Isiltasunari ahotsa emanez [eta argazki galeria]
Herri minez hiltzen direnak hilezkor bihurtzen dira. Hala dio pasa den astetik Legazpiko udaletxearen atzealdean ikus daitekeen oroimenaren plakak. 36ko gerraren garaian EAJren Legazpiko buru izan zen Estanislao Gisasolaren hitzak dira; ondo laburbiltzen dute azken egunetan Legazpin burutu dituzten ekintzen zentzua. Pasa den igandean Ormakiora egin zuten ibilaldiak itxi du 36ko gerran faxisten aurkako borrokan hil ziren legazpiarrak eta haien senideak omentzeko ekintzen egitaraua. Ez dira bukatu ordea ikerketak, argitaratu berri duten liburuak hizketarako gai asko emango baitu oraindik Legazpiko sukaldeetan. Gerraren biktimak omendu dituzte, dramatismoetan erori gabe, eta ikasgaia burdinezko plaka batean iltzatu dute udaletxean. Ormakio inguruan eman zieten pasa den igandean ekintzei amaiera. 1936. urtean leku hartan prestatu zuten milizianoek Legazpiren lehen defentsa, eta Zegamatik zetozen nazionalekin ere han izan zituzten lehen borrokak. Pasa den igandean berrehun bat legazpiar bildu ziren, txalapartaren, bertsoen eta txistu hotsen laguntzaz, orduan gertatutakoak ezagutzeko asmoz. Aitor Ibañez de Garatxana, Jose Luis Ugarterekin eta Iñaki Iurrebasoren koordinazioarekin, Legazpi 1936 ekimenean lanean aritu da. Berak azaldu zuenez, «trintxerak jada ez dira existitzen, ez dira kontserbatu. Faxistak Zegaman zeuden, eta defentsa lerroa Ormakiotik Ormaiztegira luzatzen zen. Pinudian ibilita, lubakien arrastorik soma daiteke, lurrean dauden franja modura». Pinuek eta mendi pistek gerra eskenatokia itxuraz aldatu dute. [...]
Pasa den igandean Ormakiora egin zuten ibilaldiak itxi du 36ko gerran faxisten aurkako borrokan hil ziren legazpiarrak eta haien senideak omentzeko ekintzen egitaraua. Ez dira bukatu ordea ikerketak, argitaratu berri duten liburuak hizketarako gai asko emango baitu oraindik Legazpiko sukaldeetan. Gerraren biktimak omendu dituzte, dramatismoetan erori gabe, eta ikasgaia burdinezko plaka batean iltzatu dute udaletxean.
Ormakio inguruan eman zieten pasa den igandean ekintzei amaiera. 1936. urtean leku hartan prestatu zuten milizianoek Legazpiren lehen defentsa, eta Zegamatik zetozen nazionalekin ere han izan zituzten lehen borrokak. Pasa den igandean berrehun bat legazpiar bildu ziren, txalapartaren, bertsoen eta txistu hotsen laguntzaz, orduan gertatutakoak ezagutzeko asmoz.
Aitor Ibañez de Garatxana, Jose Luis Ugarterekin eta Iñaki Iurrebasoren koordinazioarekin, Legazpi 1936 ekimenean lanean aritu da. Berak azaldu zuenez, «trintxerak jada ez dira existitzen, ez dira kontserbatu. Faxistak Zegaman zeuden, eta defentsa lerroa Ormakiotik Ormaiztegira luzatzen zen. Pinudian ibilita, lubakien arrastorik soma daiteke, lurrean dauden franja modura». Pinuek eta mendi pistek gerra eskenatokia itxuraz aldatu dute. Larrosain inguruan ere lubakien aztarnarik soma omen daiteke.
Defentsa lerro horren helburua ahal zen denbora gehienez eustea izan zen. «Armekin eta ondo antolatuta astebete iraun zezaketen, baina 3 egunetan erori ziren. Hurrengo defentsa lerroa Korostikoa zen, eta horrek egun erdiz iraun zuen» jakinarazi zuten. Aztiriatik hasita, milizianoen posizio guztia hartuz joan ziren nazionalak. «Ez zegoen aurre egiteko armarik, eta haiek iristean, frontea Elgetan egonkortu zen».
