Maiatzaren 10ean jokatuko da Izazpira igoera
Aurten ere 500 euroko saria dauka gordeta antolakuntzak errekor berria ezartzen duenarentzat. Proba Ezkioko San Migel jaien barruan egingo dute.
Aner Arozena zumarragarra —iazko irabazlea gizonezkoetan— Izazpiko gainera iristear, iaz. Hitza EzkiOn Martxan kirol klubak jakitera eman duenez, datorren maiatzaren 10ean jokatuko da aurten Izazpira igoera Ezkioko San Migel jaien baitan. Argindegi ostatu paretik abiatuko da lasterketa 12:00etan, eta aurten ere, Pello Garin zizurkildarrak 1982an ezarritako marka hausteko erronka egingo die antolatzaileek parte hartzaileei. Denbora hori hobetzea lortzen duenarentzat 500 euroko saria izango da.
Errekorraz aparte, irabazlearentzat txapela eta 150 eurotako saria ere egongo da, podiuma osatzen dutenek ere izango dute trofeorik eta lehen ezkiotarrentzat ere izango da saria.
Proba honen herri izaera azpimarratzeko umeen lasterketa bat ere egingo da proba nagusia baino ordu bete lehenago. Lasterketan parte hartzeko izen ematea irekita dago jada Kirolzaleren web gunean.













