'Herri txiki, infernu handi' telebista saioa Zaldibian
Euskal Telebistak bihar grabatuko du Herri txiki, infernu handi saioa Zaldibian, gero emitituko dutena. Bide batez, aurreko astean Pagadik eta Gurrutxagak egindako elkarrizketen bideoak emango dituzte. 20:00etan hasiko da, Restin.
Zaldibiaren izenarekin hitz jokoa eginez, Citroen bi zaldi batean iritsiko dira Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga herrira —izenaren etimologia hori ez dela argituko dute—. Ondoren, makina bat zaldibiar elkarrizketatuko dituzte, kontu bitxiak, jakingarriak eta «sorpresak» ere tartean direla.
Biharko ikuskizunean, Pagadiren eta Gurrutxagaren ateraldiak, Sebastian Lizasoren bertsoak eta Zaldibian lehengo astean grabatutako erreportajeen emanaldia izango dira.
Pagadik elkarrizketatuen artean, Roman Elosegi idizalearekin egon zen, baita Jaiak mozorro dendan ere. Ahuntz azpigorriak ere erakutsiko ditu, eta Zaldibiako baserrietan egindako sagardoak probatuko du.
Gurrutxagak Illatin mondeju zuria jango du, eta han elkartzen den kuadrilla bat aurkeztuko du. Jexux Mendizabal Kaskagorri artzainarekin ere hitz egin zuen.













