«Gertatutakoa asimilatu eta egunerokotasunera bueltatzeko gogoa dugu»
Udan Mexikora egindako bidaia erabat aldrebestu zitzaien Eneritz Aizpurua eta Eluska Aierbe ataundarrei. Hainbat lagunekin batera irteera bat egiten ari zirela, auto istripua izan zuten. Aizpuruak ia bi aste pasa ditu ospitalean, eta ebakuntza egin eta gero bueltan da. Egoera hark eragindako zailtasun ekonomikoei aurre egiteko hainbat ekintza antolatzen ari dira orain Ataunen. Etxean zaudete, zailena pasata. Lasaitu al zarete? Eneritz Aizpurua: Egia esan, nik behintzat oraindik ez dut gertatu dena asimilatu. Duela bi aste iritsi nintzen, eta bisitak direla, bata eta beste, ez dut gertatu denaren kontzientziarik hartu. Eluska Aierbe: Denok izan dugu sentsazio hori. Nola gogoratzen duzue istripuaren momentu hura? Aierbe: Geldi, oso geldi, kamera geldian bezala. Aizpurua: Istripuko egun osoa pasa zen oso motel. Ni denarekin akordatzen naiz, eta istripua bera ere oso garbi gogoratzen dut. Aierbe: Ikusten genuen nora gindoazen, bagenekien jo egingo genuela, eta bi segundu izango ziren, baina oso motel pasa ziren. Horrelako egoera batean, kanpoko herrialde batean egonda, dena nahasiagoa izango zen. Nola bizi izan zenituzten aurreneko une haiek? Aizpurua: Bakoitza toki batera eraman gintuzten, eta aurreneko egunean behintzat, ez genuen elkarren berririk izan. Aierbe: Lehenengo gauean ez ziguten ezer esan, ez besteak non eta zer egoeratan zeuden. Hurrengo egunetan jakin genuen besteak [...]
Udan Mexikora egindako bidaia erabat aldrebestu zitzaien Eneritz Aizpurua eta Eluska Aierbe ataundarrei. Hainbat lagunekin batera irteera bat egiten ari zirela, auto istripua izan zuten. Aizpuruak ia bi aste pasa ditu ospitalean, eta ebakuntza egin eta gero bueltan da. Egoera hark eragindako zailtasun ekonomikoei aurre egiteko hainbat ekintza antolatzen ari dira orain Ataunen.
Etxean zaudete, zailena pasata. Lasaitu al zarete?
Eneritz Aizpurua: Egia esan, nik behintzat oraindik ez dut gertatu dena asimilatu. Duela bi aste iritsi nintzen, eta bisitak direla, bata eta beste, ez dut gertatu denaren kontzientziarik hartu.
Eluska Aierbe: Denok izan dugu sentsazio hori.
Nola gogoratzen duzue istripuaren momentu hura?
Aierbe: Geldi, oso geldi, kamera geldian bezala.
Aizpurua: Istripuko egun osoa pasa zen oso motel. Ni denarekin akordatzen naiz, eta istripua bera ere oso garbi gogoratzen dut.
Aierbe: Ikusten genuen nora gindoazen, bagenekien jo egingo genuela, eta bi segundu izango ziren, baina oso motel pasa ziren.
Horrelako egoera batean, kanpoko herrialde batean egonda, dena nahasiagoa izango zen. Nola bizi izan zenituzten aurreneko une haiek?
Aizpurua: Bakoitza toki batera eraman gintuzten, eta aurreneko egunean behintzat, ez genuen elkarren berririk izan.
Aierbe: Lehenengo gauean ez ziguten ezer esan, ez besteak non eta zer egoeratan zeuden. Hurrengo egunetan jakin genuen besteak nola zeuden.
