Ikasleen babes sarea
Jakina da koronabirusaren krisiak kalte larriak eragin dituela eta eragingo dituela bizitzako esfera ezberdinetan, eta ikasleok ere gure ikasketa prozesuan kalte nabarmenak jasaten ari gara. Ikasturtea aurrera ateratzea nahikoa buruhauste ez, eta hartutako neurriek gure egoera are gehiago okertu dute. Gainera, gure etorkizunari buruz daukagun ezjakintasun orokorrak ikasleon ezegonkortasun eta urduritasun egoera bat dakar, gure ikasketa prozesuan nabarmen eraginez.
Hartu diren neurriek ikasle guztioi eragin digute, baina berriro ere ikasle proletarizatuenak izan dira kalterik handiena jasan dutenak, klase presentzialen ordez internet bidezko irakaskuntza ezartzeak beraien ikasketa prozesua erabat zailtzea eragin du, ikasketa modalidade hau aurrera eramaterakoan baliabide materialak lortzeko zailtasunak baitituzte. Gainera, ikasketak ordaintzeko zailtasunak areagotu egin dira, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak familia proletarioak kolpatzen baititu gehien.
Internet bidezko irakaskuntzari dagokionez, argi ikusi da bere eraginkortasun falta. Ikasketa metodo honekin, ikasgaiak gainditzeko beharrezkoa den materia modu egokian lantzea zailagoa bihurtzen baita. Gainera, honen ondorioz, ikasleok hartu behar izan dugu ikasketa prozesu ia guztiaren ardura eta, horrek, ikasleok gure egunerokoan sekulako lan karga izatea ekarri du. Bestalde, azterketak noiz izango diren ez jakiteak, ebaluaziorako erabiliko den metodologia ez ezagutzeak eta etxeetan sortu diren egoera anitzek ikasketak modu egokian aurrera eramatea oztopatzen dute.
Arazo hauen aurrean, UIBk, unibertsitateko langile sektoreen interesak babestu eta hauen bizi baldintzak hobetzea helburu duen eragileak, ikasleen babes sarea martxan jarri du. Inork ezer oparituko ez digula jakitun, ikasleon arteko elkartasun eta babesean oinarrituta sortu dute babes sare hau. Babes sarea bi ataletan banatzen da: apunte bankua eta ikasketa laguntza. Apunte bankuari dagokionez, ikasleok materiala lortzeko izaten ari garen zailtasunak ikusita bigarren hezkuntza zein unibertsitateko apunteak eskuragarri jarri ditu MEGA.nz sarean, UIB-ren helbidean. Bestetik, beraien ikasketetan zailtasunak dituzten DBH edo Batxillergoko ikasleei zuzenduta dago gehienbat ikasketa laguntza, nahiz eta, zenbait kasutan, unibertsitateko lehen bi ikasturteetako ikasleek ere jaso dezaketen laguntza hau. Laguntza hau emateko, unibertsitateko zeinbat ikasle, hainbat ikasgaitan laguntza emateko antolatu dira. Laguntza eskatzeko, 688 646 697 telefonoa eta uibnazionala@gmail.com posta jarri ditu eskuragarri, twitter eta instagrameko kontuez gain.
Gauzak honela, argi geratu da gaur egungo hezkuntza sistemak ez dituela ikasle langileon interesak bermatzen eta ikasleok gure interesak babesteko elkartasunean eta langileon babesean oinarritutako antolakuntzaren beharra daukagula.