Aitor Sarriegi, finalera
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken saioan, BECen izango da beasaindarra, hirugarren aldiz. Agurreko urtea du. Iruñeko finalaurrekoa irabazi du, eta zazpi tokien lehian 5. sailkatu daIruñean larunbatean jokatu zen azken finalaurrekotik hiru bertso...
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken saioan, BECen izango da beasaindarra, hirugarren aldiz. Agurreko urtea du. Iruñeko finalaurrekoa irabazi du, eta zazpi tokien lehian 5. sailkatu da
Iruñean larunbatean jokatu zen azken finalaurrekotik hiru bertsolari sartu dira finalera. Tartean, saioan lehenengo, Aitor Sarriegi beasaindarra. Bertsolari Txapelketa Nagusian hirugarren finala izango du, herrenkadan, 2009ko eta 2013koen ondotik. Seigarren Txapelketa Nagusia du, eta azkena izango zuela iragarri zuen hasi aurretik. Kanta ditzakeen saio guztiak kantatuta erretiratuko da txapelketatik. Txapelaren demara irabazita sartu da; 2013an ere, Oiartzunen, lehen itzulian bat irabazi zuen.Hiru bertsolari nabarmendu dira Iruñeko Anaitasunan, 3 punturen barruan. Sarriegik irabazi du saioa (698,5 puntu), atzetik Aitor Mendiluze (696,5) eta Unai Agirre (696) zituela. Hiru horiek jauzi egin dute, eta Agirre izango da finalean berria. Gainontzeko zazpiak 2013koan aritu ziren (bost 2009an ere bai).
Oihana Iguaranek ere Iruñean kantatu zuen, eta seigarren geratu zen (646). Ez zuen bestetako distirarik aurkitu. Antzeko puntuazioa lortu zuten beste bi bertsolariek: Miren Amuriza laugarren (652) eta Alaia Martin bosgarren (649,5).
Azkeneko finalaurrekoa zenez, finalera zein zazpi bertsolari igaroko ziren ere larunbatean argitu zen. Jon Maia geratu da muga kanpotik eginez (1.356,5 punturekin), Agirre zazpigarrenak baino 7 puntu gutxiagoz. Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), abenduaren 17an jokatuko da Euskal Herriko 17. finala.
Kartzelakoa umoretik
«Merezita» irabazi zuen Iruñeko finalaurrekoa Sarriegik, Gorka Azkarate kronikari urretxuarrak idatzi duenez: «Bakarkako gogoangarri bat, beste behin ere, azkenean doinu xelebre hori gustatu eta dena egingo zaigu!. Bakarka bakarrik ez, puntuka ere latz egin zuen, eta hamarreko txikian… saio ederra finean». Aurtengo txapelketan atera du doinu berria Sarriegik.
Gustura da Sarriegi, finalerako txartela lortuta. «Lasaitu handia hartu dut; hain eskura sekula eduki gabe nengoen aurrez, eta horrek ere sortzen du beldu eszeniko bat. Baina ondo eutsi diot». Umoretik asko jo zuen, baita kartzelakoan ere, Ezkutatu egin zara, ikusi ez zaitzaten gaiari txinparta ateraz eta algarak eraginez. Estresagatik lanetik bajan dagoenean, parrandan dabilela nagusiarekin topo egindakoaren gora-beherak kontatu zituen.
Bertsotan «nahi baino narrasago» aritu zela aitortu du Sarriegik, eta saioan goia inork ez zuela jo iruditu zitzaion. Sentsazio hori beste bertsolariek ere adierazi zuten.
Oihana Iguaran, bere aldetik, «arraro» sentitu zen. «Deskolokatuta eta gris, hartutako bidea borobildu ezinik». Lehen txapelketa nagusia izan du, eta azken saioraino finalerako borrokan izan da. «Bere nobata eta freskura» guztiekin, nota oneko estreinaldia egin du.