Zaldibiak badu ‘bigarren’ kalea
Erdi txantxetan, erdi serio, esan izan da Zaldibiak kale bakarra duela, herrigunea goitik behera zeharkatzen duen Santa Fe Kalea, hain zuzen. Ofizialki Lizardi kalea ere badagoen arren, ostiraletik aurrera kaletegia bikoiztu egingo da, Artxanberri kalea inauguratuko dutelako, etzi 19:00etan, udalak antolatutako irekiera herrikoiarekin. Azken urteotan eraikitako etxe-multzoaren lotailua da Artxanberri Kalea, Santa Feren paralelo doana, mediku-etxetik gora. Haurrentzat jolas parkea ere egin dute urbanizazioan. Kalea izendatzeko hartu duten pertsonaia gogoan izango dute irekiera ekitaldian. Patxi Iraolak hitz batzuk esango ditu Artxanberriz, nor izan zen gogoratzeko edo ikasteko. Haurren bertsoek eta alkatearen hitzek osatuko dute ekitaldia. Lunch-ik ez da banatuko, euskal presoen eskubideen alde burutzen ari diren baraualdiari keinu egiteko. Artxanberri, artzain-bertsolari Migel Frantzisko Zubeldia Aldasoro zuen sehaskako izena Artxanberrik, Zaldibiako Ernaritzaga Goikoan jaioa, 1894an. Altzora (Gipuzkoa) ezkondu zen, eta han hil zen, 1974an. Artzaina zen lanbidez, eta hortik erantsi zioten goitizena (artzai berri-tik). Azeri ehizan ere aritzen zen. Bertsolari txinpartatsua zen, saio ofizialetan gehiegi ibili ez arren, herri mailan eta lagun artean estimatua, eta hargatik ospez Goierriz urrutirago ezaguna. Haren omenez Artxanberri Saria bertso txapelketa antolatu eta jokatu zuten Zaldibian, 1970eko hamarkadatik aurrera. Rufino Iraolak honela laburbildu du Artxanberriren jatorria, Goierriko Bertso Eskolarentzat egindako lan batean. «Artxanberri zen Zaldibiako baserri [...]
Erdi txantxetan, erdi serio, esan izan da Zaldibiak kale bakarra duela, herrigunea goitik behera zeharkatzen duen Santa Fe Kalea, hain zuzen. Ofizialki Lizardi kalea ere badagoen arren, ostiraletik aurrera kaletegia bikoiztu egingo da, Artxanberri kalea inauguratuko dutelako, etzi 19:00etan, udalak antolatutako irekiera herrikoiarekin.
Azken urteotan eraikitako etxe-multzoaren lotailua da Artxanberri Kalea, Santa Feren paralelo doana, mediku-etxetik gora. Haurrentzat jolas parkea ere egin dute urbanizazioan.
Kalea izendatzeko hartu duten pertsonaia gogoan izango dute irekiera ekitaldian. Patxi Iraolak hitz batzuk esango ditu Artxanberriz, nor izan zen gogoratzeko edo ikasteko. Haurren bertsoek eta alkatearen hitzek osatuko dute ekitaldia. Lunch-ik ez da banatuko, euskal presoen eskubideen alde burutzen ari diren baraualdiari keinu egiteko.
Artxanberri, artzain-bertsolari
Migel Frantzisko Zubeldia Aldasoro zuen sehaskako izena Artxanberrik, Zaldibiako Ernaritzaga Goikoan jaioa, 1894an. Altzora (Gipuzkoa) ezkondu zen, eta han hil zen, 1974an. Artzaina zen lanbidez, eta hortik erantsi zioten goitizena (artzai berri-tik). Azeri ehizan ere aritzen zen.
Bertsolari txinpartatsua zen, saio ofizialetan gehiegi ibili ez arren, herri mailan eta lagun artean estimatua, eta hargatik ospez Goierriz urrutirago ezaguna. Haren omenez Artxanberri Saria bertso txapelketa antolatu eta jokatu zuten Zaldibian, 1970eko hamarkadatik aurrera.
Rufino Iraolak honela laburbildu du Artxanberriren jatorria, Goierriko Bertso Eskolarentzat egindako lan batean. «Artxanberri zen Zaldibiako baserri urrun-urrunekoa. Ernaritzaga Goikoa zuen izena bere baserriak. Baserri hori aspaldi erori zen. Oraingo Ernaritzaga baino gorago zegoen, Auza-Gaztelu mendiaren magalean. Eskolan ibiltzen zenean Ermentariko amonak egiten zion bazkaria. Aste guztirako egoskaria, artirina, urdai puskaren bat, txorizoa eta arrautzaren batzuk eramaten zituen etxetik».
«Bertsolaritza gutxi baloratu eta nahiko gaizki ikusia zen garaikoa dugu Artxanberri, baina pieza dotoreak utzi zizkigun», idatzi zuen Rufino Iraolak.
Probalekua eta perratokia
Kale soila baino gehiago izateko osagaiak edukiko ditu Artxanberri Kalean. Probalekua jarriko dute. Azken ukituak ematen ari dira langileak aste honetan.
Etzi, artzain bertsolariaren kalea irekitzerakoan, haren bizitzako osagai batzuek bat egingo dute berriz. Zaldibiako Lardizabal eskolako ikasleek prestatutako bertso batzuk abestuko dituzte.
«Ermentariko amonaren» loturak ere segiko du: Imaz-Ene eta Ermentari etxeen ondoan —gaur egun eraitsiak— zegoen perratokia Artxanberri Kalean muntatzeko asmoa du udalak 2012an, gordeta baitago. Auzolanerako deia egingo du alkateak.












