Urdanetak bihar egingo du inauteri desfilea, eta Jakintza Ikastolak etzi
Ordiziako ikastetxeak buru belarri dabiltza azken asteetan inauterietako desfileak prestatzen. Ostegun Gizen egunarekin bat eginez, Urdaneta ikastetxekoek bihar egingo dute inauteri desfilea, eta etzi, Ostiral Mehe egunez, Jakintzakoen txanda izango da...
Ordiziako ikastetxeak buru belarri dabiltza azken asteetan inauterietako desfileak prestatzen. Ostegun Gizen egunarekin bat eginez, Urdaneta ikastetxekoek bihar egingo dute inauteri desfilea, eta etzi, Ostiral Mehe egunez, Jakintzakoen txanda izango da.
Urdaneta ikastetxea 28. Kultur Astea ospatzen ari dira astelehenaz geroztik, eta inauterietako desfilea prestatzearekin bat, beste hainbat ekimen egiten ari dira egunotan. Mozorro desfilea bihar egingo dute Buztuntza auzoan, 15:00etan abiatuta. Eguraldiak laguntzen ez badu, desfilea datorren asteartera atzeratuko dute. Munduko inauteriak gaitzat hartuta mozorrotuko dira.
Euskal inauteriak etzi
Jakintza Ikastolak euskal inauteriak izaten ditu gogoan urtero mozorro desfilea egitean. Etzi izango da, 15:00etan, eta Barandiaran plazan merienda eginez bukatuko dute, 16:30ak aldera. Euria eginez gero, pilotalekuan eta Villa Eugenian bilduko dira.