Aizpurua: Ni aurrena ospitale batera eraman ninduten, baina hurrengo egunean Cancunera eraman ninduten. Dena oso nahasia izan zen, ‘orain hemen nago, gero haruntza naramate, ez dut besteen berririk…’. Tarteka iristen ziren albisteak, ‘honi alta eman diote’ edo ‘beste hau ondo dagoela’. Momentuan ez dakizu egi osoa esaten dizuten ere.
Aierbe: Shock egoera moduko bat da. Nik hori gogoratzen dut. Beste herrialde batean, etxekoengandik urruti, burua bueltaka… sentsazio arraroak dira. Okerrena besteen berririk ez izatea zen, informaziorik ez genuen.
Aizpurua: Oso nahasia zen dena, segurokoak ere segituan sartu ziren, paper batzuk firmatzeko eskatu ziguten, berehala operatu behar ninduten edo gurasoak etorri arte itxarongo nuen esanez… Ordura arte sekula planteatu ez dituzun gauzak dira, eta momentuan hartu behar zenituen erabakiak. Egoera arraroa zen, ni mugitu ezinda nengoen, eta momentuko presio hori, zaila egiten da.
Gauza bera hemen gertatu balitz, oso ezberdina izango litzateke.
Aizpurua: Bai, hemen badakizu zerbait gertatuz gero, ordu betean senide edo lagunen bat han izango dela laguntzeko. Han ordea, zuk zeuk erabaki behar zenuen operatu ala ez, frogak egin edo ez…
Burokrazia, paper kontuak eta erakundeekiko harremanek ere nahikoa lan emango zuten, ezta?
Aizpurua: Uneoro egon gara batzuekin eta besteekin hizketan, eta denetik egon da. Batzuk ahal zuten guztia egin dutenak, eta beste batzuk zailtasunak jarri besterik egin ez dutenak. Zailtasunak edo, gainetik kendu nahi hori. Baina egia da lagundu gaituen jende asko egon dela. Espainiako kontsulak adibidez, fabore handiak egin dizkigu. Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko ordezkaria ere, egunero-egunero etortzen zitzaidan ospitalera bisita egitera, eta behar zen denbora guztia egoten zen. Egin behar ez zituen lanak ere egin zituen; niri janzten, orrazten eta beste gauza batzutan lagundu zidan. Alde horretatik, han ere laguntza handia izan dugu, eta oso gertuko harremana izan da. Baina beste alde batetik, batez ere aseguru etxeen partetik, dena trabak eta atzerapenak izan dira.
Aierbe: Eta dena oso geldi joan denaren sentsazioa. Han eguna zenean hemen gaua zen, eta batekin edo bestearekin hitz egiteko ordutegiak eragin handia du. Arratsaldeko seietarako, hamabiak ziren hemen, eta ordutik aurrera ezin genuen honera deika hasi, eta hango gauzetan arduratzen ginen.
Erasmuseko arduradunekin edo Mexikoko erakundeekin, ze harreman izan duzue?
Aierbe: Bertako autoritateen aldetik inongo laguntzarik ez. Eta zerbait nahi baduzu, ondo ordainduta izan behar du, eta hala ere, agian egunen batean iritsiko zaizu eskatu duzun hori.
Aizpurua: Ez, hango autoritateengana ezin duzu horrela joan. Ezin da haiekin ezertarako kontatu. Edozein gauzatan sartzen bazara, haientzako erruduna zara, kontrakoa erakusten ez duzun bitartean. Hasieratik esan ziguten ahalik eta gutxien gerturatzeko, ze kontu batekin joan eta okerrago batean nahastuta bukatu dezakezu.
Aierbe: Ospitaleko gerenteak ere esan zigun, han ez hasteko abokatuekin eta epaibideetan, guk uste baino askoz luzeagoa eta garestiagoa izango zelako dena.
Hemendik laguntzeko egin diren ahalegin horiek ere fruitua eman dutela dirudi.
Aizpurua: Bai, hemendik laguntza handia jaso dugu, eta asko eskertzen da. Egunean zenbat dei jasotzen dituzun ikustea, eta askotan ezer izan gabe ere, norbaiten ahotsa entzutea, hango errealitatetik ihes egitea bezala zen. Edozein dei, bai lagunena edo familiakoena, eta baita zerbaitetan laguntzeko deitzen zutenena ere. Indarra ematen du.
