Gotzon Aranbururen argazkia
Santa Lutzi ferian iaz baino jende gehiago edo gutxiago egon den esatea ez da erraza, baina, zenbakietatik haratago, atzoko feriak eman zuen berea. Goizeko zortzietarako Urretxu eta Zumarraga esnatzen hasita zeuden. Bi herriak elkarlanean aritzen dira Santa Lutzi azokan, eta denera, 457 postu jarri zituzten atzo.
Azoken artean, Santa Lutzikoa zaldien feria da. Atzokoan, izan zen ondokoa zihoen ganaduzalerik: «aurten asto asko, idiak eta ahuntzak sartu dira, eta behar adinako moxalik ez dago». Beste behin, Zumarragako Urdaneta hiribidean kokatu zuten tratuen eta salmenten feria, abereena, guztien artean goiztiarrena.
Ganaduzaleentzat ez da lehen bezain erraza azokara iristea, «ganadua ekartzea garestia da eta segurtasun eta osasun neurri asko bete behar dira», zihoen Hondarribiako abeltzain batek. Lehen pottoka baten truke 600 euro ordaintzen zirela azaldu zuen, eta orain, 200 eurora ere ez dela iristen. «Horrela jarraituz gero, desagertu egingo da hau guztia».
Azpeitiko ganaduzale bati beste ganaduzale bat gerturatu zitzaion, artean goizeko bederatziak eman gabe zeudenean. «Zenbatean astoak?», galdetu zuen batek; «120 euroan» erantzun besteak. 80 euro eskaini zizkion. «Azoka amaitzerako, agian, 50 euroan saldu beharko ditut».
Leitzako ganaduzale batek esan zuenez, «Santa Lutzitan kontua saltzea da». Negu aurreko azken feria da Urretxu eta Zumarragakoa. Abereak etxera bueltan eramanez gero, «negu osoan ikuiluan izango ditugu, eta jaten eman behar diegu».
Eguerdirako, «merkealdiak» egongo zirela iragarri zuten goizean ganaduzale gehienek.
166 abelburu
Guztira, 166 abelburu saldu zituzten atzoko azokan. Moxalak izan ziren gehienak, ferian zeuden 111 moxaletatik 72. Salmentak, batez ere, goizeko hamarretatik aurrera egin ziren. «Hau ez da lehengoa, Galiziatik eta Valentziatik ganaduzale ugari zetorren. Gaur, bi balentziar baino ez ditut ikusi», esan zuen beste ganaduzale batek. Moxalen atzetik, astoak (27) eta ahuntzak (29) saldu zituzten gehien.
Abereez gain, Santa Lutzi azokaren beste bereizgarria, frutaren eta barazkien erakusketa eta salmenta izaten da. Goierriko ekoizle ugari bildu ziren atzo, Zumarragako Euskadi plazako arkupeetan eta Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Sariketetan parte hartu zuten horietako askok, batzuk, sari eta guzti.
Eguerdia luzatu egin ohi da Santa Lutzi ferian. Barazki eta fruta postuak ixten hasten dira, eta azoka itzaltzen. Arratsaldeko lehenengo orduan amaitutzat eman zitekeen aurtengoa. Ordu horretan, orotariko merkatuaren itxura hartzen du; akaso ohikoak baino handiagoa. Horrela egin zituen bere azkenak azokak. Bisitari gutxiago edo gehiago, Euskal Herriko azokarik handiena izan edo ez, gainbeheran edo ez, iraganeko feriatik oraindik baduela erakutsi zuen atzo Santa Lutzik.
Sarituen zerrenda
Oilasko sariketa
Euskal oiloa arraza. Josu Pagoaga (Mutriku), Jose Ignazio Egurza (Aia), Maritxu Alberdi (Aizpurutxo).
Arraza arrunta. Aitor Otamendi (Abaltzisketa), Jose Luis Elgarresta (Urretxu), Quintin Garmendia (Urretxu).
Kapoi sariketa
Euskal oiloa arraza. Nekane Gonzalez (Aia), Karmen Egurza (Aia).
Arraza arrunta. Quintin Garmendia (Urretxu), Maria Lourdes Mintegi (Urretxu), Jose Luis Elgarresta (Urretxu).
