Artaldeen pasaera, urteroko ikusmina
Euri iragarpenak gutxi batzuk atzera bota bazituen ere, beste behin, Ordizia jendez betetako azoka handi bat bihurtu zen atzo. Ohiko azoketan baino haur eta heldu gehiago zebilen atzo, eskolarik eta lanik izan ezean goiz-pasa polita egiteko aukera ematen baitu Artzain Egunak. Asteazkeneroko azokaz gain, ahari eta ardi erakusketa-lehiaketa egon zen Garagartza plazan. Gainera, errape lehiaketa bat ere egin zen. Transumantzia espektakulu Hala ere, dudarik gabe, Artzain Egunak ikusle gehien inguratzen dituen ekitaldea transumantzia irudikatzen duen ardien pasaera izaten da. 11:00ak baino zertxobait lehenago jende mordoa zegoen artaldeak pasatu zain Plaza Nagusiaren inguruan, bidearen bi aldeetara baztertuta. Eta pasa, pasa ziren; 2.000 arditik gora. Etxezarreta anai-arreben artaldea lehenik. Garbiñe Etxezarretak azaldu duenez, «hainbeste kamera eta jende begira egonda, konturatzerako pasatzen zara plazatik. Izugarria izaten da». Behin artalde guztiak pasata jendearen mugimendu handiagoa nabaritzen hasi zen. Jendea postuz postu, tabernetan ere jendetza, dultzainero eta trikitilariak kalejiran… Asteroko postuez gain, artisau postu batzuk ere egon ziren Garagartza plazaren inguruetan: gazta saltzaile ugari, eztia eta erleen produktuak, opilak, pitxiak, jantziak, oinetakoak, jostailuak… Horietako saltzaile gehienek «ferietako salmentak asko jaitsi» direla adierazi zuten: «Betiko bezeroez gain oso jende gutxik erosten ditu produktuak horrelako egunetan. Jendea goiz-pasa etortzen da». Hala ere, horrelako azoka eta festa gehienetan [...]
Euri iragarpenak gutxi batzuk atzera bota bazituen ere, beste behin, Ordizia jendez betetako azoka handi bat bihurtu zen atzo. Ohiko azoketan baino haur eta heldu gehiago zebilen atzo, eskolarik eta lanik izan ezean goiz-pasa polita egiteko aukera ematen baitu Artzain Egunak.
Asteazkeneroko azokaz gain, ahari eta ardi erakusketa-lehiaketa egon zen Garagartza plazan. Gainera, errape lehiaketa bat ere egin zen.
Transumantzia espektakulu
Hala ere, dudarik gabe, Artzain Egunak ikusle gehien inguratzen dituen ekitaldea transumantzia irudikatzen duen ardien pasaera izaten da. 11:00ak baino zertxobait lehenago jende mordoa zegoen artaldeak pasatu zain Plaza Nagusiaren inguruan, bidearen bi aldeetara baztertuta.
Eta pasa, pasa ziren; 2.000 arditik gora. Etxezarreta anai-arreben artaldea lehenik. Garbiñe Etxezarretak azaldu duenez, «hainbeste kamera eta jende begira egonda, konturatzerako pasatzen zara plazatik. Izugarria izaten da».
Behin artalde guztiak pasata jendearen mugimendu handiagoa nabaritzen hasi zen. Jendea postuz postu, tabernetan ere jendetza, dultzainero eta trikitilariak kalejiran… Asteroko postuez gain, artisau postu batzuk ere egon ziren Garagartza plazaren inguruetan: gazta saltzaile ugari, eztia eta erleen produktuak, opilak, pitxiak, jantziak, oinetakoak, jostailuak… Horietako saltzaile gehienek «ferietako salmentak asko jaitsi» direla adierazi zuten: «Betiko bezeroez gain oso jende gutxik erosten ditu produktuak horrelako egunetan. Jendea goiz-pasa etortzen da». Hala ere, horrelako azoka eta festa gehienetan bezala, bezerorik falta izan ez zutenak Segurako talogileak izan ziren. Udaletxetik gertu zuten postuan jendearen emana izugarria izan zen.
Garagartza plazan, urteero bezala, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak pintxoa eta edaria eskaini zituen 2 euroren truke. Eusko Label izendapeneko 37 esne bildots erre zituzten guztira, «elkarteko proiektuak aurrera eramateko», Nekane Lekuona Gizarte Laguntzaileak azaldu zuenez.
Ile-moztea ikusten harrituta
Artzain Egunean jendearen arreta gehien erakartzen duen ekitaldia transumantzia irudikatzen duen ardi-pasaera bada ere, ile-mozteak ere jende mordoxka inguratzen du urtero. Haurrei zein helduei gustatzen zaien ikuskizuna izaten da.
Egunean zehar Garagartza plazan egon ziren ahari eta ardien sariak banatu zituzten, eta baita erraperik onenak saritu ere.
Sarituak
Mutur gorriak
Arkume ahariak
• 1. Ointzabal (Beizama).
• 2. Ointzabal (Beizama).
Bildots ahariak
• 1. Ointzabal (Beizama).
• 2. Balerdi Etxeluze (Altzo).
Ahari zaharrak
• 1. Ointzabal (Beizama).
• 2. Ointzabal (Beizama).
Mutur beltzak
Arkume ahariak
• Mausitxa (Elgoibar).
Bildots ahariak
• Mausitxa (Elgoibar).
Ahari zaharrak
• Mausitxa (Elgoibar).
Errapeak
Mutur beltzak
• Aizpea (Olaberria).
Mutur gorriak
• Gomiztegi (Oñati).











