«Eliza eta Mujika dorretxea ez beste eraikin gehienak erre ziren 1512an»
Patxi Garmendia ‘Mendigar’ • Historialaria Orain 500 urte herriak erretzea normala zela, eta berreraikitzeko laguntzak Ordiziak nola lortu zituen azaldu du Garmendiak. Datorren igandean, hilak 18, Ordizia erre zela 500 urte beteko dira. Horren ondorioz, herria berreraikitzeko laguntza jaso zuen Ordiziak; aurrena Gipuzkoako Batzar Nagusietatik, eta ondoren, asteazkenero azoka egiteko baimena jasota Gaztelatik. Ordizia herri noblea zela azaldu du Patxi Garmendia Mendigar historialariak (Ordizia, 1956), eta noble horietako batzuk egindako lana xehetu du elkarrizketan. Ordiziako azokaren eta Ordiziaren sorrera bera San Bartolome inguruan kokatzen da. Zer datu daude? Daturik ez dago. Dakiguna da Bizkaiko eta Gipuzkoako antolakuntza bailaraka banatzen zela X. eta XI. mendeetan, eta suposatzen da baseliza bat sortu zela, San Bartolome izenekoa. Gaur egun dagoena ez da garai hartakoa, Independetzia Gerran frantziarrek erre egin zutelako. Gerora, Leonardo Urteagak, Gasteizko katedralean apaiz zenak, Donejakue Bidearekin lotu zuen baseliza. Egia da Oria ibaia zeharkatzeko pasabide bat badagoela, eta hark esaten du lehen merkataritza harremanak inguru horretan eman zirela, baina frogarik ez dago. Kokagune aldetik, Ordizia leku estrategikoan zegoen, hau da, borrokatoki izateko leku aproposa zen. Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan dago Ordizia. Mende horietan Gipuzkoa Nafarroako Erresumaren menpe zegoen, baina 1.200 urtean Gaztelak Gipuzkoa hartu zuen. Gaztelako erregeek bi gauzengatik [...]
Patxi Garmendia ‘Mendigar’ • Historialaria
Orain 500 urte herriak erretzea normala zela, eta berreraikitzeko laguntzak Ordiziak nola lortu zituen azaldu du Garmendiak.
Datorren igandean, hilak 18, Ordizia erre zela 500 urte beteko dira. Horren ondorioz, herria berreraikitzeko laguntza jaso zuen Ordiziak; aurrena Gipuzkoako Batzar Nagusietatik, eta ondoren, asteazkenero azoka egiteko baimena jasota Gaztelatik. Ordizia herri noblea zela azaldu du Patxi Garmendia Mendigar historialariak (Ordizia, 1956), eta noble horietako batzuk egindako lana xehetu du elkarrizketan.
Ordiziako azokaren eta Ordiziaren sorrera bera San Bartolome inguruan kokatzen da. Zer datu daude?
Daturik ez dago. Dakiguna da Bizkaiko eta Gipuzkoako antolakuntza bailaraka banatzen zela X. eta XI. mendeetan, eta suposatzen da baseliza bat sortu zela, San Bartolome izenekoa. Gaur egun dagoena ez da garai hartakoa, Independetzia Gerran frantziarrek erre egin zutelako. Gerora, Leonardo Urteagak, Gasteizko katedralean apaiz zenak, Donejakue Bidearekin lotu zuen baseliza. Egia da Oria ibaia zeharkatzeko pasabide bat badagoela, eta hark esaten du lehen merkataritza harremanak inguru horretan eman zirela, baina frogarik ez dago.
Kokagune aldetik, Ordizia leku estrategikoan zegoen, hau da, borrokatoki izateko leku aproposa zen.
Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan dago Ordizia. Mende horietan Gipuzkoa Nafarroako Erresumaren menpe zegoen, baina 1.200 urtean Gaztelak Gipuzkoa hartu zuen. Gaztelako erregeek bi gauzengatik indartu nahi zuten Gipuzkoa: batetik, Gaztelaren eta Akitaniaren arteko bidea indartu nahi zuelako, eta bestetik, Nafarroarekin muga indartzeko. Hori dela eta, Gaztelak hiribildu berriak sortu zituen: Agurain, Segura, Ordizia, Tolosa eta Hernani.
Ordiziari Gasteizko Forua eman zioten 1268an, pribilegio asko lortuz. Zer mailatako pribilegioak ziren?
Hiru planotan ulertu behar dira pribilegio horiek. Alderdi sozialetik, foruak emandako pribilegioak zituen; alde ekonomikotik, merkataritza harremanak Ordiziako harresiaren barnealdean egin behar ziren; eta plano juridikoan, Ordiziako agintariek justizia ezar zezaketen, Segurakoek eta Tolosakoek bezalaxe. Orduan, badakigu garai hartan merkataritza harremanak ematen zirela, baina ez zer maiztasunarekin.