Ezti lehiaketa
1. Saria. Josune Epelde (Urretxu)
2. Saria. Eva Maria Aztiria (Legazpi)
3. Saria. Jose Antonio Ramos (Zumarraga)
Ardo gaztearen lehiaketa
Irabazlea. Artuke upategia (Baños de Ebro).
Zaldi Abere sariketa
Haragitarako zaldia. Patxi Legarra (Zuatzu-Arakil).
Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako abere talde onena. Jose Ramon Peñagarikano (Gabiria).
Euskal Herriko mendiko Zaldi sariketa
Zaldia. Biktoriano Urrestarazu (idiazabal), Jose Luis Imaz (Idiazabal), Aitzol Mendizabal (Idiazabal).
Behorra. Josu Izarra (Bitoriano), Oskar Otxoa (Bitoriano-Zuia), Arantxa Aizmendi (Amezketa)
Urteko moxala. Biktoriano Urrestarazu (Idiazabal), Mari Karmen Agirre (Azpeitia), Aitzol Mendizabal (Idiazabal)
Pottokak
Zaldia. Begoña Ibarguren (Zizurkil), Jose Javier Ormazabal (Segura), Jesus Mari Mendia (Bergara)
Behorra. Begoña Ibarguren (Zizurkil), Jesus Mari Garmendia (Belauntza), Zaldibia Aralar Pottoka Elkartea (Zaldibia)
Urteko moxala. Zaldibia Aralar Pottoka Elkartea (Zaldibia), Jesus Mari Mendia (Bergara), Luis Uzkudun (Errezil)
Barazki sariketa
(Zumarraga)
Sari orokorrak. Alejandro Arrieta (Markiña-Xemen), Santos Duñabeitia (Berriz)
Eskualdeko sariak. Maria Etxezarreta (Gabiria), Antonia Murgiondo (Gabiria)
Fruta sariketa
(Zumarraga)
Sari orokorrak. Maddi Iradi (Hernani), Angel Arregi (Antzuola)
Eskualdeko sariak. Antonia Murgiondo (Gabiria), Maria Etxezarreta (Gabiria).
Fruta sariketa
(Urretxu)
Sari orokorrak. Maddi Iradi (Hernani), Maria Arantzazu Jauregi (Arama)
Eskualdeko sariak. Antonia Murgiondo (Gabiria)
Barazki sariketa
(Urretxu)
Sari orokorrak. Iñaki Soraluze (Azkoitia), Maria Arantzazu Jauregi (Arama), Jose Lonbide (Aramaio)
Eskualdeko sariak. Antonia Murgiondo (Gabiria)
«Sanferminak eta Santa Lutzi izaten ziren tratu guneak»
Migel Maiztegik (Oñati, 1935) 65 urtetik gora daramatza Santa Lutzi azokara etortzen. Oñatiarra bera, moxalak saltzera etortzen zen, lehenengo aitari laguntzeagatik, eta gero, bere kabuz. Egun, Euskal Herriko Mendi Arrazako Zaldi Sariketaren epaimahaikidea da.
Noiztik etorri ohi zara Santa Lutzi azokara?
66 urte izango dira. 10 urterekin aitari laguntzera joaten nintzen. Mendiz joaten ginen, orduan ez zegoen oraingo biderik. Moxalak saltzera joaten ginen urtero, Iruñeko San Ferminak eta Zumarraga-Urretxuko Santa Lutzi azoka izaten ziren traturako guneak.
Nola oroitzen duzu azoka hura?
Alde handia du egungoarekin. Orduan jendea oinez eta trenez mugitzen zen, ez zegoen kamioirik. Erositako abereak treneko bagoietan eramaten zituzten kanpotik etorritakoek. Moxal asko eramaten zen Valentziara, esaterako, laranjondoetan lan egiteko, erresistentzia handiko animalia baita. Egun ere eramaten dira baina lanerako gutxi izaten dira. Baratzarako simaur pixka bat biltzeko edo haragitarako hartzen dituzte. Hori agian bai galdu da pixka bat.
Moxalak saltzera etortzen al zineten zuek?
