Zaldibian lehen Zapi Janztea bertso-afaria antolatu dute, ostiralerako. Entzuleek izendaturiko bertsolari onenari zapia jantziko diote, txapela beharrean. Berdintasunaren bidean, pauso bat.
Irabazleari txapela janzteak arrazoi bakarra dauka: gizonezkoak izan zitezkeelako, nonbait, aurrenak, onenak, indartsuenak. Eta emakumezkoak ez zirelako —ezin zutelako— haiekin buruz buru lehiatzen. Bestela, zapiak malkoak lehortzeko baino gehiagorako izan zitezkeen.
Zapiaren —eta, ondorioz, emakumeen— gutxiespenarekin gogaituta, egoera iraultzea pentsatu du Zaldibian sortu berri duten Zapiak Bat Kultur Elkarteak. Udazkeneko I. Zapi Janztea bertso-afaria antolatu du, ostiralerako. Ez da lehiaketa, are gutxiago txapelketa. Entzuleek saioko bertsolari gustukoena aukeratu ahalko dute. Eta irabazleari zapia jantziko diote.
«Denok gaude ohituta irabazleari txapela janzten ikusten. Baina zapia ezkutuan dago, eta agerira atera nahi dugu. Bere lekua aitortu, eta izan dadila ohorea zapia janztea ere, txapela den bezalaxe», azaldu du Zapiak Bateko Alaitz Sarasolak.
Bertso-afari «normala» izango da, berez. Bi emakumezko eta bi gizonezko ariko dira kantuan, afaldu ondoren, mahaiaren bueltan: Agin Laburu, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi. «Zaldibia oso herri bertsozalea da. Beste saio batzuk ere egiten dira urtean zehar, baina jaialdirik ez, zortzi bertsolarikoak eta. Guk, bertso afaria baino gehiago izango zena egin nahi genuen, lau lagunekin».
Saioaren zati batean gaia emanda jardungo dira, eta beste zati batean librean. Puntuaziorik ez dute zehaztuko, ez delako epaimahairik egongo. Afaltiarrei txartel bana emango diete, bukaeran izena idazteko. Zapidunak, hurrengo urteko saioan errepikatuko du berriro.
Kultura eta berdintasuna
Entzuleei boza emanda, hurrengo urterako gonbidatu bat aukeratzeko modua utziko diete. «Bestetik, keinu bat egin nahi dugu berdintasunaren alde, pauso bat aurrera emanda», dio Sarasolak.
Bertso saioa antolatzeko eta diru laguntzak jaso ahal izateko euskarri izateko sortu dute Zapiak Bat elkartea, hiru lagunek: Idoia Sarasolak, Karmele Etxabek eta Alaitz Sarasolak.
Oraingoz, ostiraleko bertso afaria dute jomugan, baina ez dute ekimenerako biderik itxi. «Zeinek daki, orain bertso afari batekin hasi denak, gero urtean zehar ekitaldi gehiago antolatuko ez dituenik, bai bertsoekin, bai berdintasunarekin lotuak».
Izan ere, helburua garbi dute: kultura eta feminismoa uztartzea. Txapelak eta zapiak berdinduz hasiko dira.
Zapi janztea
· Saioa. Udazkeneko I. Zapi Janztea, bertso afaria.
· Herria. Zaldibia.
· Tokia. Zubi-Buru elkartea.
· Eguna. Ostirala, urriak 20.
· Ordua. Afaria 21:00etan, eta saioa 22:30ean.
· Bertsolariak. Agin Laburu, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi.
· Txartelak. 25 euro. Joxepanen, Beti Gazten eta Illatin salgai, asteazken iluntzera arte.
· Antolatzailea. Zapiak Bat K.E.