Datorren igandean, hilak 18, 500 urte beteko dira Ordizia erre zela. Sute hari buruzko zer informazio nabarmendu daiteke?
Ez dago informazio handirik. Orduan ohikoak izaten ziren suteak. Etxeak egurrezkoak ziren, denak elkarren segidan zeuden, eta etxeetan kandelekin-eta ibiltzen ziren. Eliza, Mujika dorretxea, Barrenaren aurrean zegoen beste dorretxe bat, eta plazaren goialdeko beste bat… horiek ez beste etxe guztiak erre ziren.
Gaztelako Erresumaren laguntza, hala ere, berehala etorri zen. Ohikoa al zen hori, edo interesa zegoelako iritsi zen laguntza hori?
Azoka egiteko baimenaren aurretik, Gipuzkoako Batzar Nagusien laguntza jaso zuen Ordiziak, apirilaren 18an. Zergatik horren azkar? Herrietan aristokrazia sortzen zen, noblezia, eta elite horrek botere handia zuen batzarretan. Ordiziak bi ordezkari zituen. Garai hartan, Donostia, Tolosa, Ordizia eta Segura ziren Gipuzkoan erabaki asko hartzen zituztenak. Zumaian egin zen batzar hartan segituan lortu zuten laguntza, eta baita herria berreraikitzeko materiala ere (harria, kareharria…). Herria husteko arriskua zegoen.
Eta gero etorri zen zergatik libre zegoen azoka egiteko baimena.
Martin de Mujika ordiziarra Isabel Katolikoaren zerbitzari nagusia zen orduan, eta gero Juana Eroaren –Isabelen alaba– zerbitzari nagusia eta diruzaina izan zen. Juana Flandesen ezkondu zen, eta bidaia horretan joan zen De Mujika. Isabel orduan hil zen, eta boterea Juanari pasa zitzaion zuzenean. Baina Aragoiko Fernando Katolikoak boterea eskuratu nahi zuen, eta De Mujikaz baliatu zen. De Mujikak, beste noble batzuen laguntzaz, txosten bat egin zuen esanez Juana erotuta zegoela, eta horrekin lortu zuten boterea Fernandori pasatzea. Alegia, azoka egiteko baimena Fernandoren idazkariak idazten du, baina Juanak sinatu. Mesede horren truke, De Mujikari maiorazgoa eman zioten. Testuinguru horretan ulertu behar da pribilegioa horren azkar ematea.
Eta zer moduzkoa izan zen Ordiziaren berreraikitzea, eta azokaren egonkortzea?
Hazkunde ekonomikoko garaia zen, batez ere Amerikako eta Europako merkataritzarengatik. Horrek azoka sustraitzen lagundu zuen. Hala ere, 1615. urtean, Ordiziari lotuta zeuden herrixkek (Zaldibia, Legorreta…) askatasuna lortu zuten, eta ematen du gainbehera izan zuela orduan azokak. XVI. eta XVII. mendeei buruz ez dago informazio asko.
Pribilegioaren agiria ere desagertuta egon zen bolada batez. Zer gertatu zen orduan?
Konbentzio garaian, Frantziako armada sartu zen Gipuzkoan, 1793an. Horri aurre egiteko, Gaztelako armada etorri zen, Ordiziako udaletxean egon ziren, eta azoka erre egin zuten. Azoka berpizteko agiria berreskuratu nahi zuten, eta Madrilgo Aravaca herrian azaldu zen. Carlos IV.a erregeak azoka egiteko baimena eman zuen berriz 1797an. Abenduan hasi zen berriz ospatzen, eta gaur egunera arte.
Trenbideak eta geltokiaren sorrerak bultzada handia eman zion azokari. Zertarainokoa izan zen?
1864an trenbidea amaituta zegoen, baina 1869ra arte ez zuen geralekurik. 1900. urtean, berriz, geltoki izaera hartu zuen. Horrek sekulako bultzada eman zion, bai jendearen joan-etorrirako, eta baita produktuak ekarri eta eramateko ere.
1797tik gaur egunera arte egin dela azoka esan duzu. 36ko gerrak ez al zuen etenik eragin?
Pare bat hilabetean bai, baina gero berriz hasi ziren.
Eta Ordiziako prezioak noiztik dira Gipuzkoa osorako eredu?
36ko gerraren ondoren. Ordiziakoa Goierriko eta Gipuzkoako azokatzat jotzen hasi ziren, eta aste guztirako prezioak Ordizian zehazten ziren. Datu hori guztiak bilduta eta zenbatuta daude.