Zalditeriarekin etorri ohi ginen. Kapatutako zaldiak, behorrak, moxalak… egun ez dago azokara itxaron beharrik saltzeko; telefonoz-edo egiten da dena. Hala ere, Zumarraga-Urretxura asko joaten dira oraindik.
Abereen traturako azoka asko erakusketa bihurtu dira…
Agurainen esaterako. Astoen eta mandoen azoka garrantzitsuena hori izaten zen. Giro handia izaten zen hor. Egun, abererik ez da erabiltzen baserriko lanetan, eta azokak erakusketa bihurtzen ari dira.
Santa Lutzi azokak mantentzen al du traturako ohitura hori?
Pixka bat galdu egingo zuen, baina oraindik ere mantentzen du ohitura hori. Leku askotatik etortzen da jendea; Euskal Herritik eta baita Espainia osotik ere. Eta saltzera edo erostera etorri ohi da jendea. Dirua mugitzen da eta jende asko etortzen da.
Tratuak nola egiten ziren lehen?
Hotel Paraison, esaterako. Ikuiluak zituen orduan, eta han, afalondoan, tratu asko egiten ziren. Ni mutil kozkorra nintzen. Urteroko jendearekin egoteko aukera zen, hizketan eta tratuan egiten genuen. Gero animaliak azokan jartzen ziren. Bezperan tratu bat egiten zenuen, agian, eta horrekin, azokan prezio hobean saltzen ez bazenuen ere, izaten zenuen animalia nori saldu.
Egun epaile gisa joaten zara…
Bai, badira urte batzuk. Alzael elkarteko lehendakari jarri nindutenetik.
Zeri begiratzen diozue lehiaketan?
Zaldia haragitarako edo lanerako izan desberdina da. Lanerako bada, nolako formak dituen, indarra egiteko bularra nolakoa duen, lepoa sendoa al duen, burua txikia, hankak motzak… Haragitarako zaldia bada, muskulatura izan dezala. Egun gehiago izaten dira hauek, agian. Beste leku batzuetan ziurtasunari, karroei lotzeko duten moduari… begiratzen diote. Hemen ez. Batzuetan azokan probatzen dira animaliak. Mandoak beti probatzen ziren, badaezpada ere. Gurdi bat izaten zen horretarako. Motokarroak azaldu zirenetik, baina, animaliak gutxiago erabiltzen dira lanean. Oroitzen dut, mutil kozkorretan, ama zenarekin Donostiara joan, eta han gure animaliak izandakoak ikusten genituela: ogi edo esne banatzaileekin, esaterako. Guztiak zaldiekin ibiltzen ziren orduan.
Egun, animaliak saltzeko ez da azokarik behar, ezta?
Ez, saltzeko azokak ez dira beharrezkoak. Tratuak beste modu batzuetan ere egiten dira. Hala ere, azokak lanbide bereko pertsonekin egoteko aukera ematen du, aspaldian ikusi gabeko lagunekin egotekoa.
Zer dauka Santa Lutzi azokak berezi egiten duena?
Bere berezitasunak baditu. Berandu egiten dela ere agian, bada berezitasuna. Negu sarreran egiten da, eta jendeak, ordura arte kendu ez dituen animaliak negua etorri aurretik saltzeko baliatzen du. Horrez gain, komunikazio zentro bat ere bada, trena dela eta. Orain ez zaio horri begiratzen, baina garai haietan bai. Kanpotik animaliak erostera jende asko etortzen zen, eta bueltakoan ez zen guztientzako bagoirik izaten. Hiruzpalau egun Urretxun eta Zumarragan igaro behar izaten zituzten batzuek, bagoiak noiz izango zain.
Zerk erakartzen zaitu azokatik?
Denak. Giroa, jende mugimendua… gustagarria da. Lehen jendea oinez ibiltzen zen. Gu hemendik [Oñatitik] oinez joaten ginen. Azken urteetan kamioiekin ibili ginen, baina lehenago, Kaminpera joaten ginen. Han ikuiluan animaliak utzi, eta Hotel Paraisora edo joaten ginen. Hurrengo egunean, abereak hartu eta azokara. Etxetik azokara zuzenean ere joan izan ginen, 4:00etan abiatuta. Bide handia zen, baina egun oso polita izaten da.