Osinalden Martikorena nagusi
Eñaut Martikorena hernaniarrak irabazi du Gabirian bertsolari gazteen 44. sariketa. Eneritz Artetxe bigarren izan da, eta bertso onena Gemma Urteagarena. Saioa, politaBertsokera eta arrazoiketa bereziak ditu Eñaut Martikorena bertsolariak. Bertsoa ik...
Eñaut Martikorena hernaniarrak irabazi du Gabirian bertsolari gazteen 44. sariketa. Eneritz Artetxe bigarren izan da, eta bertso onena Gemma Urteagarena. Saioa, polita
Bertsokera eta arrazoiketa bereziak ditu Eñaut Martikorena bertsolariak. Bertsoa ikaragarri azkar hasten du, erantzun zorrotzekoa da, eta umore puntu oso sarkorra dauka. Larunbat gauean Gabiriako Osinalde elkartean entzule asko harritu zituen. Onerako, beste estilo bat duelako, algarak gutxien esperotakoan eragiten dituelako. Kanta moldea ere oso berea du.Berritasun hori guztia saritu zuten 44. Osinalde Bertsolari Gazteen Sariketan. Epaileen puntuazioz bezala entzuleen gustuz, onena Martikorena izendatu zuten hernaniarra. Bi sariak bati ez emateagatik, bigarren sailkatu zen Eneritz Artetxek jaso zuen garaikurra.
Hirugarren partaidetza zuen Artetxek, nahiz eta Osinaldeko finalean estreinakoz aritu zen. Aztiri sariaren irabazle izan zen aurreko bi urteetan. Agurrerako sari polita, hiru aldiz gonbidatu ohi baitute antolatzaileek bertsolari bera. Xabi Igoak ere hunkituta eta esker onez bota zuen azken agurra, despedidakoa.
Bertso giroa, goi-goian
Gaueko hirugarren saria mahaian zen goierritar bakarrak jaso zuen. Gemma Urteagari eman zioten bertso onenaren garaikurra. Daukan gaitza sendatzeko botika egon bai, baina osasun publikoan sartzen ez eta berak ezin duela ordaindu jarri zion gaia Eñaut Asurabarrenak, bakarkako lanean. Bigarren bertsoa saritu zioten, «gaixotasunak ez nau hil behar, gobernuak hil behar nau» bukatuta.
Osinberde, Argi-Berri eta Aztiri sarietatik igarotako seikoa Jon Gurrutxaga azpeitiar eta kantari bikainak, eta Oihana Iguaran billabonarrak osatu zuten.
Ohi bezala, Osinade elkartea leporaino bete zen, entzulez. 200 bat lagun sartu ziren saiorako —afaltzen 116 ziren—. «Oso gustura aritu naiz. Bertsoren batek agian okertxeago ihes egin dit, baina nahiko erraz etorri zaizkit», zioen Martikorena irabazleak. «Bixi» kantatu zalea dela erantsi zuen, bukaeran.
Giroa «oso polita» iruditu zitzaion. Osinalden debutaria zen, nahiz iaz Aztirian kantatu zuen. Artetxek ere goraipatu zuen Gabiriako entzuleria: «Hitz batean esanda, itzela da. Bertso bat kantatu eta txalo zaparrada hori, halako erantzun ona… Nik uste dut beste inon ez dela aurkitzen gaur egun».
Irabazleari buruz, berriz, «artista» dela iritzi diote bertsotako kideek, aurkezleak eta epaileek. «Ariketa guztietan egin du zerbait. Hasieratik hasi da puntuei oso ondo erantzuten. Saioari euskarri bat eman dio. Baita Eneritzek, Gemmak… ere. Jendearentzat aurpegi, estilo eta sorpresa berriak izatea polita da», zioen Mikel Mendizabalek, larunbatean epaile arituak.