Mina barrutik ateratzeko beharra
Mila Ioldi ataundarra eta Inma Berriozabal zegamarra, gaixotasun larriak dituzten bi preso politiko goierritar dira. Espainiako Konstituzioaren 92. artikuluaren arabera, aske behar lukete. Karlos Ioldi eta Jon Imanol Ormazabal Gorrotxategi, preso horien anaia eta senarra dira, hurrenez hurren. Minez ikusten dute euren senideen egoera. Mila Ioldik 56 urte ditu. Hil honetan 11 urte beteko dira preso sartu zutenetik. 14 urteko espetxealdia bete behar du. Legearen arabera, iazko udatik baldintzapeko askatasunean beharko luke, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta. Diskoko hernia du eta legeriaren 92. artikuloa aplikatuta, kalean egon beharko luke. Horren ordez, etxean dute preso. 09:00etatik 14:00etara, Gipuzkoako lurraldean ibiltzeko eskubidea du. Eguneko gainontzeko orduetan, etxean egon behar du. Mexikon atxilotu zuten Mila Ioldi eta Madrilera eraman zuten, hegazkinez. «Atxiloketaren hurrengo egunean operatu behar zuten Mexikon» gogoratu du Karlos Ioldi anaiak. «Bost egunez torturatuak izan ziren bera eta bere mutil-laguna. Anaia beragatik hilda zegoela sinestarazi zioten, eta ama ere gaizki zegoela. Psikologikoki lurperatu egin zuten, eta nik uste, harrezkero ez duela bururik altxatu», aitortu du anaiak. Badajozeko espetxean eta Asturiasko Villabona izenekoan egon zeneko garaia oroitzen du anaiak bereziki. «Lehena oso hezea da, eta bigarrena espetxe laborategi bat da. Hara eramaten dituzten presoei makurrarazteko presioa egiten diete, eta ez funtzionariek soilik» dio. [...]
Mila Ioldi ataundarra eta Inma Berriozabal zegamarra, gaixotasun larriak dituzten bi preso politiko goierritar dira. Espainiako Konstituzioaren 92. artikuluaren arabera, aske behar lukete. Karlos Ioldi eta Jon Imanol Ormazabal Gorrotxategi, preso horien anaia eta senarra dira, hurrenez hurren. Minez ikusten dute euren senideen egoera.
Mila Ioldik 56 urte ditu. Hil honetan 11 urte beteko dira preso sartu zutenetik. 14 urteko espetxealdia bete behar du. Legearen arabera, iazko udatik baldintzapeko askatasunean beharko luke, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta. Diskoko hernia du eta legeriaren 92. artikuloa aplikatuta, kalean egon beharko luke. Horren ordez, etxean dute preso. 09:00etatik 14:00etara, Gipuzkoako lurraldean ibiltzeko eskubidea du. Eguneko gainontzeko orduetan, etxean egon behar du.
Mexikon atxilotu zuten Mila Ioldi eta Madrilera eraman zuten, hegazkinez. «Atxiloketaren hurrengo egunean operatu behar zuten Mexikon» gogoratu du Karlos Ioldi anaiak. «Bost egunez torturatuak izan ziren bera eta bere mutil-laguna. Anaia beragatik hilda zegoela sinestarazi zioten, eta ama ere gaizki zegoela. Psikologikoki lurperatu egin zuten, eta nik uste, harrezkero ez duela bururik altxatu», aitortu du anaiak.
Badajozeko espetxean eta Asturiasko Villabona izenekoan egon zeneko garaia oroitzen du anaiak bereziki. «Lehena oso hezea da, eta bigarrena espetxe laborategi bat da. Hara eramaten dituzten presoei makurrarazteko presioa egiten diete, eta ez funtzionariek soilik» dio.
Langraitzera ere eraman zuten. «Han bizitza ezinezkoa egin diote. Egoera jasanezina zen, eta gaixotasun larrien artikulua aplikatuz kaleratzeko izapideak egiten hasi ginen». Azkenean, etxeko atxiloaldia ezarri diote.
«Espetxetik deitu ninduten, bere bila joateko. Martutenera bidali gintuzten, han eskumuturreko gailua jarriko ziotela, eta etxera joango ginela esanez. Hara iritsi, eta arrebarekin barrura sartu nintzen. Gaiaz ezer ere ez zekitela esan ziguten, eta bigarren graduan iritsi zenez, espetxean geratu behar zuela. Azkenean, psikologoak, eskumuturrekoa ez zela iritsi, eta hurrengo egunera arte han geratu beharko zuela esan zigun. Nik jaso nuen espetxe batean, eta nik sartu nuen bestean». Hurrengo egunean, gailua etxean jarri behar ziotela eta, joaten utzi zioten. «Orduan, zergatik izan zuten gau oso bat Martutenen?» galdetzen du anaiak.
