Elkartasuna CAFeko langileen borroka eredugarriarekin!
Ibon Artola. Euskal Herria Sozialista CAFeko zuzendaritzak 750 langileri zuzenean eragiten dien EEEa aurkeztu du. Honen oinarrizko helburua gutxi batzuen artean oraindik eta irabazi gehiago banatzea da, plantilaren lan baldintzak eta lanpostuak erasotzearen kontura. Gainera, CAFeko zuzendaritzak, bukaeraraino iristeko prest dagoela erakutsiz, itxiera patronalarekin eta Ertzaintza fabrikan sartzearekin mehatxatu du. Honen aurrean, Euskal Herria Sozialistak babes osoa eman nahi die CAFeko langileei eta antolatzen ari diren mobilizazio guztiei, eta, bide batez, gure proposamenak egin borroka eredugarri honen garaipenean laguntzeko. Zerbaitetarako balioko du EEEak? Zenbat kontzesio gehiago egin beharko dituzte langileek etorkizunean? Esperientziak erakusten digu “gaitz txikiena” onartzearen logikak enpresariak harrotzeko eta etorkizunean eraso gehiago egitera animatzeko bakarrik balio duela. EEE hau ez dago inondik inora justifikatuta, irabaziak dituen eta eskaera kartera zabal bat duen enpresa baita. EEEaren planteamendua estrategia konkretu baten barruan dago: plantilaren soldata eta lan baldintzak okertzea, lortutako eskubideekin amaitzea eta, azkenik, enplegua suntsitzea, lanean geratzen direnek ordu gehiago sartzeko, erritmo altuagoekin eta soldata baxuagoekin. Horregatik, uste dugu sindikatuek ezezkoa eman behar diotela EEEari eta uko egin atzera pausoak suposa ditzaketen kontzesioei. Batasunak egiten du indarra. Langileen batasun handiena lortzeko oinarrizkoa da batzarrak antolatzen jarraitzea, plantila osoak mobilizazio eraginkorren plan bat erabaki eta bozka dezan. Egia da borroka [...]
Ibon Artola. Euskal Herria Sozialista
CAFeko zuzendaritzak 750 langileri zuzenean eragiten dien EEEa aurkeztu du. Honen oinarrizko helburua gutxi batzuen artean oraindik eta irabazi gehiago banatzea da, plantilaren lan baldintzak eta lanpostuak erasotzearen kontura. Gainera, CAFeko zuzendaritzak, bukaeraraino iristeko prest dagoela erakutsiz, itxiera patronalarekin eta Ertzaintza fabrikan sartzearekin mehatxatu du. Honen aurrean, Euskal Herria Sozialistak babes osoa eman nahi die CAFeko langileei eta antolatzen ari diren mobilizazio guztiei, eta, bide batez, gure proposamenak egin borroka eredugarri honen garaipenean laguntzeko.
Zerbaitetarako balioko du EEEak? Zenbat kontzesio gehiago egin beharko dituzte langileek etorkizunean? Esperientziak erakusten digu “gaitz txikiena” onartzearen logikak enpresariak harrotzeko eta etorkizunean eraso gehiago egitera animatzeko bakarrik balio duela. EEE hau ez dago inondik inora justifikatuta, irabaziak dituen eta eskaera kartera zabal bat duen enpresa baita. EEEaren planteamendua estrategia konkretu baten barruan dago: plantilaren soldata eta lan baldintzak okertzea, lortutako eskubideekin amaitzea eta, azkenik, enplegua suntsitzea, lanean geratzen direnek ordu gehiago sartzeko, erritmo altuagoekin eta soldata baxuagoekin. Horregatik, uste dugu sindikatuek ezezkoa eman behar diotela EEEari eta uko egin atzera pausoak suposa ditzaketen kontzesioei.
Batasunak egiten du indarra. Langileen batasun handiena lortzeko oinarrizkoa da batzarrak antolatzen jarraitzea, plantila osoak mobilizazio eraginkorren plan bat erabaki eta bozka dezan. Egia da borroka ez dela erraza, enpresa gogor doala eta langileak asko jokatzen ari direla. Baina enpresa ez da ahalguztiduna, langileok indarra dugu, asko, ondo erabiltzen bada.
