"Uste dugu gehiengoak gu hauteskundeetan egotea nahi duela"
Aitor Garmendia (Zumarraga, 1973) Zumarragako Ezker Abertzaleko kidea da eta legealdi honetan ilegalizatutako alderdiko zinegotzia izan da.
Zeintzuk dira Zumarragako ezker abertzalearen erronkak?
Euskal Herria momentu historikoa bizitzen ari da eta nazio mailan ditugun erronkak berebiziko garrantzia dute guretzat, baina inoiz ez diogu muzin egin herri mailako ardura eta lanari, are gehiago beti uste izan dugu benetako herrigintza eta eraldaketa auzoetatik, herrietatik hasten dela. Badago hor ezinbestekoa den lotura bat.
Horregatik Zumarragara begira gure erronka nagusia horixe da, jendarteari helarazi behar diogu ilegalizatuak egon garenean ere lanean segi dugula, udaleko gaiak jarraitu ditugula eta orain hurrengo hauteskundeen atarian Zumarragako herriari emateko asko dugula, lana, ardura eta onestasuna beti izan dira gure marka eta hori eskaintzen diogu herriari.
Legalak izan zineten azken hauteskundeetan 1999, hiru zinegotzi izan zenituzten. Uste al duzue gaur egungo osoko bilkuraren osaketa erreala dela?
Uste dut argi dagoela ezetz, herritaren %15aren inguru beraien aukera politikorik gabe uztea beti izango da aniztasunarentzat galera bat.
Gainera “espazio” politikoaren murrizketa bat ere badago, gure aukera, abertzale eta ezkertiarrena ez du inork bete, eremu hori hor dago eta garrantzitsua da Udalean ordezkatua egotea, udal politika baldintzatzen duelako. Bestalde, azken legealdian PSE-EEk izan duen gehiengo absolutua ez da batere onuragarria izan, guk ordungo emaitza horiek errepikatzen edo hobetzen baditugu, hori espero dugu eta, Udalaren konposizioa errealagoa izateaz gain, dinamikoagoa, ñabardura gehiago dituena izango da.
Ilegalizazio garaian fase ezberdinak bizi izan dituzue. Egoera horretan lan egitea eta lan egiten jarraitzea erraza al da?
Erraza, erraza, …. egia esateko ez, noski. Alde batetik herritarrei begira hor dago zertarako, kalean bazaudete galdera ezta, zure lanak balio duela eta Zumarragari eskaintzeko asko daukagula jakinarazteko saiakera berezia egin behar izan dugu. Bestalde, lanerako baldintza objektiboak garrantzitsuak dira eta ez naiz bulego eta eserleku bati buruz hitz egiten ari, baizik, informazioa, harremanak eta udalaren barne dinamikaren parte izatea. Zentzu horretan aldea nabaritu genuen oraingo alkateak, Mikel Serranok, fisikoki Udaletik kaleratu eta informazio eta partaidetza bideak itxi zizkigunetik. Hitz potoloak erabili zituen kaleratzea justifikatzeko, baina benetako helburua aipatutako baldintza horiek mugatzea zen, gure lana oztopatzea.
Orduan, zuei dagokizuenez behintzat aldea egon da Antton Arbulu alkate ohiaren eta Serrano alkatearen artean.
Ez zaigu ahazten azkenean alderdien legea aurrera atera zuen PSE-EE alderdiko ordezkariak direla biak eta ilegalizazioa udalean Arbururen garaian jarri zela abian. Baina badago beste maila bat “alkatearen rola” delakoa alegia, eta hor aldea izugarria izan da, aurrez aipatutako kaleratzeaz gain, jarrera kontua da, biak izan daitezke pertsonalistak baina Serranok norbaiten aurrean bere burua justifikatu beharra edukiko balu bezala jokatu du. Hori ez dugu guk soilik nabaritu, ikusi besterik ez dago oposizioko alderdiak nola tratatu dituen eta udal barnean ere lanerako giroa ez da egokiena izan. Hori nabaritu egiten da.
Uste al duzu Zumarragan indar abertzaleen metaketa posiblea dela?
Ezkertiar independentistok akordioak sinatzen ari gara. Benetako aldaketa politiko eta sozialerako alternatiba osatzen ari gara. Zentzu horretan Zumarragan Gernikako Akordioa aurkeztu genuen orain dela aste batzuk, hori hor dago eta fruituak eman ditzake. Zumarragako kasuan batuketa hau garrantzitsuagoa da, alderdi konstituzionalista-espainolak gure inguruan baino indar gehiago daukatelako. Gaur egungo udalbatzarekin jarraitzen badugu, argi dago ezin dugula aldaketarik espero, PSOE egoera politiko honetan oso gustura dagoelako, eta EAJ agintean egongo balitz Serranok egin dituen gauza berdinak egingo lituzkeelako, ez dugu ahaztu behar politika sozial, ekonomikoetan ados daudela. Ezkerreko ikuspegia falta da.
Urretxuko eta Zumarragako ezker abertzalearen arteko elkarlanik ba al dago?
Noski. Gure ikuspegia Zumarragakoa da, baina argi dago ondoan dugun herriarekin gauza asko konpartitzen dugula, hirigune bakarra osatzen dugulako. Herri programa egiteko orduan hau kontuan hartzen da, zeren eta ez dauka zentzurik jarduera desberdinak eramateak zenbait gaietan, adibidez Arcelorren keari dagokionean, edo euskara sustatzeko planteamenduetan. Zer esanik ez Estatuaren erasoei erantzuteko edo presoen alde burutzen diren ekimenetan edo legalizazioa eskatzerako orduan.
Ezker Abertzaleak bere marka berria erregistratuko du asteazkenean, Madrilen. Zein uste duzu dela zuen alderdiak bakegintzan jokatuko duen rola?
Gu aldebakarreko mugimenduak egiten ari gara azkenaldian. Zutik Euskal Herria ebazpenean proposatutakoak. Helburua egoera desblokeatzea da, Euskal Herria bake eta demokrazian oinarritutako eszenatoki batera eramateko. Nazioarteko eragile esanguratsuak ere prozesu hau laguntzen ari dira. Baino inportanteena da euskal herritarrek hartuko duten jarrera. Jendartearen mobilizaziorik gabe ezinezkoa izango da egoera aldatzea. Madrilen ikusi behar dute hemen herri bat dagoela bere eskubideak dituena. Hauteskundeetan aukera paregabea izango dugu aldaketa hau bultzatzeko. Eta ezker abertzalearen alderdi berria bertan egon ahal izateko, euskal herritarren gehiengoak hori nahi duela adierazi behar du, eta guk uste dugu gehiengoak gu hauteskundeetan egotea nahi duela.