Merkatarien kanpaina denboraldi berria indartzeko
Urriaren 19tik aurrera erosketa bonuak eskuratu ahal izango dira
Bi-Tartean Urretxu eta Zumarragako merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresarien elkarteak udazken-neguko denboraldi berria indartzeko kanpaina jarriko du martxan. Zure kalean, udazkena lelopean, ekimenak herritarrei denboraldi berriko eskaintza gertutik ezagutzeko aukera eskainiko die.
Kanpainak hainbat ekintza bilduko ditu. Nagusietako bat denboraldi berriaren aurkezpen urbanoa izango da. Larunbatean egingo dute. Urretxu eta Zumarragako kaleetan eguneroko bizitzako eszenak grabatuko dira, herritarrak, haien ohiturak eta herrian egiten dituzten planak protagonista direla. Helburua ez da soilik produktuak erakustea, tokiko merkataritza gure eguneroko bizitzaren parte dela modu natural eta hurbilean kontatzea baizik.
Grabaketetatik eta aurreko prestaketetatik abiatuta, urriaren 13tik 23ra eduki digitalak argitaratuko dira sare sozialetan. Eduki horien bidez, kanpainan parte hartzen duten establezimenduak eta produktuak ezagutaraziko dira.
Bonu kanpaina ere egingo dute. Urriaren 19tik azaroaren 30era, hain zuzen ere. Ekimenaren helburua herritarrei denboraldi berriko produktuak eta zerbitzuak tokiko establezimenduetan erostea erraztea da.
Bonuak urriaren 19tik aurrera izango dira salgai, agortu arte, Bi-Tartean merkatari elkartearen bulegoan (Labeaga, 56): astelehenetan, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan 09:00etatik 17:00etara eta asteartetan 09:00tik 19:00etara. 40 euroko bonuarekin 50 euroko erosketa egin ahal izango da kanpainara atxikitutako establezimenduetan. Bi-Tarteanek 10 euro oparituko dizkie erosleei, beraz.
Lau bonu gehienez
Bonuekin egindako erosketek gutxienez 10 euroko gastua izan behar dute. Bonuak agortu arte banatuko dira. NAN bakoitzeko bonu bakarra banatuko da. Gehienez lau NAN erabili ahal izango ditu bonua erostera doan pertsona bakoitzak.













