Luzio Gabiriaren omenezkoa
Bihar Luzio Gabiriaren Omenezko 28. Bertso Jaialdia egingo dute Zelai Ariztin. Nerea Elustondo, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina eta Agin Laburu ariko dira bertsotanSanta Lutzi bezperan ohikoa den bezala, Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia eg...
Bihar Luzio Gabiriaren Omenezko 28. Bertso Jaialdia egingo dute Zelai Ariztin. Nerea Elustondo, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina eta Agin Laburu ariko dira bertsotan
Santa Lutzi bezperan ohikoa den bezala, Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia egingo dute bihar. Zelai Arizti aretoko oholtza gainera igoko dira Sustrai Colina, Nerea Elustondo legazpiarra, Beñat Gaztelumendi eta Agin Laburu. 22:15ean hasiko da saioa, baina ordubete lehenago irekiko dute leihatila, sarrerak erosi ahal izateko. Sarrera arrunta hamar euroan salduko dute; gazte txartela erakutsita, zazpi euroan.Urretxu Zumarragako bertso eskolak antolatu du jaialdia. Gabiria hil zen urtean antolatu zen lehen aldiz, eta dagoeneko 28. jaialdia izango da biharkoa. «Bertso munduarekin lotura estua izan zuen, eta lan handia egin zuen bertsolaritza sustatzeko, gazteengan zaletasuna hedatuz, txapelketak antolatuz, bertsoak kantatuz…», adierazi du Gorka Azkaratek, bertso eskolako kideak.
Biharko jaialdian Gabiria gogoratzeko eta bertsoaz gozatzeko aukera izango dela nabarmendu du Azkaratek, «puntako bertsolariekin». Gaztelumendi eta Laburu Gipuzkoako txapelketako finalean izango dira, abenduaren 19an. Elustondo, berriz, finalerako ateetan geratu da, puntu gutxi batzuen faltan. Colinak, bestalde, Euskal Herriko txapelketan abestu izan du. Laukotearen maila altua, hortaz, ez dago dudan jartzerik.
Ikasleak ere kantuan
Gai jartzaile lanak bertso eskolako kideek egingo dituzte, aurreko urtetan bezala. Gainera, bertso eskolako ikasleek ere parte hartuko dute jaialdian, hainbat bertso botaz. Hala, lehen lerroko bertsolariekin batera kantuan aritzeko aukera izango dute.
Saioaren amaieran bertako produktuez osatutako Gabonetako saski bat zozkatuko dute jaialdirako sarrera erosi dutenen artean. Sarreran bertan egongo da zozketarako zenbakia.