«Biltzarrean aztertuko da norantz eraman nahi ditugun euskararen politikak hurrengo 20-25 urteetan»
Euskararen egungo erronkei erantzute aldera, Jauzia Gara estrategia du Jaurlaritzak; asteon aurkeztu dituzte jarduera lerroak. Urtebete barru III. Euskal Mundu Biltzarra ere egingo dute. Biekin zer goldatu nahi duten azaldu du Aldasorok.
Aitor Aldasoro. Andoni Canellada / FOKU Jauzia Gara estrategiaren jarduera lerro nagusiak plazaratu berritan, solaserako tarte bat hartu du Aitor Aldasorok (Beasain, Gipuzkoa, 1967), Eusko Jaurlaritzaren egitasmo horren norabideaz jarduteko. Estrategiaren sendotasuna aintzat hartzeko eskatu du. Argudiatu du goi-goitik ari zaizkiola hauspoa ematen: «Lehendakaria gurditik tiraka dugu». Gizarte osoko bozak jasotze aldera, entzute prozesu bat ere abian jarri dute: «Eman behar dizkigu argiak». Eta urtebete barru III. Euskal Mundu Biltzarra egingo dute, Bilbon, mundu zabalera begira, beste hainbat hizkuntza gutxiturekin lankidetzan. Labetik atera berri, esperantzarako motibo izan daitezkeen berriak ere ekarri ditu elkarrizketara: ikasturte honetan Euskara Bonua jarri dute martxan —120 euro ordainduta lau urtez euskara ikasteko aukera ematen du—, eta, lehen datuen arabera, emaitza ona eman du: «Igoera egundokoa izan da». Ez dute, ordea, zenbatekoa izan den zehazteko daturik oraindik. Herrian bertan egin du elkarrizketa, Igartza jauregi dotorean.
Eskura dituzuen azken datuen arabera, beraz, euskaltegietako doakotasunaren bidean egindako urratsak fruitua ematen ari dira?
Bai, baina doakotasuna ez da helburua, erreminta bat da, gaur funtzionatzen duena, baina zorroztu behar dena egunero. Emaitzak ematen dituen bitartean ondo, baina behin eta berriz ikusi behar da doakotasun horri zer etekin ateratzen diogun. Euskara Bonuak zer lortzen du? Lau urteko konpromiso bat. Eta euskararen irakaskuntzan argi dago zenbat eta ikasturte gehiago pasatzen dituzun orduan eta trinkoagoa dela. Gero ikasle horiek kanpora ateratzen direnean, ordea, zer dago? Zerekin topo egiten dute? Hori da Jauzia Gara-k erakusten duena. Lan munduan, aisian, familian, hortxe pasatzen ditugu orduak, eta horiei haizea ematea tokatzen zaigu. Nahiko partekatua da diagnosia: mugikortasuna, digitalizazioa eta horiek hor daude, eta horien aurrean zerbait egin beharra dago, jauzi bat: apustu berri bat.
Horretarako da, hain justu ere, Jauzia Gara?
Bai, guk azken 50-60 urteotan egin dena kontuan hartu, aitortu eta eskertu egin nahi dugu, zeren eta gu hemen gaude norbaitek honaino ekarri gaituelako. Eta orain zer? Orain zerbait esan behar bada hitz handitan, zera esan behar da: ezagutza bermatu da, eta orain egin diezaiogun lekua erabilerari, bai digitalizazioan, bai eremu informaletan, eta beste hainbatetan, ohikoa eta prestigiozko zerbait izateko euskaraz aritzea.
Biltzar bat ere egingo da dinamika honen barruan: III. Euskal Mundu Biltzarra. Heldu den urteko urrian egingo da. Zer lanketa fasetan dago?
Biltzar asko egiten dira, kongresu asko; esaterako, Languages Lanean lan munduko bigarren kongresua egingo da ilbeltzean, Donostian. Baina hirugarren mundu biltzarrak badauka guretzat esanahi berezi bat. Lehendabizikoa, 1956. urtekoa, Agirre lehendakariak egin zuen. Bigarrena Ardanza lehendakari zela egin zen, 1987an. Orain, hirugarrena. Lehendakaria buru dela horrelako zerbait egiteak, ni, euskaldun eta euskaltzale gisa, harrotu egiten nau. Biltzarra mugarri bat izango da, eta aztertuko da norantz eraman nahi ditugun euskararen politikak hurrengo 20-25 urteetan. Gizartea aktibatu nahi dugu, eta hainbat ildo jarri ditugu, lan mundura edo aisialdira begira, adibidez.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













