Lau talderen emanaldiekin dator Elizatari Oihuak Itsasondora
Madrilgo Hetairoi, Kataluniako Bloody Gums, Oñatiko Inguma eta Goierriko Hozkia taldeak izango dira. Sarrerak aurrez eskuratu behar dira.
Hozkia musika talde goierritarra. Hitza Elizatari Oihuak Fest jaialdia itzuliko da asteburu honetan Itsasondora. Dagoeneko herrian errotutako musika jaialdiak, aurten ere, larunbata festa egun berezi bilakatuko du, Punk & Oi doinuekin eta askotariko taldeen emanaldiekin. Antolatzaileek lau talde gonbidatu ekarriko dituzte aurtengoan, Madrilgo eta Kataluniako bana, eta Gipuzkoako bi. Jaialdiaren helburu nagusietako bat da tokiko eta Euskal Herriko taldeei izen handiagoko taldeekin agertokia partekatzeko aukera eskaintzea.
Kartelburuetako bat Hetairoi izango da. Madrilgo taldea lehen aldiz arituko da Euskal Herrian. Haiekin batera izango da Bloody Gums talde katalana ere. Tarragonatik datoz, eta 2026an Euskal Herrian eskainiko duten kontzertu bakarra Itsasondokoa izango da. Euskal Herriko ordezkarien artean, berriz, Oñatiko Inguma eta Goierriko Hozkia izango dira oholtzan.
Jaialdira bertaratu nahi dutenek aldez aurretik eskuratu beharko dute sarrera, zortzi euroan. Itsasondoko Kaxintane tabernan, Ordiziako Kirkil tabernan nahiz www.taerecords.com webgunean erosi daitezke.












