Araiztegi-Mendizabal garaile
Zeraingo lehenengo 'Bertso txiki, saio handi' bertso desafioa Eneko Araiztegi segurar gazteak eta Mikel Mendizabal itsasondoar beteranoak osatutako bikoteak irabazi du.Belaunaldi desberdinetako bertsolariek eta bertso zaleek bat egin dute Zerainen, Zer...
Zeraingo lehenengo ‘Bertso txiki, saio handi’ bertso desafioa Eneko Araiztegi segurar gazteak eta Mikel Mendizabal itsasondoar beteranoak osatutako bikoteak irabazi du.
Belaunaldi desberdinetako bertsolariek eta bertso zaleek bat egin dute Zerainen, Zerainlabek antolatutako Bertso txiki, saio handi bertso desafioan. Neurri txikiko bertsoak osatuz saio handiak osatu dituzte bertsolariek.Aurretik sailkatutako Eneko Araiztegi segurar gaztea eta Mikel Mendizabal itsasondoar beteranoa, Aratz Igartzabal gabiriar gaztearen eta Xabier Zeberio itsasondoar beteranoaren aurka aritu ziren. Finalaren egunean ere, ohiko formatuari eutsiz, hiru saio egin zituzten bertsolariek. Finalerako sailkatu ez baina gonbidatu moduan Maialen Akizu urretxuar gaztea eta Iñaki Murua gabiriar beteranoa ere lagun izan zituzten azkeneko saioan.
Etxaluze eta Insausti
Epaimahai berezia izan zuten bertsolariek aurrean: entzuleak. Beraiek erabaki zituzten lehenengo edizioko irabazleak nortzuk izango ziren: Araiztegik eta Mendizabalek 85 boto jaso zituzten eta Igartzabalek eta Zeberiok 70. Beste bi bertsolari beteranoren eskutik jaso zuten saria: Zeraingo Joxe Mari Etxaluze eta Segurako Joxe Insausti. Eskerrak eta zorionak emanez bertso bana kantatu zuten.
Aurreko bi kanporaketetan bezala, finaleko bazkarian ere ondo erantzun zuten zeraindarrek. Eguerdian ehun bat lagun elkartu ziren pilotalekuan antolatutako bazkarian: «Haur jaioberrietatik hasi eta 80 urte baino gehiagoko jendea elkartu zen», dio Ion Muñoak.
Antolatzaileek gaineratu dutenez, «larunbatekoa oso ondo joan zen. Aurten lehen aldiz antolatuta, nola joango zen zalantza puntua bagenuen, baina aurreko bi saioei jarraituz, ginda ederra jarri zitzaion larunbatean», gaineratu dute.
Umore handiko eta bertso mailako saioak izan dira eta bertso desafioaren formatuarekin gustura daude: «Tabernetan eta sagardotegietan oso giro berezia sortzen delako. Oso bertsozalea ez den jendea ere bertsoaz gozatzen ikusi genuen». Datozen egunetan parte hartu duten bertsolariekin balorazioa egingo dute, «datozen urteetara begira nola ikusten duten jakiteko».
Zerainlab ere pozik dago herriko jarduera ekonomikoan eragitea lortu duelako: «Bertso txiki, saio handi desafioarekin 6.000 euro pasatxoko eragina sortu dugula kalkulatzen dugu».