«Enpresetako belaunaldien arteko errelebo faltari irtenbidea bilatu nahi diogu»
Goierri STEAM LanBidean proiektua ondu dute Manzisidorrek eta Igarzabalek. Orain, Kutxa fundazioak diruz lagunduko die proposamena praktikan jar dezaten.
Jorge Manzisidor eta Juango Igartzabal.Idoia Zabaleta / FOKU Kutxa fundazioaren Gipuzkoa Aliantzan deialdian izena eman zuten Jorge Manzisidor (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) eta Juanjo Igarzabal (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977) Ordiziako Goierri Eskolako (Gipuzkoa) irakasleek. Goierri STEAM LanBidean proiektua aurkeztu zuten: helburua da gazteen artean STEAM bokazioak sustatzea —zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika—, eta etorkinen laneratzea eta gizarteratzea erraztea. Beste erakunde batzuekin batera osatu dute proiektua; tartean daude Goierri Valley-Goieki, Lortek, Maizpide euskaltegia eta Ikaslan fundazioa.
Zer gabezia edo behar antzeman zenituzten abiapuntuan?
JORGE MANZISIDOR: Hiru urtean behin hausnarketa estrategiko moduko bat egiten dugu, datozen urteetan Goierri eskualdeak zer behar izango dituen ikusteko, prestakuntzaren ikuspegitik. Horretarako, eragile guztiak elkartzen ditugu: udalak, enpresak, ikasleak, ikasle ohiak, gurasoak… Azkeneko azterketa egin ostean, jabetu ginen hurrengo urteetan inguruko enpresetako langile askok erretiroa hartuko dutela, eta atzetik gazte gutxi datozela erreleboa hartzeko. Arazoa ez da soilik Goierrin: arazoa orokorra da. Kontua da horrelako ikerketak egiten direnean askok esaten dutela etorkinek beteko dituztela lanpostu horiek. Baina zer gertatzen da? Bada, enpresek behar duten kualifikazio maila eta etorkinek dutena ez datozela bat. Beraz, esan genuen: «Zer egin dezakegu guk eskola gisa belaunaldien arteko erreleboari jarraipena emateko?».
JUANJO IGARZABAL: Hutsune hori betetzeko, etorkinak izan daitezke iturri bat, baina beste iturri bat ere bada gazteak eta bereziki emakumeak erakartzea STEAM bokazioetara.
Zer ekarpen egin duzue?
MANZISIDOR: Saiatu gara, hezkuntza aldetik, arazoari irtenbide bat ematen, jendea erakartzeko. Funtsean, enpresetako belaunaldien arteko errelebo faltari irtenbidea bilatu nahi diogu. Eta kontuan hartu nahi dugu euskararen ikuspegia ere. Badakigu ez ditugula euskaldunduko, baina, behintzat, euskararekiko gertutasun bat izan dezatela nahi dugu.
IGARZABAL: Euskara eta balioak. Kulturartekotasuna ere sustatu nahi dugu, eta gure tradizioak erakutsi.
Nola antolatu duzue proiektua?
IGARZABAL: Bost azpiproiektutan banatu dugu. Alde batetik, Maker Goierri izenpean, gazteak eskolara ekarri nahi ditugu, tailer teknologikoak egitera. Bestetik, STEAM arloan aritzen direnen aurpegiak ezagutarazi nahi ditugu, hau da, emakumeen eta jatorri ezberdinetako profesionalen testigantzak jaso eta zabaldu. Hala, STEAM arloan dabiltzan emakume batzuen esperientzia errealak ezagutuko dituzte zenbait emakumek. Bestalde, Industria Zabalik proiektua ere txertatu dugu, berritzaileena dena: ikasleak enpresetara eramango ditugu bertan praktika labur batzuk egitera.
MANZISIDOR: Eta beste biak dira kualifikazio maila ez duen jendearentzat. Enpresek eskatzen duten gutxieneko mailara gerturatu nahi ditugu. Hezkuntza arloan lege berri bat onartu da Lanbide Heziketan. Lege horrek bi gauza aldatzen ditu: alde batetik, ikasketa guztiak dual moduan jartzen ditu; eta, beste aldetik, ziklo bakoitza zatikatu egiten du. Horrek aukera ematen digu sistema dual bat egiteko. Ideia da bigarren mailako ikasleek lau ordu egitea klasean, eta lau ordu enpresan. Bestalde, ikasleak euskarara gerturatzea eta beraien beharrei zuzendutako orientazioa egitea ere bada gure helburua. Hau da, hemengo ohituretara eta hizkuntzara gerturatzea.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













