Bertso Eskolatik Bertsozale Elkartera

Goierriko Bertsozale Elkartea

Goierriko Bertsozale Elkartea aurkeztu dute gaur iluntzean, Beasaingo Igartzako jauregian, Goierriko Bertso Eskolaren jarraipen gisa, eta Odei Igual beasaindarrak egindako logotipoa berriak lagunduta. Ainhoa Mujikaren esanetan, “elkartea 1982an sortu zen. Ibilbide luzea eta oparoa izan du hortaz. Eta gaur egun aldaketa garaian gaude. Belaunaldi aldaketarekin batera, elkartea berrantolatzeari ekin genion duela pare bat urte. Sorrerako kideen, haien ondoren lanean aritutakoen eta belaunaldi berrien artean hausnarketa luze bat egin eta gero, egun esku artean proiektu berri bat daukagula esan dezakegu”.

Honela, Goierriko Bertso Eskola zena, Goierriko Bertsozale Elkartea da orain, Legorretatik hasi eta Legazpirainoko herri guztietako bertsozaleen elkartea. “Orain arte Legazpi eta Urretxu-Zumarragakoekin elkarlanean ari garen arren, hemendik aurrera, bat eginda aritu nahi dugu”. Horrekin batera, izen berriarekin “elkartea bertso eskola baino gehiago dela adierazi nahi dugu. Zalantzarik gabe, gure ikasle taldeak sustatzen eta indartzen jarraituko dugu, baina Goierriko bertsozaleei eskolez gain aukera gehiago eskaini nahi dizkiegu”. Besteak beste, urtean zehar hitzaldiak, ekitaldiak eta saioak antolatuko dituzte.

Izenaz gain, irudia ere berritu nahi izan dute. Goerriko gaztetxoen artean egindako lanen artean, Odei Igual beasaindarraren logoa aukeratu dute etapa berrirako.

 

Eskerrak eman

Elkatearen asmo berrien aurkezpena, “sortzaileei eta orain arte hainbeste lan egiten duen jendeari eskerrak emanez” amaitu dute, “eta aldi berean, belaunaldi berriei ongi etorria” emanez. “Ateak zabalik ditugu lagundu eta parte hartu nahi duen edonorentzako”.

Matrikulazioa

Momentu honetan, matrikulazio kanpaina martxan dago eta urriaren 11ra arte izena emateko aukera dute haurrek zein helduek. Ordizia, Zaldibia, Beasain, Ataun, Segura, Gabiria, Urretxu-Zumarraga eta Legazpin dituzte taldeak. Ane Belokiren esanetan, “herri gehiagotara iristea gustatuko litzaiguke”.

 

 

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend