Animalien eta landareen babesgunea
Lasurtegiko hezegunea Zerainen dago. Bertako herritarrek betidanik iztinga bezala ezagutu izan dute. Zeraindarrek badakite berau berreskuratzea eta babestea «ezinbestekoa» dela bertako biodibertsitatea iraunarazteko. Horretarako, lehenik eta behin azterketa sakon bat egin zuten Aranzadi elkartekoekin batera, inguru guztia tentu handiz ezagutzeko helburuarekin. Gaur Hezeguneen Nazioarteko Eguna izanik, oso konsziente dira zeraindarrak hezegune horrek duen balioaz, eta berau babesteko eta ezagutzera emateko urratsak ematen ari dira. Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren sailetako urak bilduz, Zerainen sortzen den Lasurtegi errekaren arroan kokatzen da hezegunea. Bertan eman diren prozesu geologikoen eta hidrologikoen ondorioz, eta gizakiaren eragin desberdinen ondorioz, ur-ekosistema aberatsaren sorlekua izan da eremu hori: ur istildu iraunkorrak, istingak, errekak, iturriak, ibarbasoak etab. Historian zehar, hainbat giza jarduera ere garatu dira bertan, ingurunea itxuraldatuz eta egungo Zerain Paisaia Kulturaleko ondare naturala eta kulturala osatuz. Hezeguneak urak hartutako inguruak izaten dira, ur geruza txikikoak. Lehorrean (aintzira, zingira, zohikaztegia), zein itsas bazterrean (itsas padura, albufera, bokalea) berez sortu ohi dira. Eremu horiek beti edo noiz behinka urez aseta egoten dira. Hidrogeologia Lasurtegikoa, adin eta ezaugarri desberdinak dituzten bost material geologikok osatzen dute. «Material horietako bakoitzaren iragazkortasun maila garrantzitsua da, uraren dinamika horrek baldintzatuko baitu». Iragazkorrenak direnetan, ura lur azpira sartzen da, aldiz, iragazkortasun txikikoetan, ur gehiena lur gainetik [...]
Lasurtegiko hezegunea Zerainen dago. Bertako herritarrek betidanik iztinga bezala ezagutu izan dute. Zeraindarrek badakite berau berreskuratzea eta babestea «ezinbestekoa» dela bertako biodibertsitatea iraunarazteko. Horretarako, lehenik eta behin azterketa sakon bat egin zuten Aranzadi elkartekoekin batera, inguru guztia tentu handiz ezagutzeko helburuarekin. Gaur Hezeguneen Nazioarteko Eguna izanik, oso konsziente dira zeraindarrak hezegune horrek duen balioaz, eta berau babesteko eta ezagutzera emateko urratsak ematen ari dira.
Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren sailetako urak bilduz, Zerainen sortzen den Lasurtegi errekaren arroan kokatzen da hezegunea. Bertan eman diren prozesu geologikoen eta hidrologikoen ondorioz, eta gizakiaren eragin desberdinen ondorioz, ur-ekosistema aberatsaren sorlekua izan da eremu hori: ur istildu iraunkorrak, istingak, errekak, iturriak, ibarbasoak etab. Historian zehar, hainbat giza jarduera ere garatu dira bertan, ingurunea itxuraldatuz eta egungo Zerain Paisaia Kulturaleko ondare naturala eta kulturala osatuz.
Hezeguneak urak hartutako inguruak izaten dira, ur geruza txikikoak. Lehorrean (aintzira, zingira, zohikaztegia), zein itsas bazterrean (itsas padura, albufera, bokalea) berez sortu ohi dira. Eremu horiek beti edo noiz behinka urez aseta egoten dira.
Hidrogeologia
Lasurtegikoa, adin eta ezaugarri desberdinak dituzten bost material geologikok osatzen dute. «Material horietako bakoitzaren iragazkortasun maila garrantzitsua da, uraren dinamika horrek baldintzatuko baitu». Iragazkorrenak direnetan, ura lur azpira sartzen da, aldiz, iragazkortasun txikikoetan, ur gehiena lur gainetik igarotzen da.
Hezegunearen iparraldean, iragazkortasun maila handia duten sideritadun kareharriak daude, eta, bertan, dago Aizpeako Meategia. Eremu horretan erortzen den euri-ur gehiena lur azpira joaten da, eta beheko aldean dauden iturburuetan azaleratzen da, errekak edo iturriak sortuz.
Hegoaldera joanda, iragazkortasun txikiko materialak aurki daitezke bertan. Iragazkortasun txikiko eremu horietan, ura lur gainetik mugitzen denez, erreka eta errekasto ugari jaiotzen dira. Horrez gain, Olaiztinga eta Basaltegiko istingak sortzeko baldintza egokiak eman dira.
