Aldapan gora
«Pausorik pauso» dio Huntza taldearen kanta artxiezagunak. Eta dagoeneko hasi gara, pixkana-pixkana, urtarrilak irudikatzen duen aldapa igotzen, gure aje eta minekin, baina ...
«Pausorik pauso» dio Huntza taldearen kanta artxiezagunak. Eta dagoeneko hasi gara, pixkana-pixkana, urtarrilak irudikatzen duen aldapa igotzen, gure aje eta minekin, baina baita ilusioz eta gogoz ere. Aldapa baten edo dena delakoaren hasieran egoteak bai baitu bere alderdi positiboa: hutsetik hasteko aukera dugu berriro, ezabatu beharrekoak ezabatu, eta letra txukunez berriz ere gure etorkizuna idazten hastekoa.
Baina… sarritan nagikeriaz izaten gara, baita boligrafoa hartzeko ere. Zenbat sasi agindu eta promes geure buruari, zenbat «banu, balego eta balitz», zenbat «oraingoan bai», eta, azkenerako, usteak erdi ustel nonbait, eta ilusioak adina frustrazio eta etsipen. Badira, ba, kristalezko boletan sartutako herrixkatxoak, buruz behera jarri eta elurra mara-mara hasten zaien horiek? Urtarrileko asmoak horrelako zerbait direla iruditzen zait. Astindu bola eta hasi amesten, jakinik berehala atertuko duela.
Dena den, urte hastapenaren bederatziurrena amaitu berritan, oraindik ere jan-edandako polboroi, turroi, azpizun, xanpain eta ardoen kaloriak digeritu ezinean gabiltzala, bata bestearen atzetik labankadak nola barneratutako zenbait albiste dira eztarritik behera pasa ezinda geratu zaizkidanak.
Sanferminetako erasotzaileak kartzelaratu gabe geratuko dira, ihes egiteko edo delitua errepikatzeko arriskurik ez omen dute eta. Harrapazank! Hanka bat 2019. urtean sartu dugu, baina bestea joan den mendean geratu zitzaigula us-te dut. Bila dezatela, arren, zentzugabekeria honi irtenbidea aurkituko dion algoritmoa.
Bestalde, jai egunetako euforiak behera egiten duen bitartean, gora doaz argindarraren, erregaien eta zergen prezioak. Eskerrak lanbide arteko gutxieneko soldata %22,3 igoko dutela zabaldu duten lau haizetara Espainia aldetik. 900 euro! Gora! Nik uste ez direla konturatu Luxenburgon 1.998,6 eurokoa dela, Australian 1.996,6 eurokoa, Irlandan 1.614 eurokoa…
Baina ez, ez… ez gaitzala etsiak hartu! Bila dezagun bizipozen bat urte hasiera honetan… Sagardotegiak! Horixe! Hilaren 16an irekiko dute aurtengo txotx denboraldia, eta ezin geratuko gara, ba, sagar gozo-garratzaren zaporea dastatu gabe! Ene! Zenbat bertso galdu ote dira sagardotegietako upel artean, zenbat dantzaren ondoriozko izerdi, zenbait maitasun hitz eta aitorpen, zenbat irrintzi desafinatu, zenbat lagunarteko besarkada, zenbat barre zoro… Sagardotegiak izango ditugu, aurten ere, euskaldun askoren topaleku datozen hilabeteotan.
«Euskaldun peto-peto bai, baina ardi galduen pare; nahiago dut ibili, halere, norabiderik gabe!», dio aurrerago kantuak. Eta bat nator hitzekin. Bagaude, bagabiltza eta bagoaz, baina non, nondik eta norantz on-do jakin gabe. Galduta gabiltza. Mundu koskor honetan geure tokia bilatu ezinda. Nork bere norabidea aurki dezala 2019 honetan. Itxi ditzagun ate batzuk, mundu berriak zabaltzeko. Har ditzagun aldapak beherako bidean, eta goza dezagun aire ufada freskoak azalean eragindako kilimez. Egin dezagun dantza, nahiz eta bizitza ez izan espero genuen festa. Izan gaitezen egunetik egunera gizatiarragoak, ez hain perfektuak agian, baina zoriontsuagoak! Txootx!