantza.
Boluntarioak aipatu dituzu, Ehunmilen euskarri nagusiak.
Garbi daukagu asko jaisten direla beharrak, baina badakigu gauzak ondo egiteko boluntario askoren beharra daukagula. Orain artean isilpean eraman dugu, baina datorren astetik aurrera martxan jarriko gara.
Data seinalatuan iragarri duzue itzulera.
Gaurkoa, egun garrantzitsu bezala geneukan agendan. Iruditzen zaigu urtebete lehenago abixatzea polita izan zitekeela, asteburu honetan izango litzatekeenez EHM. Poztasun bat izango dela iruditzen zaigu.












