Izenak, izanak eta izan zirenak
Izanak bilatzerako orduan, izenak topatzen ditugu. Izenen atzean, berriz, pertsonak daude. Goierrin izen asko dago gerrari lotuta. Borrokan aritu zirenen izenak daude, hildakoenak, ihes egin zutenenak edota herrian geratu zirenenak. Guztiak ezin ekar daitezke lerro hauetara, eta aukeraketa batean, 36ko Gerran parte hartu zuten hiru goierritarren kasuak bildu ditu Hitzak.
Horietako pertsona bat Jesus Larrañaga Goierri (1901-1942) urretxuarra da. Euzkadiko Alderdi Komunistaren sortzaileetariko bat izan zen. Gaztetan EGIn eta ELAn afiliatu zen Larrañaga. Errebeldiagatik Xabierko apaiztegitik botatakoa, Beasainen ekin zion politika eta sindikalgintza ibilbideari. CAF lantokitik ere bota egin zuten, greba bat antolatzeagatik, eta Ipar Euskal Herrian erbesteratu zen. Itzulitakoan UGTn eta Espainiako Alderdi Komunistan sartu zen. 1935ean, ordea, Euzkadiko Alderdi Komunista sortzeko legez kanpoko batzarrean parte hartu zuen, Dolores Ibarrurirekin eta Juan Astigarrabiarekin batera.
1936an Frente Popularretik diputatu izendatu zuten Madrilen, baina behin gerra sortu zenean, Defentsa Batzordeko gerra komisario egin zuten, Donostian. Gipuzkoa eroritakoan, Asturiasen Meabe batailoi komunistaren buruzagi ere aritu zen eta ez zuen begi onez ikusi Eusko Jaurlaritzak Bilbo «aurre egin gabe» frankisten utzi izana eta Santoñako errendizioa hitzartu izana. Horrek nazionalistekin zuen harremanari eragin zion. Espainiako Alderdi komunistarekin ere harremanak ez ziren onak, hauek ez baitzuten onartu euskal alderdia sortu izana.
Gerra amaiera aldera, Frantziara ihes egin zuen, handik Dominikar Errepublikara, Kubara eta gero New Yorkera. Espainiako Alderdi Komunistak, baina, 1941ean Espainiara bidaltzea erabaki zuen, alderdia berreraikitzeko. Lisboan, ordea, Portugalgo poliziak atxilotu egin zuen, beste kide batzuekin batera. Urriaren 8an espainiaratu zituzten eta hurrengo urtean heriotz zigorra ezarri zieten. 1942ko urtarrilaren 21ean fusilatu zituzten, Madrilen. Zenbait iturrik diotenez, hil aurretik bota zuen azken oihua «gora Euskadi askatuta!» izan zen. Ikertzaile batzuek diote, PCEk berak egindako salaketak ekarri ziola heriotza.
Gabiriar mugalaria
Beste goierritar baten istorio hunkigarri bat Gabiriako Rufino Jauregirena (1913-2008) da. Soldadutza berriki amaituta, 1936an Francoren alde borrokatzeko hartu zuten tropa nazionalek, Donostian. Zestoara inguratu ziren batean, baina, alde egiteko ideiarekin hasi zen; pentsatu eta egin. Desertatzea heriotzaz zigortua egon arren, Eratsungo errotariaren semearekin batera hanka egin zuen, Leitza aldera. Mugaz bestaldera igaro zen gero, baina pasa eta gutxira, II. Mundu Gerra iritsi zen hara. Erresistentziarekin harremanetan, mugalari gisa jardun zuen Jauregik. Egunez soroan jarduten zuen lanean, eta gauetan alemaniar naziek eraisten zituzten hegazkinetatik salto egiten zuten militar aliatuak mugaz bestaldera eramaten zituen. 10-15 pertsonako taldeetan pasatzen zituen soldaduak Hego Euskal Herrira. Ahurtitik Nafarroako Morkatxeko bordara, Txaurikora eta Zugarramurdikora eramaten zituen, besteak beste.
Behin baino gehiagotan egon zen alemaniar nazien eskuetan erortzeko arriskuan, baina guztietan ere ihes egitea lortu zuen. «Nire bizia hanka arinek eta gezurrek salbatu dute» esan zuen 1997an, Gabiriako Makilari aldizkarian egindako elkarrizketa batean. Ez zuen mugalari gisa soilik jardun: 1944ko uztailaren 13an alemaniarren Miarritzeko hegazkin basea lehertarazi zuen, Breguet enpresan zuten biltegia, hain zuzen. Kanboko «mataderiko semearekin» batera egin zuen ekintza. «Alemaniarren abioiak saltatu genituen dinamitaz» esaldiarekin laburtu zuen Jauregik ekintza hura Makilarin.
1996an Frantziako Legioaren domina jaso zuen, mugalari gisa egindako lanagatik. Orduan esan ziotenez, 1.000 pertsona ingururi lagundu zien muga igarotzen; 606 militarrak ziren eta gainontzekoak zibilak. Jauregik aurretik lau aldiz ezezkoa emana zion domina jasotzeari, baina azkenean, Hurkain enbaxadoreak emanda jasotzea onartu zuen, berak mugan pasatu zuenetakoa zelako.
Sail honetak artikuloak: • Gogoratzearen garrantziaz
• Goierri okupatu zutenekoa
• Adelaida Prietori eta Jose Ramon Ibeasi elkarrizketa














