Lazkaoko pilota txapelketa herrikoiaren finalak erabakita
Etzi jokatuko dira finalak, 19:00etan hasita. Aurrena kontsolazio fasekoa jokatuko da, eta ondoren txapeldunen fasekoa.
Txapeldunen faseko finalerdietako baten irudia. Hitza Joan den ostegunean jokatu ziren Lazkaoko XIII. Pilota Txapelketaren finalerdiak, eta dagoeneko jakina da zein bikote sailkatu diren finalera.
Txapeldunen fasean bi finalerdiak oso parekatuta hasi ziren, baina neurketa erditik aurrera hautsi egin ziren biak. Azkenean, hauexek izan ziren emaitzak: Asier Alonso-Manex Garmendia 22 eta Haritz Goena eta Patxi Ormazabal 15; Ion Garmendia eta Unai Bereziartu 22 eta Xabi Naldaiz eta Mikel Etxezarreta 15. Horrenbestez, Alonso-Garmendia eta Garmendia-Bereziartu bikoteak ariko dira finalean.
Kontsolazio fasean, berriz, bi finalerdiak oso desberdinak izan ziren. Aurrenekoan, Eñaut Ibargurenek eta Markel Iturbek nahiko erraz hartu zituzten mendean Eñaut Sukia eta Igor Gutierrez (22-13). Bestel finalerdia azken tantora arte emozioa egon zen. Iñaki Irastorza eta Eñaut Mendia 18-12 aurreratu ziren markagailuan, baina Julen Galparsorok eta Aitor Muruamendiarazek lehia irauli zuten (21-20). Azkenean, Irastorza eta Mendia garaile (22-21). Kontsolazio faseko finala Ibarguren-Iturbe eta Irastorza-Mendia bikoteek jokatuko dute.
Finalak etzi jokatuko dira, hilaren 27an, 19:00etan hasita. Lehenengo kontsolazio faseko finala jokatuko da, eta ondoren txapeldunen fasekoa.














