Artisautzari aitortza baserrian
Igartubeiti baserri museoak Goierriko bost artisau elkartu ditu ‘Denbora esku artean’ erakusketarako. Hurrengo urteko apirilera arte egongo da irekita.
Jakintza tradizionalaren eta sorkuntza garaikidearen arteko topagune bihurtu da beste behin Ezkioko Igartubeiti baserri-museoa, oraingoan, bere 25. urteurrenaren barruan ikusgai jarri duen Denbora esku artean erakusketarekin. Joan den astetik dago zabalik interpretazio zentroan, eta apirilera arte ikusi ahal izango da. Igartubeitik inguruko artisauekin jorratzen duen lankidetza estuaren beste erakusle bat da.
Erakusketa honetan, baserrian lantzen diren lau diziplina batu dituzte, zeramika, lihoa, artilea eta saskigintza hain zuzen, eta Goierriko bost emakume artisauk propio egindako obrak arduratzen dira horien lekukotasunak emateaz. Itsasoko Pott keramikako Jone Urain eta Maite Salutregik zeramikazko obra egin dute, Urretxuko Leire Santillanek lihoarena, Ataungo Sandra Clivillek artilearena, eta Zegamako Itziar de la Granjak saskigintza landu du.
Artisautzari balioa
Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiren koordinatzaileak azaldu duenez, «paisaiari, natur baliabideei eta bizimoduei lotutako memoria kolektiboaren parte da artisauen ezagutza», eta hori da erakusketaren bitartez transmititu nahi izan dutena, «gaur egungo gizarteak artisautzari dagokion balioa eman diezaion».
Bost emakume artisauek, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrotik ekarritako eta baserriko eguneroko bizitzari lotutako antzinako objektuekin «elkarrizketan» dihardute, «haien formak, erabilerak eta esanahiak gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatuz». Horrela, pieza garaikide bakoitza «oinordetzan hartutako objektu batekiko harreman zuzenetik sortzen da, iraganaren eta orainaren arteko zubi bat eraikiz».
Xabier Kerexeta Gordailuko Bildumetako eta Museoetako atalburuak artisauek haien obra egiteko aukeratu dituzten piezak ondarea direla esan du, baina gehitu du «beraiek egindako piezak ere jada ondarea» direla.
Nortasuna, lurraldea eta memoria
Bestetik, erakusketak eta bertarako sortu duten obra bakoitzak artisautzak izan duen eboluzioa aztertzen dutela nabarmendu du. Antzinatik orainera arte biziraun duten artisautza adierazpenak direla dio, «baina arriskuan dauden tradizioak dira, artisauek aukeratu dituzten piezek duten erabilera bezala. Lehen, baserriko objektuek eta artisautzak helburu funtzionala zuten, orain, ordea, asmo estetikoa gailentzen da».
Obren bitartez bost artistek «nortasunari, lurraldeari eta memoria materialari buruzko irakurketa berriak» sortu dituzte, eta erakusketak «egunerokotasunean arreta jartzera gonbidatzen du, ingurari berriro begiratzera».
2027an jarraipena
Denbora esku artean erakusketa 2027ko apirilera arte egongo da ikusgai. Baina Igartubeitiren eta artisauen arteko elkarlanak jarraipena izango du gero, artisauek haien diziplinari lotutako ikastaroak eskainiko dituztelako museoan.