CAFeko langileak erakusten ari dira borrokarako gaitasun ikaragarria, eta eraginkortasun handia mobilizazioan. Hau da erasoak atzera bota ditzakeen bidea. Baina borrokako lehenengo pausoek jarraipena izan behar dute. Beharrezkoa da gaur arte aurrera eraman diren lanuzte eta mobilizazio garrantzitsuei erasoak atzera bota arte denboran luzatuko den greba eta mobilizazioen egutegia gehitzea, langileei beren indarretan konfiantza emanez. Baina, guztiaren gainetik, funtsezkoa da gatazka kanporantz zabaltzen jarraitzea.
Kapitalisten beldur handiena, alde batetik, borroka bateratua eta, bestetik, langile klasearen antolakuntza handiena dira.
Horregatik, pauso garrantzitsua litzateke Goierrin gatazkan dauden fabrika ezberdinetako borrokak eta gatazkak bateratzeko eta koordinatzeko lan egitea, eta borrokan dauden enpresen koordinadora bat sortzea enpresa guztietako langileak sufritzen ari garen eraso berberei indar handiagoz aurre egiteko. Honekin batera, funtsezkoa da gure eskualdeetako biztanleria borroka honetan inplikatzea, plantilaren mobilizazioak antolatuz Gipuzkoako herrietan, auzoetan, poligonoetan, unibertsitateetan eta ikastetxeetan, euren borroka ere baden milaka langile eta gazteren babesa lortzeko. Elkartasunezko Komiteak antolatu behar dira ezkerreko kolektibo eta erakunde sozialak, sindikalak eta politikoak gehitu daitezen eta ekintza konkretuekin mobilizazioaren arrakastan lagundu dezaten.
Gainera, Irungo langileekin modu egokian egin den bezala, beharrezkoa da elkartasuna eta batasuna bilatzea Lleida, Zaragoza, Elvira, Linares, Castejon eta Suresnesko gainontzeko ekoizpen zentroekin, Bilbo, Bartzelona, Vigo, Sevilla eta Lisboako mantentze zentroekin eta Atlantikoaren beste aldean dauden ekoizpen/muntaia eta mantentze instalazioekin: Sacramento (AEB), Mexiko DF, Sao Paulo eta Buenos Aires.
CAFeko zuzendaritzak zatiketa eta beldurra erabiltzen baditu, langileek batasunaren eta elkartasunaren alde egin behar dute apustu. Gaur egungo egoeran, CAFeko langileen borroka milaka langileren erreferentzia puntu bihur daiteke. Hau gertatzen bada, enpresak jasan beharko lukeen presioa ikaragarria izango litzateke eta beren planak atzera botatzea posible izango litzateke. Ez da konfiantzarik izan behar etorkizun hurbil batean enpresak aurkez dezakeen “negoziaketa borondatean”. Denbora irabazteko, maniobratzen jarraitzeko eta plantila desmoralizatzeko bakarrik izango litzateke. Kutxabankeko agintariengan ere ez da konfiantzarik izan behar, beti egon eta egongo baitira zalantzarik gabe irabazi gehiago nahi dituztenen aldean. Langileen borroka bateratuan izan behar dugu konfiantza bakarra.
Beharrezkoa da zuzendaritzaren eraso eta mehatxu guztiei erantzutea. Adibidez, “enpresa itxieraren” mehatxuaren aurrean, langileek fabrikaren okupazioaren alternatiba dute. Hau ari da gertatzen, adibidez, Madrilgo osasun sektorean. Langileek ospitaleak eta anbulatorioak okupatu dituzte pribatizazioari eta kaleratzeei aurre egiteko, eta biztanleriaren gehiengo handi baten babesa lortu dute.
Azkenik, enpresak bere erasoarekin jarraitzen badu eta gauzak okertzen badira, langileok badugu alternatiba lanpostuak eta ekoizpenaren bideragarritasuna bermatzeko: enpresaren nazionalizazioa langileen kontrolpean. CAF publiko batekin, langileek kontrolatuta, lan baldintzak eta lanpostuak bermatu ahalko lirateke, eta enpresaren irabaziak ez lirateke gutxi batzuentzat izango, azpiegitura, garraio, osasun eta hezkuntza publikoa bezalako behar sozialak asetzeko baizik.