Tomas Zubizarreta urretxuarraren agindupean gauzatu zen herriaren ebakuazioa ere nabarmendu zuten igandeko ibilaldian. Defentsa lerro osoaren kargu egin zen Zubizarreta, eta egun haietan «defentsei ondo eutsi zien». Hala, herria ebakuatu egin ahal izan zuten.
Jose Luis Ugartek gehitu zuenez, «trintxera nagusiak Ormakion egon ziren, egun pinudia dagoen lekuan. Tropak zaintzen inguru guztian ibili zirela ere esaten dute». Hala, ezagutarazi zuenez, Arranoaitzen adibidez, ez zen lubakirik jarri, baina bai ordea Larrosainen edota Haizalekuko hegaletariko batean.
Askori oroitzapenek oraindik ere min eman arren, igandeko ibilaldian legazpiarrek jai giroan gogoratu zituzten 1936an eroritakoak. Horren erakusle da Bittor Agirre bertsolariak kantatutako bertsoa:
Hemen etsaitu ziraden asko
lehenago ziranak lagun
ekaitzpe beltza izandu zala
iruditan da ezagun
hainbat urteetan tristura sartu
ta bizitzen ginen ilun
gaur ez daukagu fronterik eta
alai pasatu dezagun.
Aste osoko ekitaldiak
Pasa den asteartean aurkeztu zuten Legazpi 1936 liburua, Iñaki Iurrebasok, legazpiar lan talde baten laguntzaz, koordinatu duena. Hiru urte baino gehiagoko lana izan da, 75 urtetan ixildutakoak jasotzen dituena. Izenak eta abizenak jartzen dizkiete oroitzapenei, belaunaldi berriek ezagutu ditzaten.
Ostiralean berriz, ez-ohiko udalbatzarra eta omenaldia egin zituzten udaletxean. Plaka oroigarria ere jarri zuten, eta gerrako biktimen senitartekoei ere hitza eman zieten, 75 urte geroago. Senideen izenean Adelaida Prietok eta Rodrigo Gartziak hitz egin zuten. Azken honek «injustiziaz betetako tunel beltz eta luze bat» bezala definitu zituen azken 75 urteak. «Denbora luzea da, baina ez da berandu egiten. Berandu bada ere, oroimen hori berreskuratzeko unea» iritsi dela esanez bukatu zuen Gartziak.
Gerran hil zioten aitonari erreferentzia eginez, «amona hemen harro» egongo zela esan zuen. «Sekula santan ez gara lotsatu, baina urte luzeetan isildu egin behar izan dugu. Ez ninduten gorrotoan hazi, baina hainbat gauza ezin dira ahaztu. Espero dut, gaurko egunez, tunel beltz luze horri bukaera jarriko diogula, plaka honekin, eta plaka honetan, gaur sortu berri den argi horren dizdira isladatuko dela».
Xotero Plazaola alkateak ere hartu zuen hitza ekitaldian: «Oso garrantzitsua da askatasunaren alde jardun zuten pertsona guztien aldarria egitea, haiek izan zirelako baikara gu. Etorriko diren belaunaldi berriei askatasun testigantza hauek zor dizkiegu». Azkenik, bizilagunei ere eskaera bat luzatu zien alkateak: «erakutsi zuten duintasunak guztiok argituko gaituen itsasargia izaten jarrai dezala».
Legazpiko ekitaldi hauekin, 75 urte isilik egon direnei ahotsa eman diete; hildakoen izenak eta abizenak gogoratu dituzte eta faxismoaren aurka borrokatu zutenei aurpegiak jarri dizkiete. Historia irakasgai bat izan da, oroimen kolektiboa lantzeko ariketa bat, herritarrek goxotasunez babestu dutena. Nondik gatozen ezagutzea inoiz ez baitago soberan, nora goazen jakiteko.