Mari Paz Martin: «Euskara erabiliz disfrutatu egiten dela transmititu behar dugu»
Atzera begiratu eta etorkizunean zein norabide hartu behar den pentsatzeko garai aproposak izaten dira urteurrenak. Beasaingo udal euskaltegiak, aurten beteko ditu 25 urte. Mari Paz Martin (Irun, 1957) hasieratik ari da euskaltegian lanean, eta orain zuzendari kargua hartu du. Udal euskaltegia martxan jarri zenetik zaude bertan lanean. Nolakoa izan zen hasiera hura? 1987an sortu zen udal euskaltegia. Oposaketa egin eta lau irakasle hasi ginen, eta geroztik hemen ari gara. Sartu ginenean, udaletxeko lokalean zegoen euskaltegia, eta lokala diot, besterik ez zegoelako, lokala, mahai bat eta lau aulki. Eta han hasi ginen lanean. Urteak pasa dira, bai. Herrian nabaritzen al zen euskaltegi baten beharra? Gu sartu ginenerako aurreko lan hori eginda zegoen. Ordurako AEK ere bazegoen Beasainen, baina nonbait udalak pentsatu zuen zerbitzu hori eskaintzea. Zerbitzu publiko moduan sortu zen, udalarekin koordinatuta. Guretzat garrantzitsua da hori, udalaren zerbitzu bat gehiago garelako, eta koordinazio hori beti egon izan da. Hor dago euskara plan bat, kultura eta euskara saila, eta hor markatutako ildoen arabera eskaintzen dugu gure zerbitzua. Hasierako garai hartatik hona, ikasleen motibazioa aldatu al da? Bai, desberdina da hasieratik. Beti izan dira oso pertsona motibatuak, gustoz ikasten zutenak, eta beste batzuk gehiago lanari begira ikasten zutenak. Hori urteekin batera aldatzen joan [...]
Atzera begiratu eta etorkizunean zein norabide hartu behar den pentsatzeko garai aproposak izaten dira urteurrenak. Beasaingo udal euskaltegiak, aurten beteko ditu 25 urte. Mari Paz Martin (Irun, 1957) hasieratik ari da euskaltegian lanean, eta orain zuzendari kargua hartu du.
Udal euskaltegia martxan jarri zenetik zaude bertan lanean. Nolakoa izan zen hasiera hura?
1987an sortu zen udal euskaltegia. Oposaketa egin eta lau irakasle hasi ginen, eta geroztik hemen ari gara. Sartu ginenean, udaletxeko lokalean zegoen euskaltegia, eta lokala diot, besterik ez zegoelako, lokala, mahai bat eta lau aulki. Eta han hasi ginen lanean. Urteak pasa dira, bai.
Herrian nabaritzen al zen euskaltegi baten beharra?
Gu sartu ginenerako aurreko lan hori eginda zegoen. Ordurako AEK ere bazegoen Beasainen, baina nonbait udalak pentsatu zuen zerbitzu hori eskaintzea. Zerbitzu publiko moduan sortu zen, udalarekin koordinatuta. Guretzat garrantzitsua da hori, udalaren zerbitzu bat gehiago garelako, eta koordinazio hori beti egon izan da. Hor dago euskara plan bat, kultura eta euskara saila, eta hor markatutako ildoen arabera eskaintzen dugu gure zerbitzua.
Hasierako garai hartatik hona, ikasleen motibazioa aldatu al da?
Bai, desberdina da hasieratik. Beti izan dira oso pertsona motibatuak, gustoz ikasten zutenak, eta beste batzuk gehiago lanari begira ikasten zutenak. Hori urteekin batera aldatzen joan da, eta motibazio hura, oraindik ere badago, baina proportzioan ez da horren handia. Guregana asko etortzen dira azterketak prestatzera, edo baditugu helburu bereziak dituzten taldeak, adibidez irakasleak, administrazioko langileak, Osakidetzakoak…
Eta etorkinentzako ikastaro edo talde berezirik ba al duzue?
Etorkinak baditugu, baina ez talde moduan. Beste taldeetan tartekatzen ditugu eta nik uste hala behar duela. Batzuk oso ondo moldatzen dira gainera.
Azken urteetan izandako beste berrikuntza bat, Mintzalaguna egitasmoa izan da. Ze harrera izan du?
Bai, azken urteetako kontua da, eta oso sistema polita da. Izan ere, hor elkartzen dira euskaraz hitz egiten duen bat, euskaraz ikasten ari diren beste bi lagunekin, beraiek nahi dutena egiteko, kirola egiteko, kafe bat hartzeko… Baina saiatu behar dugu sare hori zabaltzen, gero eta jende gehiagorengana iristeko.
Ekonomia krisiak kulturako hainbat alor kaltetu ditu. Zuen kasuan, laguntza aldetik eta, nabaritu al duzue murrizketarik?
Gure kasuan laguntza hori mantentzen da. Une honetan ikusten dugun arazorik handiena da, oso baliabide juxtukoak ditugula. Sei irakasle gara eta seirok egin behar diogu aurre etortzen den guztiari, ezin dugu kontratazio berririk egin, eta hori muga bat da.
Lokala ere duela urtebete inguru zabaldu zenuten. Gustura al zaudete?
Une honetan obretan ari gara, hezetasunarekin arazo bat izan dugulako. Baina gainontzean ondo, gustura gaude. Herrigunetik pixka bat aldendu gara, baina toki ona da, jende asko pasatzen delako. Dena berria da eta instalazio aldetik dena ondo dago.
Urteurrena ospatzeko ezer berezirik egingo al duzue?
Ospakizunak izango dira eta programazioa lotzen ari gara. Puntu nagusia urria inguruan izango da, ikasturte hasierarekin batera, orduan beteko baititugu 25 urte. Momentuz, 25. urteurreneko logoa sortu dugu, eta martxoaren 8aren inguruan ere lehiaketa bat egin dugu. Bloga ere estreinatu dugu, twitter kontua… Hori da erronketako bat, teknologia berrietan sartzea. Eta gero hainbat hitzaldi eta tailer bat egiteko asmoa ere badugu. Baina esan behar da antolatzen ditugunean ez ditugula ikasleentzat bakarrik antolatzen, eta aukera ematen diegula herritarrei ere parte hartzeko, eta polita izaten da gainera, herritarrak eta ikasleak elkartzea. Ikasleek ikus dezaten herrian nola erabiltzen den euskara, eta herritarrek ikus dezaten zer nolako ahalegina egiten duten euskara ikasten ari direnek.
Urteurren hau mugarri bat ere izango da. Hemendik aurrera ze erronka dituzue?
Erronka nagusia ikasleak nola erakarri asmatzea da, kontzientzia hori sortzea ikasleengan. Gure esparrutik egin dezakegun ekarpen txikia hori da, euskararen erabilera bultzatzea, azkenean hori baita helburu nagusia. Eta jendea erakartzeko garaian, beti esan izan dut oso ezkorrak garela, eta pisu handia jartzen dugula gauza negatiboetan; askotan aipatzen da konpromiso hitza, eta horrek zama bat esan nahi du, ardura bat. Nik uste dut hori alde batera utzi eta euskaraz hitz eginez eta euskara erabiliz disfrutatu egiten dugula transmititu behar dugula. Eta horrela erakarriko dugu jendea.