Barnealdeko hezegune ez iraunkor horiek, «garrantzitsuak dira ur emari iraunkorrak bermatzeko eta biodibertsitatearen babeserako», diote Aranzadikoek.
Biodibertsitatearen balioa
Aranzadi zientzia elkartekoek jakitera eman dutenez, hezeguneak, uraren eta lehorraren artean daudenez, «natur eremu eta ekosistema oso berezi eta konplexuak dira». Batetik, urperatutako lekuetan bizi diren landareak sortzen dira bertan, eta bestetik istingetan eta zingiretan bizi ohi direnak, besteak beste, likenak, goroldioa eta ihiak. Horien inguruan, berriz, erreka eta ibai bazterretako landaredia aurki daiteke. Esaterako, haltzak.
Gune horietan sortutako habitat aldakorrak hornogabe, anfibio zein narrasti espezieentzat «oso eremu aproposak dira», Aranzadikoen hitzetan. Landare nahiz animalia mota ugari hazi eta bizi da han, «eta horrek, bertako biodibertsitatearen balioa handia dela adierazten du».
Landarediari dagokionean, istingaren barnean lezkadia (Typha latifolia), belardi-ihidia (Juncus sp.) eta ibaiertzetakoa ez den haltzadia (Alnus glutinosa) bezalako habitatak daude. Habitat bakoitzak bere landaredia eta garrantzia ekologikoa ditu. Basaltegin aurkitutako espezie aipagarrienak bi dira: Gipuzkoako beste bi tokietan soilik aurkitu duten Eriophorum latifolium eta Schoenus nigricans, Gipuzkoa barnealdean lehen aldiz leku horretan aurkitu duten espeziea.
Animaliak
Animaliei dagokionean, berriz, istingetan aurkitu daitezkeen ornodun esanguratsuenak penintsula eta Europa mailan babestuta dagoen txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) eta penintsula mailan babestuta dagoen uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) dira. Narraztien kasuan, sugandila bizierrulea (Zootoca vivipara) eta EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan interes bereziko espezie bezala sailkatuta dagoen eskulapio sugea (Zamenis longissimus) ere aurkitu litezke bertan.
Bestalde, aldaparoan –beste guneak bezain aberatsa ez izan arren–txantxiku arruntaren zapaburuak eta uhandre palmatuaren ale helduak topatu dituzte adituek.
Natur baliabide ugari ustiatu ditu gizakiak
Lasurtegiko hezegunearen baitan, milaka urtetan natur-baliabide ugari ustiatu izan ditu gizakiak. Hezegunearen inguruko eremuak jasandako eragina handia izan da, nahiz eta, ustiapena modu tradizionalean egin.
Inguru horretan ikus daitezkeen errekak, iturburuak, iturriak eta istingak aztertzerakoan, ura baliabide ugaria dela antzeman daiteke. Horri esker, oinarrizko giza beharrak asetzeaz gain, nekazaritza, abeltzaintza, meagintza eta zurgintza garatzeko erabili dute zeraindarrek. Horren adibide da Larraondo baserriko Higinio eta Santiago Alustiza anaiek 1890 urte inguruan eraikitako Larraondoko Zerrategia. Gaur egun ere lanean ikusteko moduan dago.
Metala ere kopuru handitan aurki zitekeen bertan. Aizpeako Burdinaren mendian ateratzen zituzten burdina, beruna, basaltoa eta bestelako metalak, eta ondoren, labeetan erre eta ontzen zituzten. Egun, errekastoetan ikus daitekeen kupre kolorea (laranja-gorrixka) urak disolbatutako burdinaren adierazle da.
Egur ustiapena «ezinbestekoa» izan da etxeen eta itsasontzien eraikuntzarako. Baita altzariak egiteko, sua pizteko edota etxean zein meatzetan erabiltzen zuten ikatza sortzeko ere. Behar horiek asetzeko, baso mugarratuek (ikatza lortzeko zuhaitzei adarrak mozten zizkieten hazi ahala. Zuhaitz horiek altura txikia eta forma berezia hartzen zuten) zeresan handia izan dute, eta paisaiaren osagai garrantzitsuak izan dira mendeetan zehar. Azken hamarkadetan, zurgintzara eta papergintzara bideratutako koniferoen landaketak nagusitu dira, eta baso mugarratuak isolatuta geratu dira.
Lurraren erabilera
Lurrari dagokionean esan, XX. mendearen erdialdera arte Lasurtegiko arroa batez ere abereentzako erabili zutela. Ingurune hori garoz beteta zegoen. Abeltzantza uztearekin batera, baso-landaketetara bideratu zituzten lur horiek. Erabilera aldaketa horrek, arroko lurren garapena ahalbideratu zuen, sakonera handiagoko lurrak eratuz.