
Desagertarazi dute. Ez dago. Umea nintzela erakutsi zidaten bertako pitzadura batean txoriek egina zuten kabia. Gerora, sarri egin izan diet bisitatxoa, ikusi izan dut kabia nola berritu izan duten eta irrifarra ahoan, neure buruari galdetzen nion «aurten ere hemen zeate …noiztik hartzen ote dezue txoko hau zuen bizitoki ?». Eurijasa eta haizeteetatik babestuta, azeri edo bestelako harrapakariak ez iristeko moduan…naturak berea duen orekan, txoritxoak irabazle ziren txoko horretan.
Pasa den astera arte , Aralarren Orabielgo txabolatik Goroskintxu aldera zegoen haitz-arteko pasabideaz ari naiz. ‘Zegoen’ bai, jada ez baitago, aspalditxo honetan zeresana ematen ari diren Aralarko pisten lanek birrindu dute. Niri erakutsi moduan, nik ere banuen seme alabei koxkorragoak egiten zirenean, naturaren pasarte hau erakusteko asmoa, baino ezin !
Batzuentzat, lanleku, bes- teentzat kaleko zorameneko bizitzatik ihes egiteko paradisua. Bertako zelai, baso, leize, haitz eta aire garbiak preziorik gabeko altxorrak dira guztiontzat. Izan ere denok ‘gure’ sentitzen baitugu. Aspalditxo honetan, ordea, denona den horren gobernantzan, alde batekoen iritziak pisu handiagoa hartu dute. Erabat ahaztu dute Aralarrekiko ikuspegi ezberdinak daudela eta Enirio-Aralar Mankomunitatean parte garen herritar guztion iritziek balio berdina dutela.
Pixka bat atzera eginez eta gaur egun dugunaren oso antzeko egoeran, 2003an, Mankomunitateko 15 herriek eskatuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak txosten bat egin zuen. Legebiltzarrean ere aurkeztu zuten, baita momentuko talde parlamentario guztien adostasuna jaso ere. Txostenean behin eta berriz azaltzen da OREKA hitza, giza-jarduna eta naturaren arteko balantza. Sarri aipatzen dira, pistarik egin gabe diren lekuetan pistak egiteak ekarriko lituzkeen atzera bueltarik gabeko egoerak. Alternatibak ere planteatzen ditu hementxe dago nire ustez gakoa baina borondatea falta izan da hauei adarretatik heltzeko, eta horren ordez, erabat alde bakarreko planteamenduan, Aralarren 20 km. inguruko pista plana mahai gaineratu dute, eta honek, berarekin ekarri ditu tentsio eta ezinegonak.
Bestalde, jada eginak dauden pisten erabilera zein izan den ikusi dugu. Ez noa inongo sektoreri errua botatzera, gizakia bera baita aukera duenean eskua eman eta besoa hartzen duena. Kalean egunero ikusten ditugu antzeko jarrerak. Hori bai, mahai gainean jarri duten «Pistetan ibili ahal izateko, behor bat izatea nahikoa da» planteamentuak ez du batere laguntzen naturarekiko orekan.
Instituzio, talde politiko eta mankomunitateko partaideek ardura zuzena dute gaia ondo kudeatzen, Aranzadik markatu moduan mendiarekiko errespetua oinarri hartuta, 2003ko Egitamu planean sakontzea tokatzen da eta aurrera eramaten diren erabakietan adostasun handiagoak bilatu behar dira.
Aralarrek hori eta gehiago merezi du!
– Aitor Garmendia (Zaldibia)