Hilketa Urolako Trena Maratoian
Haizea Lopez idazle bizkaitarrak Urolako Trena Maratoian kokatu du bere azken nobela.
Agatha Christie idazle britainiarraren nobela ezagunenetako bat Orient Expresseko hilketa da. Urolako Trenak ez zuen Orient Expressen luxurik eta glamourrik, baina sekulako xarma zuen. Berak ere nobela bat merezi zuen, eta badu azkenean. Haizea Lopez bizkaitarrak idatzi du eta El Club da bere izenburua. Bere liburuko istorioa aurtengo otsailean lehenengo aldiz egin den Urolako Trena Maratoian kokatu du.
Lopezek 100 nobela baino gehiago idatzi ditu, genero ezberdinetakoak. Los crimenes de Getxo (Getxoko hilketak) serie ezagunaren sortzailea da, besteak beste. Urolako Trena Maratoian kokatu duen istorioari dagokionez, protagonistak Club Atletico Getxo taldeko kideak dira. Guztiek zaletasun bera dute: korrika egitea. Elkarrekin entrenatzen dute. Kilometro asko egiten dituzte elkarrekin. Konfidentziak partekatzen dituzte… eta baita sekretuak ere.
Urolako Trena Maratoian parte hartzen ari direla, beraietako bat zerraldo eroriko da. Medikuek bihotza gelditu zaiola diote. Zorigaiztoko gertaera bat izan dela. Baina hurrengo lasterketa gerturatzen den heinean, gero eta garbiago dago Artabe ez dela kasualitatez hil. Beraietako bat lasterketa arriskutsuago batean parte hartzen ari al da?
Zergatik maratoian?
Lopezek galdera horri erantzuten dio liburuan, baina urretxuar eta zumarragarrentzat are garrantzitsuagoa den beste galdera bati ere erantzun beharra dio: zer dela eta girotu du bere nobela berria Urolako Trena Maratoian? «Korrika egitea gustatzen zait eta otsailean Zumarragara joan nintzen nire taldekideekin, Urolako Trena Maratoian parte hartzera. Aurtengo nobela eskuartean nuen. Hasita nuen, baina trabatuta nengoen. Ez nengoen eroso. Urretxu eta Zumarragatik itzuli nintzenean Urolako Trena Maratoiak istorio handi bat idazteko aukera ematen duela konturatu nintzen. Zergatik? Ibilbideagatik. Bidegorria, tunelak… toki aparta da hilketa baterako. Istorioa idazteari ekin nion eta hilabete gutxi batzuen ondoren zirriborroa prest nuen», oroitu du.
Idazle bizkaitarrak ez zuen Urolako Trenaren ibilbidea izan zena ezagutzen. «Ez nekien bidegorria horren polita zenik. Maiteminduta itzuli nintzen, benetan».
Lopez, liburuko protagonista bezala, Club Atletico Getxoko kidea da. «Nobelaren oinarria klubeko kideok Urolako Trena Maratoian bizitako esperientzia da. Istorioa Zumarragako landetxe batean, Urolako Trena Maratoiaren ibilbidean eta Getxon garatzen da. Zorionez, gu bizirik heldu ginen helmugara», dio txantxetan.

Aurkezpena
Liburua toki askotan aurkeztu du dagoeneko eta Urretxu-Zumarragara etortzeko asmoa ere badu, noski. «Asier Auzmendirekin hitz egiten ari naiz, maratoiaren antolatzailearekin, ekitaldi polit bat antolatzeko».
Urola ibaiaren bailarako bizilagunen tren maiteak badu bere nobela, azkenean. Orient Expressek bezala. Christieren nobelan oinarrituta, hainbat pelikula egin dituzte. Beharbada egunen batean Urolako Trenaren tunelak pantaila handian ikusiko ditugu…













