Legazpiko Elbereth taldeak Su Ta Garrekin joko du larunbat honetan, 22:30ean, bere herriko gaztetxean. Taldeko kideek eibartarrak miresten dituzte eta «pozik» daude beraiekin jo behar dutelako.Su Ta Garrek Euskal Herriko gainontzeko metal taldeei bid...
Legazpiko Elbereth taldeak Su Ta Garrekin joko du larunbat honetan, 22:30ean, bere herriko gaztetxean. Taldeko kideek eibartarrak miresten dituzte eta «pozik» daude beraiekin jo behar dutelako.
Su Ta Garrek Euskal Herriko gainontzeko metal taldeei bidea ireki zien eta, hala, ohorea da guztientzat eibartarrekin jotzea. Larunbat honetan Legazpiko Elbereth taldeak joko du beraiekin, herrian bertan gainera. Emanaldia 22:30ean izango da, gaztetxean.
Elbereth ere talde beteranoa da eta izen handia du Euskal Herriko metal zirkuituan. Ez da Su Ta Garrekin joko duten lehen aldia. Duela urte batzuk Irurtzunen jo zuten eibartarrekin. Baina oraingoan herrian joko dute.
Elbereth Aritz Legorburu baxu-jotzaileak, Iker Manso abeslari eta gitarra-jotzaileak, Ruben Sanchez eta Iker Otegi gitarra-jotzaileek eta Xabier Etxeberria bateria-jotzaileak osatzen dute. Taldea 1999an osatu zuten. Izena Eraztunen Jauna liburutik hartu zuten. Elbereth izarretako jainkosa da. Hasieran heavy klasikoa jotzen zuten, gazteleraz. Ondoren, euskara hartu zuten hizkuntza bezala eta beraien musika gogortu egin zuten.
Egun, Iker Mansok konposatzen ditu kantak. Ez zaie gustatzen abesti guztiak oso antzekoak izatea. Hori dela eta, trash-metala eta metal-corea ere jorratzen dituzte. Letrei dagokienez, gai sozialak eta politikoak lantzen dituzte.
Duela urte batzuk Irurtzungo lehiaketa irabazi zuten eta hiru disko atera dituzte. Laugarrena datorren urtean argitaratuko dute. Urtean 20 bat kontzertu ematen dituzte. Estatu espainiar osoan jo dute.
Dagoeneko ez zaie garai batean bezain erraza suertatzen musika jotzeko elkartzea, baina ez dute musika uzteko asmorik. «Aspaldiko lagunak gara eta musikak elkartzeko balio digu».
Su Ta Gar, erreferentzia
Talde asko entzuten dituzte. Tartean Su Ta Gar, noski. Oso pozik daude eibartarrekin jo behar dutelako. Eta, batez ere, kontzertua Legazpiko gaztetxean delako. «Duela urte batzuk, Su Ta Garrekoak Legazpiko jaietara ekarri genituen eta oso gustura gelditu ziren. Ordutik, beraiekin harremana dugu. Gaztetxean jotzea eskaini genien eta, azkenean, etorriko dira», aipatu dute Elbereth taldekoek.
Gogo handiarekin joko dute. «Gaztetxean jotzea gustukoa dugu eta oraingoan, gainera, Su Ta Garrekin joko dugu. Gaztetan erreferentzia bat izan ziren guretzat. Egun beharbada ez dira erreferentzia bat, baina beraien lana jarraitzen dugu. Urtero beraien bi edo hiru kontzertutara joaten gara. Iker eta biok Donostiako Piratek antolatu zutenera joan ginen. Bukatu eta berehala, etxera itzuli ginen. Beste talde bategatik ez dut egiten», esan du Legorburuk.
Sanchezek gogoratzen duen lehen kontzertua eibartarrena da. «Zumarragako Zelai Arizti pilotalekuan jo zuten. Sekulako kontzertua izan zen».
Pop-rocka egin gabe, musikatik bizi den euskal talde bakanetakoa dela eta Estatu espainiar mailan kritikari guztien mirespena irabazi dutela ere azpimarratu dute. Su Ta Gar eta Elbereth taldeekin Euskal Herriko metal musika salbu da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.