Bilduko hautetsiak agerraldian
Euskararen Nazioarteko egunaren harira, Bilduk euskararen alde egotetik, euskaraz bizitzera pasatzeko deia egin die goierritarrei.
Bilduren iritziz, Espainiak eta Frantziak “traba politikoak, juridikoak, ideologikoak, kulturalak eta soziolinguistikoak jartzen dituzte normaltasunez euskaraz bizi eta Euskal Herri euskalduna berrezartzeko”. Ildo horretatik, Euskal Herrian “ireki den aro politiko berrian, hizkuntz gatazka” konpontzea, lehentasunezkotzat du Bilduk. “Hizkuntz asimilazioaz hitz egin behar da, Euskal Herrian gertatzen den gaztelania eta frantsesaren hedatze sozial izugarriaz, alegia”.
Koalizio abertzaleak esan du “mendeetako zapalkuntzak” euskararen aldeko motibazioa minorizatzea eragin duela, eta horrenbestez, “ezinbestekoa dela norberaren eta herriaren ikuspegia normalizatzea, herri gogoa indartzeko”. Hala, erdaraz egitetik euskaraz egitera pasatzea “beharrezkoa” da Bilduren ustez, herritarren eguneroko harremanetan euskarazko elebitasuna ohitura bihurtzeko. Bide horretan, eman beharreko zenbait urrats ere aipatu ditu: alegia, herritarrek lehenengo hitza beti euskaraz egitea; solaskideak ez duela ulertzen esan arte, euskaraz jarraitzea; handik aurrera, solaskideak nahi duen hizkuntzan segitzea, adostasunez ezarritako epea bukatu arte, eta epe horretatik aurrera, euskaraz egitea.
Norbanakoek eman beharreko urratsez gain, herriaren ikuspegia, euskararen alde egotetik Euskal Herri euskalduna berrezartzera aldatzea ere “beharrezkoa” da Bilduren ustez. “Hau da, egungo erdal esparru asimilagarritik esparru soziolinguistiko euskaldunera igarotzea”, euskararen gutxieneko hauek indarrean jartzeko: euskara edonon erabiltzeko euskaldunaren eskubide indibiduala bermatzea, Euskal Herri osoan; Euskal Herriaren “hizkuntz politika burujabea” gauzatzeko eskubidea errespetatzea, berreuskalduntze progresiboa bermatzeko; Euskal Herri Euskalduna berrezartzeko “ahalmen esklusiboa” bermatzea Euskal Herri osoan, “kanpoko esku sartzerik gabe”.
Hori baita bere ustez “modu bakarra”, normalizazioaren engranatzea eragiteko: euskara dakienak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko, euskara “beharrezko” bihurtzeko, jardun-gune sozialak euskalduntzeko eta hizkuntz komunitatea berregituratzeko. “Modu bakarra, normalizazioaren apustua irabazteko, arrazoizko epe baten barruan”.
Euskararen aldeko normalizazioan, Udalak erantzukizun “zuzena” duela azpimarratu du, eta ezin duela hizkuntz politikaren ardura hori bere kudeaketa politikotik kanpo utzi. “Eta eragin behar du Udalaren hiru tresna nagusiak (euskararen udal ordenantza, udalerriko plana eta neurri praktikoak) eraginkorrak izan daitezen, Euskal Herri euskaldunaren bataila politikoa bultzatzeko”.
Udalak, Bilduren arabera, Euskal Herri euskaldunaren “bataila politikoa” planteatu behar du ideien eremuan, herrigintzarenean zein eremu instituzionalean. Udalak Euskal Herri euskaldunari “babes eraginkorra” emateko borondatea eta tinkotasun politikoa erakutsi behar dituela dio, eta euskal hiztunen hizkuntz eskubide indibidualak babestu egin behar dituela, eskubide indibidual horien dimentsio kolektiboa bermatuz. “Euskara erabiltzea herri eta gizabanako eskubide ez ezik burujabetzaren adierazpena, nazio eraikuntzaren ekimena eta Europako hizkuntzen iraunkortasunerako berme bakarra baita”.
Lanerako konpromisoa
Koalizioaren hitzetan “iritsi da garaia indarrak biltzeko, auzoko bi estatuek inposatutako erdal asmilazioa gainditzeko, eguneroko lankidetzan eta denon arteko auzolanean Euskal Herri esukalduna eraikitzeko”.
Bere aldetik Bilduk, euskararen aldeko lanean, bere normalizazio “osoa” lortu arte, lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du. Bestalde, “ahalik eta adostasun zabalenak eta elkarlan irekiak” bilatuz, euskararen erabilera sustatzeko ekimenak ere bultzatuko ditu.