Iñaki Azurmendi: “Bukatu arte, konturatu ere ez nintzen egin aurretik nindoala”
Bederatzigarren saiakeran bete du ametsa Iñaki Azurmendi aizkolariak (Beasain, 1972): Euskal Herriko txapeldunaren txapela janztea. Elizondon (Nafarroa) jokatu zen final estuaren ondoren, «oso pozik» dago arriarandarra, aurrerantzean ere txapela defendatzeko intentzio guztiekin. Atzo Beasainen, Iñaki Azurmendi zen protagonista nagusia. Jende askok zoriondu ninduen bai, eta eskertzeko da berotasun hori. Bistaz bakarrik ezagutzen nautenek ere zoriondu ninduten, eta denei eskerrak eman beharrean nago. Txapelaz gozatzeko beste modu bat izango da jendearen berotasuna, ezta? Urte askoan desio izan dudan garaikurra da Euskal Herriko txapela, eta jendeari ere ilusioa egin diola ematen du. Lagunek esan didatenez frontoian ere jende guztia zutik omen zegoen bukaeran, eta oso polita izan omen zen, baina ni ez nintzen horretaz jabetu ere egin. Noiz konturatu zinen Euskal Herriko txapelduna zinela? Bukatu nuen arte ez nintzen konturatu. Azken kolpea eman, aizkora utzi, atzera begiratu eta Nazabal enbor gainean ikus nuenean konturatu nintzen irabazi egin nuela. Izan ere, final estua izan zen. Azken unera arte ezin jakin nork irabaziko zuen. Bosgarren egurrera arte Lopez joan zen aurretik, gero seigarrenenan nik pasa egin nuen eta ordutik aurrera, erdilanetatik aurrera, Nazabal eta biok aritu ginen, biok 15 segunduren barruan, estu-estu. Nik ez nion alde egiten eta berak ere ez zidan pasatzen. [...]
Bederatzigarren saiakeran bete du ametsa Iñaki Azurmendi aizkolariak (Beasain, 1972): Euskal Herriko txapeldunaren txapela janztea. Elizondon (Nafarroa) jokatu zen final estuaren ondoren, «oso pozik» dago arriarandarra, aurrerantzean ere txapela defendatzeko intentzio guztiekin.
Atzo Beasainen, Iñaki Azurmendi zen protagonista nagusia.
Jende askok zoriondu ninduen bai, eta eskertzeko da berotasun hori. Bistaz bakarrik ezagutzen nautenek ere zoriondu ninduten, eta denei eskerrak eman beharrean nago.
Txapelaz gozatzeko beste modu bat izango da jendearen berotasuna, ezta?
Urte askoan desio izan dudan garaikurra da Euskal Herriko txapela, eta jendeari ere ilusioa egin diola ematen du. Lagunek esan didatenez frontoian ere jende guztia zutik omen zegoen bukaeran, eta oso polita izan omen zen, baina ni ez nintzen horretaz jabetu ere egin.
Noiz konturatu zinen Euskal Herriko txapelduna zinela?
Bukatu nuen arte ez nintzen konturatu. Azken kolpea eman, aizkora utzi, atzera begiratu eta Nazabal enbor gainean ikus nuenean konturatu nintzen irabazi egin nuela.
Izan ere, final estua izan zen. Azken unera arte ezin jakin nork irabaziko zuen.
Bosgarren egurrera arte Lopez joan zen aurretik, gero seigarrenenan nik pasa egin nuen eta ordutik aurrera, erdilanetatik aurrera, Nazabal eta biok aritu ginen, biok 15 segunduren barruan, estu-estu. Nik ez nion alde egiten eta berak ere ez zidan pasatzen. Azkeneko momentuan suertea nire alde jarri zen, baina hori gertatzeko ere han egon behar duzu.
Dena, ordea, ez zen suertea izango?
