Hirugarren Federaziora jaitsi da Beasain KE
Naxararen aurka 1-0 galduta, matematikoki mailari eusteko aukerarik gabe geratu da taldea.
Beasain KEren taldea entrenamendu saio batean.Beasain KE Beasain KE Hirugarren Federazio mailara jaitsi da, joan den igandean Naxara CD taldearen aurka 1-0 galdu ondoren. Azken partida geratzen zaie, Real Zaragoza Deportivo Aragonen aurka Loinatz futbol zelaian maiatzaren 3an 12:00etan, baina matematikoki mailari eusteko aukerarik gabe geratu dira.
Hemezortzi taldetatik azkeneko bostak zuzenean jaitsiko dira Bigarren Federaziotik Hirugarren Federaziora; bere multzoan, Beasain KE 33 punturekin 15. postuan dago, eta play-outa (mailari eusteko beste multzoen artean jokatuko dena) markatzen duen 13. postuan SD Logroñes dago, 37 punturekin. Beraz, azken partida irabazi eta besteek galduko balute ere, ez litzateke iritsiko.
Iazko ekainaren 21ean lortu zuen Beasainek Bigarren Federaziora igoera, eta denboraldia mailari eusteko ahaleginetan eman ondoren, Hirugarren Federaziora itzuliko da.