Zure kasuan Eneritz, operazioa eta horren aurreko guztia izan zen zailtasun gehien eman zituena, ezta?
Aizpurua: Bai, guztira hamaika egunez egon nintzen. Aurrena Cozumel irlako ospitalean hartu ninduten, eta hurrengo egunean Amerimel izeneko ospitalera eraman ninduten. Hor beste bederatzi edo hamar egun egon nintzen. Hasieran han operatuko nindutela uste genuen, baina bitartean ni Euskal Herrira ekartzeko ahaleginetan ari ziren. Baina presio handia zegoen; ospitalekoek zirt edo zart egiteko esaten zuten, gurasoek honera ekarri nahi ninduten, gauzak lortzen ari ziren, baina inork ez zuen ardurarik hartu nahi, inork ez zuen ni mugitzeko baimena sinatu nahi. Egunak joan, egunak etorri, bederatzigarren egunean operatu egin behar ninduten. Baina tartean dei batzuk egon ziren, eta kontsulak beste ospitale batean operatu behar nindutela esan zigun. Diru guztia ere sartuta zegoen, operazio guztia bertan behera gelditu zen, ospitalekoak ere hasarre… Hara joan, beste egun bat egon eta operatu egin ninduten. Eta kitto dena.
Eta zurean Eluska, kotxean zuekin zihoan batekin izan dituzue arazoak.
Aierbe: Bai, autoa gasolinarik gabe gelditu zitzaien eta gurekin sartu zen kotxean. Sei gindoazen istripua gertatu zenean. Ministeritza publikoko ordezkari bat denongana joan zen ospitalean geunden bitartean, errudun edo errugabe jotzen ninduten zioen paper bat sinatzeko esanez. Beste guztiek sinatu zuten, errugabe nintzela esanez, baina neska honek ez zuen sinatu nahi izan. Autoan gindoazenetatik bakar batek ez bazuen firmatzen, kartzelara joateko arriskua nuen. Hasieran sinatuko zuela, gero ezetz… Azkenean esan zidan firmatuko zuela, baina 22.000 euroko indemnizazio bat ematen banion. Paper bat egin genuen kopuru hori sei hilabetean ordainduko niola esanez, eta orduan bai, orduan sinatu egin zuen. Hango jendeak esaten zidan kartzelara joatea azkenekoa zela, ezin nuela hango kartzela batera joan.
Bateko operazioa, eta besteko auzia, azkenean honek guztiak gastu handia eragin du. Horri aurre egiteko herri mailan ari da mugimendu bat sortzen.
Aierbe: Bai, momentuz kontu korronte bat jarri da, eta errifa edo bonolaguntza moduko batzuk ere atera dituzte, zozketa batzuekin. Gero egun bat antolatzeko asmoa ere badago, afari batekin, bertsolariekin, kontzertuekin… Baina guk biok ez dugu parte hartu bilera horietan, eta askoz gehiagorik ez dakigu momentuz.
Laguntza hori guztia eskertuko da, ala?
Eneritz: Bai, dudarik gabe. Oraindik ez dakigu benetako gastua zenbatekoa izango den azkenean; ez dakigu aseguruek zenbateraino estaliko duten gastua, oraindik ere abokatuekin eta dabiltza… Orduan, hor diru bat ateratzen bada, eta azkenean gastua ez bada guk uste bezain handia, sobratzen den diru hori Gobernuz Kanpoko Erakunderen batera edo bideratuko genuke, inork ez dezala pentsatu diru hori gure poltsikorako izango denik. Oraindik dena airean dago, baina hasieran benetan izutu ginen. Anbulantzian ordubeteko bidai bat egiteagatik 8.000 euro eskatzen zituzten. Pentsa. Aseguru etxeak ere, laugarren egunerako haien dirua bukatu zela esan zigun, eta artean operatzeko nengoen. Ez genekien ekarriko ninduten edo ez, eta genituen bi aseguruak bukatuta omen zeuden. Azkenean beste ospitale batera joanda, gastuak ere murriztu egin dira, baina oraindik ez dakigu aseguruek zenbat kubrituko duten… Kontuak atera behar dira.