Ez, ez. Egia esan lana gogor egin genuen, baina momentu horretan biotako edozeinek irabazi zezakeen. Niri adar txikiren bat edo atera balitzait egurrean, Nazabalek aukera gehiago izango zuen. Alde txikia izan zen, baina nik irabazi nuen eta horrek balio dit.
Egurrak, aukeran, gogor samarrak zirela esan duzu egun hauetan.
Oso gogorrak ziren, asko eman beharrekoak. Baina sei aizkolariontzat egur berdinak ziren, eta hor ez dago aitzakiarik. Txarra izaten da bati enbor lehorra eta bestari hezea tokatzen zaionean, baina finalean nahiko ondo jarrita zeuden egurrak, denentzako berdinak.
Egurraren erruz behar izan al zenuten ohi baino denbora gehiago lanak amaitzeko?
Nik iaz lan berdina zortzi minutu gutxiagoan egin nuen, eta zortzi-hamar minutuko aldea asko da. Guri ere sakrifizio gehiago eskatzen digu halako egur motak, baina momentua iritsi arte ez dakizu nolako egurrak izango diren, eta orduan ia, lanean zentratzen zara eta eman behar bazaio eman egiten zaio.
Igaro berri duzun gaixoaldiak eraginik izan al du finalean?
Ostiralean ondo ikusten nuen nire burua, gaixoaldiko arrasto handirik gabe. Larunbatean ere ondo nengoen eta finalean ia erritmo on batean hasi nintzen, besteek ez zutela alde egiten ikusten nuen eta ni ere nahiko ondo ibili nintzen besteen erritmoa jarraitzeko. Oso sentsazio onak izan nituen eta oso gustura sentitu nintzen, hasieratik gainera. Konturatu ere ez nintzen egin aurretik nindoala, nire lana egiten nuen eta segi egin behar zen.
Batzuen ustez, mesede egin dizu Nazabal erabat osaturik ez egoteak. Zuk zer uste duzu?
Nik aurreko astean ere esan nuen Nazabal txapelketara joaten bazen ondo zegoelako joango zela. Agian prestakuntza aldetik ez zuen behar adina prestatzerik izan, baina askotan gehiegi prestatuta ere gero nekea etortzen da. Hasieran baliteke Nazabal motelxeago aritzea, baina harek bere lana oso ondo egin zuen. Egia da baita Nazabal zela faboritoa askorentzat, eta bati baino gehiagori pronostikoak puskatu zitzaizkiola. Lopez ere faboritoa zen beste askorentzat, baina aurtengo txapelduna ni izatea suertatu da, eta hori ez dago ukatzerik, aitzakiak aitzaki.
Datozen hilabeteetan, eta hurrengo urtera arte, txapela defendatzea tokatzen zaizu. Atseden hartzeko tarterik izango al duzu?
Hemendik aurrera lasaiago ibiliko naiz. Erakustaldi batzuk baditut, baina atseden ere hartu nahi dut. Urte bukaera arte nahiko lasai ibiliko naiz eta Gabonen ondoren Urrezko Aizkoran sartuko naiz, binakakoan. Aurten irabazita gainera, jendeak gehiago eskatuko dit, eta maila eman beharko dut. Hala ere, txapela pixka bat gozatu nahi dut orain, urtea oso luze joan da, udan ere saio asko izan ditut, eta orain ia gorputzak eskatzen dituen beste gustuko gauza batzuk egiteko aprobetxatuko dut.
Erakustaldi kopuruak gora egingo al du orain, txapeldun izanda?
Alde horretatik zortea dut, erakustaldi askotan parte hartzen dudalako. Aurten 40 tik gora egingo nituen, Goierri inguruko guztiak eta Bizkai aldean ere bai aurten. Txapela irabazita gehiago izango ditut aurrerantzean, leku zehatz batzuetara beti Euskal Herriko Txapelketako lehen bi sailkatuak eramaten dituztelako. Horiek erakustaldi zorrotzagoak izaten dira, baina prestaketa bezala ere balio duten saioak dira, eta ni oso gustura joaten naiz.