Egun, etxean preso, egoera «berezia» bizi du Mila Ioldik. Oinarrizko errenta laguntza ukatu egin diote, espetxeko azpiegituren menpe dagoela argudiatuz. «Espetxean behintzat otordu bat bermatzen diete. Nork bermatzen dio otordua etxean? lagunek edo senideek ekonomikoki laguntzerik ez badute, zer gertatzen da?» dio Ioldik.
Etxealdia «zaila»
Karlos Ioldik, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren «biktima edo kaltetu gisa» ikusten du bere arreba. «Pertsona bakoitzak modu batera edo bestera eramaten ditu gauzak. Espetxean, batzuk makurrarazi egiten dituzte, eta nire arreba horietako bat izan da. Gatazkaren erruz mundua behera erori zaio, ezin izan du gainditu, eta bere osasun egoera ahalik eta duintasun handienarekin eramatea da gure nahia» dio anaiak.
Preso politiko gaixoekiko espetxe politikak Zapatero Espainiar Gobernuko lehendakari bihurtu zenean okerrera egin zuela dio. «Ni Murtzian preso egon nintzen garaian, lagun bat aske utzi zuten, baldintzarik gabe». Arazo psikologikoak zituelako utzi zuten aske: «sententzia jaso zuen egunean, buruak buelta eman zion». Egun, preso politiko gaixoek askatasuna eskuratu nahi badute «baldintza gehiago» bete behar dituztela dio: «artikuluak dioenaz gain, beste orri bat sinatzera behartzen zaituzte, damua agertuz. Gehiago makurrarazi nahi dituzte». Minaren aitorpena bi norabideetan egin behar dela esaten du. Mina alde guztietan dagoela, baina ezin dela min hori helburu politikoekin erabili.
Berriozabal ere, gaixo
Inma Berriozabal A Lama espetxean dute, Pontevedran. 60 urte ditu, eta hainbat gaixotasun: Asma du. Espetxeratu aurretik ospitalean ingresatuta egona zen horregatik. Diabetea ere badu, hipertentsioa, hezurretako soriasia eta protesia belaun batean.
Azken bederatzi hilabeteetan lau aldiz izan du hankako behatz lodian infekzioa, «eta zortzi hilabetez ez diote kasurik egin» salatu du Jon Imanol Ormazabal senarrak. Sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri diote eta hiru urte eta lau hilabete egin ditu espetxean. «Kezkatuta» bizi du Ormazabalek egoera politikoa. «Kontu handiz» ibiltzekoa dela dio: «batek baino gehiagok esan dit azkenaldian andrea laster egongo da kalean. Nahi gabe bada ere, mina ematen dizu horrek, datarik ezin baita jarri».
Bisiten aurretik «urduri» egoten dela eta itzulera «bereziki gogorra» dela dio. Bisitetan arazoak ere izaten dituzte. Inma Berriozabal atxilotu ondorengo lehen bisitan, ez zioten bera ikusten utzi, izatezko bikote zirelako, ez senar-emazte. «Orduan ezintasuna sentitu nuen. Edukazioz hitz egin genien, baina azkenerako harro erantzun ziguten, eta bera ikusi gabe itzuli behar izan nintzen».
Sakabanaketa
«Ni espetxean egon nintzenean ez zegoen sakabanaketarik. Bederatzi egunez torturatzen zintuzten, baina espetxera iristean, lagunen berotasuna jasotzen zenuen. Hori asko zen» gogoratu du Karlos Ioldik. Arreba laguntzera itzuli da bera preso egon zen Murtziako espetxera, bisitan, «baimen berezi batekin». Oroitzapen onak ere gordetzen dituela dio. Han operatu zuten, eta ohera eskuburdinekin lotuta egon arren, bere seme jaio berria ezagutu zuen. Espetxetik atera zenean, «bukatu da» pentsatu zuela oroitzen du, baina hilabetera bere arreba atxilotu zuten. «Barrukoa eta kanpokoa ezagutu ditut, eta nere kasuan, gogorragoa izan da kanpokoa. Lehen bisitan, Madrilgo Soto del Real espetxera joan nintzenean, barruak mugitu zitzaizkidan».
Bi senideek bihar Bilbon presoen eskubideen alde, arratsaldeko bostetatik aurrera egingo den manifestaziotik haratago joateko beharra ikusten dute, presoen alde egin beharreko lana egunerokoa dela esanez: «manifestazioa egun bat da, baina gero igandea dator, astelehena…». Presoak eta erbesteratuak gatazkaren ondorioa dira, eta senideek diotenez, gatazkaren arrazoiak berak dira, aurrera jotzeko gainditu beharrekoak.
Hauek gaixo dauden Goierriko bi presoren senideen testigantzak dira. Askoz gehiago daude.