Hango osasun zerbitzuak ere alde handia izango du hemengoarekin.
Eneritz: Oso ezberdina da. Han operaziorik txikiena egiteko ere pribatura jo behar duzu. Ez dago inolako prestakuntzarik. Eta gehien harritu ninduena zera da: operazio bat egin behar duzunean, horren arabera erosten dutela operazio hori egiteko behar duten materiala. Han bertan ez dute materialik. Gero ordainketa egiterakoan ere, transferentzia ez zela iritsi, zati bat iritsi zela… Azkenean mentalitate hori dute, ikusi arte dirua hor dagoela, ez dute ezer egiten. Medikuen aldetik ordea, ez daukagu inongo kexarik, oso gertukoak dira.
Aierbe: Jende ona da, baina beste sistema bat dago, oso ezberdina.
Orain orduan, errekuperatzea eta eguneroko bizimodura bueltatzea gelditzen da.
Aizpurua: Bai, hori gelditzen zaigu orain.
Aierbe: Ni klasean hasi naiz dagoeneko, orain Eneritz falta da.
Aizpurua: Azaroaren 18an dut hurrengo txanda medikuarekin, baina esan nion ea ezin nuen lehenago hasi. Gorputzaldiaren arabera nik neuk ikusteko esan zidan. Pixka bat errekuperatu eta ahal den azkarrena normaltasunera bueltatzen saiatuko naiz. Zeinek esango zuen unibertsitatera joateko gogoz egongo ginenik, baina egunerokotasunera bueltatzeko gogoa dut.
Aierbe: Hainbeste gauza izan dira, denok oraindik istripuarekin bueltaka gaudela. Baina betikora bueltatzeko gogoa dugu.
Aizpurua: Bai, gertatu dena asimilatzen saiatu eta egunerokora, errutinara itzuli.
Gertatutakoaren ondoren, bidaiatzen jarraitzeko gogorik gelditu al zaizue?
Aizpurua: Bai. Jendeari esango nioke kanpora joateari beldurrik ez hartzeko, gu ere berriz joango gara eta.
Aierbe: Hau gertatu zaigu, baina hemen ere gerta zitekeen. Joateko moduko lekuak dira, dudarik gabe. Han paradisuan bezala egon gara.
Aizpurua: Oraindik ere argazkiak eta ikusten ditugunean, hain ondo pasatu genuen… Hau azkenean gauza puntual bat izan da, istripu bat, zorte txarra izan genuen, eta kitto. Baina ordura arte gozatzen ari ginen eta oso ondo pasatu dugu.
Elkartasun ekimen ugari antolatu dituzte herrian bertan, dirua biltzeko
Hiru ataundarrek Mexikon izandako istripuak eragindako gastuei aurre egiteko, hainbat elkartasun ekimen antolatu dituzte Ataunen. Batetik, errifa batzuk atera dituzte. Hiru sari zozkatuko dituzte: Arzak jatetxean bi lagunentzako afaria, Arbe hotelean bi lagunentzako egonaldia, eta Urbitarte sagardotegian otordua. 2 euroan daude salgai. Bestetik, bi kontu korronte ere jarri dituzte, laguntza emateko: Euskadiko Kutxan (3035 00 8859 0881051193) eta Kutxan (2101 00 2696 0012899597).
Festa kutsuko beste ekimen batzuk ere antolatzen ari dira. Azaroaren 6an, jentilen etorreraren ondoren, taloak izango dira. Azkenik, azaroaren 27an, kantu afaria egingo dute, Aitor Furundarena soinujolearekin.