Maddi Garcia: «Konturatu gabe, gehiago txalotzen dugu autoan dabilena»
Maddi Garcia Autoa «helduarorako igarobide erritu» dela ondorioztatu du Maddi Garciak (Idizabal, 1984), «balio kultural ugari barne hartzen dituena». Goierriko Euskal Eskolak, Maizpide euskaltegiak eta Lazkaoko Udalak antolatzen duten Gerriko ikerlan bekaren bidez Gazteak eta autoa. Goierriko gazteak autoarekin duten harremana liburua kaleratu du. Hemezortzi urte bete eta gidabaimena ateratzea ekintza automatikoa al da goierritarrentzat? Bai, eta deigarriena da baimena ateratzen dutenen eta ez dutenen artean bereizketa egiten dela. Horrek erakusten du eskaera sozial bat dagoela, eta erabat barneratuta dugula kotxea beharrezkoa dela helduen munduan sartzeko. Ematen du 18 urte betetzeak berarekin dakarrela autoko gidabaimena ateratzea. Sentsazio hori berdina al da emakumeen eta gizonen artean? Hasieran pentsatzen nuen emakumeak beranduago hasiko zirela gidabaimena ateratzen, ez derrigor 18 urte betetzean. Baina ikusi dut erabileraren inguruan ez dagoela alde handirik gizonen eta emakumeen artean. Gizonek eta emakumeek baimenaren behar hori berdin sentitzen dute 18 urte betetzean, eta gehiengo handi batek orduan ateratzen du baimena. Autoa sentitzeko orduan eta autozaletasunari dagokionean aldea nabarmenagoa da. Zertan igarri duzu aldea? Estiloan batez ere. Rallyak, tunning-a, kartinak… erabat gizonezkoen munduak dira, eta horrek erakusten du oraindik ere balioak ez daudela berdin. Garraio publikoaren erabileran ere datuak ezberdinak dira, bi kasuetan ere datuak oso baxuak izan arren, [...]
Autoa «helduarorako igarobide erritu» dela ondorioztatu du Maddi Garciak (Idizabal, 1984), «balio kultural ugari barne hartzen dituena». Goierriko Euskal Eskolak, Maizpide euskaltegiak eta Lazkaoko Udalak antolatzen duten Gerriko ikerlan bekaren bidez Gazteak eta autoa. Goierriko gazteak autoarekin duten harremana liburua kaleratu du.
Hemezortzi urte bete eta gidabaimena ateratzea ekintza automatikoa al da goierritarrentzat?
Bai, eta deigarriena da baimena ateratzen dutenen eta ez dutenen artean bereizketa egiten dela. Horrek erakusten du eskaera sozial bat dagoela, eta erabat barneratuta dugula kotxea beharrezkoa dela helduen munduan sartzeko. Ematen du 18 urte betetzeak berarekin dakarrela autoko gidabaimena ateratzea.
Sentsazio hori berdina al da emakumeen eta gizonen artean?
Hasieran pentsatzen nuen emakumeak beranduago hasiko zirela gidabaimena ateratzen, ez derrigor 18 urte betetzean. Baina ikusi dut erabileraren inguruan ez dagoela alde handirik gizonen eta emakumeen artean. Gizonek eta emakumeek baimenaren behar hori berdin sentitzen dute 18 urte betetzean, eta gehiengo handi batek orduan ateratzen du baimena. Autoa sentitzeko orduan eta autozaletasunari dagokionean aldea nabarmenagoa da.
Zertan igarri duzu aldea?
Estiloan batez ere. Rallyak, tunning-a, kartinak… erabat gizonezkoen munduak dira, eta horrek erakusten du oraindik ere balioak ez daudela berdin. Garraio publikoaren erabileran ere datuak ezberdinak dira, bi kasuetan ere datuak oso baxuak izan arren, emakumeek gehiago erabiltzen baitute garrio publikoa.
Autoa, maskulinitatearen eredu dela ondorioztatu duzu ikerketan. Zertan antzeman duzu?
Maskulinitatea, modu hertsian hartuta, gehiago dago ausardiarekin eta indarrarekin lotuta, eta zenbait jokaera arrikutsu gehiago ematen dira gizonetan. Halako gauzetan desberdintasuna ikusten da, arrakasta edukitzeko bidea beti erakustaldietan oinarritutakoa delako gizonezkoetan. Emakumeak, aldiz, xumeagoak dira, diskrezio gehiagorekin aritzen dira. Autoa erosterakoan, adibidez, agerian geratzen da desberdintasun hori: mutilek, normalean, auto txuria, gorria edo beltza nahi izaten dute, ausardiarekin eta abiadurarekin lotutako koloreak direlako. Emakumeek auto txikiagoak nahi izaten dituzte, funtzionalagoak, eta bereizketa hori inkoszienteki egiten dugu.
Gazteek zergatik sentitzen dute karneta ateratzeko behar hori 18 urte betetzean?
Txikitatik beti ikusi dugu gizarteratze prozesuan gizakiarentzat beharrezkoa dela desplazamendua, eta hori modu arrakastatsuan egiteko biderik onena autoa dela ikasi dugu. Konturatu gabe, gehiago txalotzen dugu autoan dabilena, garraio publikoaren inguruko kritikak eta esperientzia txarrak ugariagoak direlako. Autoarekin egiten den lotura beti positiboa da, askatasunarekin lotzen delako: gauzak azkar egiteko aukera ematen duelako, bakoitzak nahi erara, modu indibidualean eta jabetza batekin. Aldiz, garraio publikoak, denbora murriztu egiten du, jende gehiagorekin joatera behartzen zaitu, ez dakizu esertzeko lekurik izango duzun… Dena muga bat bezala ikusten da.
Garraio publikoa erabiltzeko kanpainek eraginik izaten dute zure ustez?
Gauza guztiak aldagarriak dira, eta suposatzen da heziketa dela oinarria. Horregatik, egoera aldatzeko, kanpainak, programak, prebentzioa… izan behar dira bidea. Mugikortasun kolektiboa bada helburua, horren alde positiboak defendatu eta indartu behar dira, eta horren alde egiteko inplikazioa handiagoa izan beharko litzateke.
Goierriko herri txikien eta handiagoen artean bereizketa egin duzu. Zeinda aldea?
Eguneroko gauzetarako herri txikietako biztanleek autoa beharrezkoa dela uste dute, herrian dituzten zerbitzuak ez direlako nahikoa. Herri handiagoetan, berriz, dena eskura dute, eta gutxiago erabiltzen dute autoa.
Gipuzkoan, beste eskualdeetan, egoera antzekoa al da?
Ez dut konparaketarik egin Gipuzkoako beste eskualdeen eta Goierriren artean. Baina ikerketa egiteko Gazteria Kontseiluak 2008an mugikortasunaren inguruan egin zuen ikerketatik hartu ditut hainbat datu, adibidez, autoen erabilera mailari buruzkoak. Gipuzkoakorekin alderatuz, Goierriko datuak nabarmen altuagoak dira, eta auto gehien dituen eskualdea ere bada Gipuzkoan. Baina hor eragin handia du herrien egituraketak eta herrietako zerbitzu kopuruak.