Errespetua eta zorra Aralarren
Orain bi aste ENBA sindikatuko presidenteak, “baserritarrei zor zaien errespetua” idatzitako artikuluaren aurrean, hona gure iritziak.
Orain bi aste ENBA sindikatuko presidenteak, “baserritarrei zor zaien errespetua” idatzitako artikuluaren aurrean, hona gure iritziak:
Eskatzea libre omen da, baina errespetua eskatzen duenaren aldetik neurri bereko jarrera adieraztea eskertzekoa izaten da. Horregatik egiten zaigu hain ulergaitza, abeltzainen izenean errespetua eskatzen duenaren ahotik halako baieztapen zurrunak (egia ala gezur) entzutea, bere aldekoak ez diren ahotsak estali nahian.
Nola bota daiteke Aralarko Parke Naturalean abeltzainak zokoratuak izan direla eta lan baldintzak hobetzen orain hasi zaizkiela? Parke Naturala deklaratu zenetik, aurrekontu publikoaren gehiena abeltzaintzarako azpiegituretan gastatu da: txabola guztiak berreraiki dira, bizi-baldintza duina izateko moduko eraikuntzak bihurtuz, ur korrontea, hotza eta beroa, eguzki plakazko argindarrez hornitu; lehen lokatz artean edaten zuen aziendari mendian zehar askak eraiki zaizkio. Dena Parke Naturalaren aurrekontuetatik, abeltzainek euro bat jartzera behartu gabe. Horko abeltzainen izenean idazten duenak ez al daki zein egoeratan zeuden Aralarko abeltzainak eta aziendak 1994ean?
Baina abeltzainek irakurri eta entzun bakarrik ez, besteena ulertzen saiatuko balira hobe. Ez lukete ukatuko Aralarko larreak aintzinako basoak soiltzetik datozela eta, are gutxiago, ez liekete ukazio hori historialariei egotziko. Abeltzainen ordezkariak jakin beza, ezagutzen diren datu zientifiko guztien arabera horrela gertatu dela eta ez dagoela historialari bat bera ere hori ukatzen duenik. Oso atzera joan beharrik ez dago: 1821. urtean, basoa herrien artean banatu zenean, orain daukan azaleraren bikoitza estaltzen zuen, Mankomunitateak azken 200 urtetan basoen erdia galdu duelarik.
Abeltzainek larreak modu jasangarrian kudeatzen dituztela diote, baina Aralar hori baino gehiago da (basoak, ura, kobazuloak… ). Gainera, jasangarritasunaren etiketa norberak erosteko salgai balego bezala.
Bestalde, ikerketa eta azterketan teknikoen emaitzekin duten harremana interesen araberakoa da. Gogoratu besterik ez Aranzadirekin izan zuten portaera, apalki esanda, Lotsagarria! Baina errealitatea egoskorra izan eta 1994tik indarrean dagoen araudiak garbi adierazten duen bezala, higadura da Aralarko arazo larrienetakoa eta abeltzainek zerikusi handia dute horretan.
Bukatzear dagoen legealdian Enirio-Aralar Mankomunitatean lantalde bakarra egon da, abeltzainena, eta beste kolektibo guztiak behin eta berriro uxatu egin dituzte, parte hartzea eskatu orduko bizkarra emanez. Eta hor dago koska, kolektibo nahiz banakako horiek abeltzainen eskubide eta betebehar berdinak dituztela Aralarren edo eduki beharko lituzketela. Horregatik, norberari errespetua eskatzearekin batera, ez litzateke txarra, guztiona den lurralde hori errespetatzeko asmoa aipatzen eta desberdin pentsatzen dutenei entzuten hastea. Urrats polita litzateke alajaina!
Haizea Arruti (Itsasondo) – Koro Irazustabarrena (Beasain). ARALAR BIZIRIK