Mongoliako nomaden atzetik
«Mongoliarrek gutxi behar dute bizitzeko, baina zaindu beharra daukate gutxi hori, ezinbestean. Ingurumena eta natura, horregatik, gehiegi ez aldatzen saiatzen dira. Leku gutxitan topatu ditut inguruari hain lotuta dauden eta natura hain ondo ulertzen...
«Mongoliarrek gutxi behar dute bizitzeko, baina zaindu beharra daukate gutxi hori, ezinbestean. Ingurumena eta natura, horregatik, gehiegi ez aldatzen saiatzen dira. Leku gutxitan topatu ditut inguruari hain lotuta dauden eta natura hain ondo ulertzen duten giza taldeak». Irakaspen hori dakar Joxe Ramon Agirre Marron mendizale eta gidari ataundarrak bere azken ikus-entzunezkoan — Mongolia. Lurraren maitaleak—: natura, begirunea eta soiltasuna.
Mongoliako artzain nomaden artean egin dituen hiru egonaldiren emaitza da lan berria. Artzainek ingurumenari zer balio ematen dioten Asiaren bihotzeko ordokietan ere aurkitu du. «Aralarren bezala, artzainak dira, baina larreek agintzen duten eran urtean lauzpabost aldiz mugitu behar izaten dute tokiz. Horrek baldintzatzen die bizimodua», azaldu du Marronek.
Mongolia. Lurraren maitaleak dokumentalean, naturarekiko zilborresteaz gaindi, erlijio, sinesmen, familia-egitura eta bestelako gizarte atalak ere harilkatu ditu. «Elkarrizketak jende eta familia askori egin dizkiogu». Irati Goikoetxeak gorpuztu du gidoia.
Ikus-entzunezkoak 35 minutu irauten du. Emanaldiekin herriz herri hasteko prest da Marron, orain dabilen Dolpo ikuskariaren aroa behin bukatutakoan. Lehenik 10-15 minutuko aurkezpena egin ohi du, gero bideoa ikusi, eta bukaeran solasaldia irekitzen da ikus-entzuleen artean.
«Nomada izatearen alde onak eta txarrak» ageri dira filmean. «Baina, azken batean, naturaren aldeko aldarrikapena da».