Nafarroa, memoria berreskuratuz
Duela 500 urte «armada gaztelar-aragoarrak Nafarroan sartu ziren: herriak erre zituzten, emakumeak bortxatu, ondasunak konfiskatu, nafar leialak erbesteratu, exekuzioak egin ziren, gazteluak suntsitu zituzten… eta azkenean, Nafarroaren bihotza inbaditu zuten». Halaxe azaldu zuen Beñi Agirrek joan den igande goiz eguzkitsuan. Dozenaka lagun Larraitzen bildu ziren, Nafarroako banderak banatu eta aireak astintzen zituela, mendian gora abiatu ziren, Ausa Gaztelurantz. Haurrak, gazteak, helduxeagoak… denetariko jende abiatu zen, oinez zein zaldiz. Azken urteetan bertan egin duten ekitaldiaren bidez «gogora ekarri» nahi dute Nabarraldeko kideek «gezurrezko historia» kontatu izan dela, «Nafarroa ez zela libreki bildu Gaztelara eta konkista hura erabili zutela gure estatalitatea indarrez hondorarazteko: Historiak erakusten digu independente izan ginela, eta izateari utzi behar izan geniola, ez gure arbasoen nahiagatik, espainiar eta frantsesen bortxagatik baizik». Behin Ausa Gazteluko azken aldapan hartutako berotuak normaldu zitzaizkienean, eta bakoitzak eramandako hamaiketatxoarekin indarberritu zirenean, Nafarroako ereserkia abestu zuten txistuz lagunduta. Erribera abestia ere abesu zuten jarraian, eta giroaren indarrak bat edo beste irrintzika jartzea ere lortu zuen. Konkistatuta, baina bizirik Ekitaldiaren mamiaren buruzkoak, Agirre Nabarraldeko historialari ezagunak eman zituen «baskoiei eta berauei» gertatutakoen inguruko zenbait datu. Nafarroa «herri askea, txikia, baina subiranoa» zela gogoratu zuten: «Garai hartan, Gaztela godo basatien konderria besterik ez zenean, baskoiek jada erresuma [...]
Halaxe azaldu zuen Beñi Agirrek joan den igande goiz eguzkitsuan. Dozenaka lagun Larraitzen bildu ziren, Nafarroako banderak banatu eta aireak astintzen zituela, mendian gora abiatu ziren, Ausa Gaztelurantz. Haurrak, gazteak, helduxeagoak… denetariko jende abiatu zen, oinez zein zaldiz.
Azken urteetan bertan egin duten ekitaldiaren bidez «gogora ekarri» nahi dute Nabarraldeko kideek «gezurrezko historia» kontatu izan dela, «Nafarroa ez zela libreki bildu Gaztelara eta konkista hura erabili zutela gure estatalitatea indarrez hondorarazteko: Historiak erakusten digu independente izan ginela, eta izateari utzi behar izan geniola, ez gure arbasoen nahiagatik, espainiar eta frantsesen bortxagatik baizik».
Behin Ausa Gazteluko azken aldapan hartutako berotuak normaldu zitzaizkienean, eta bakoitzak eramandako hamaiketatxoarekin indarberritu zirenean, Nafarroako ereserkia abestu zuten txistuz lagunduta. Erribera abestia ere abesu zuten jarraian, eta giroaren indarrak bat edo beste irrintzika jartzea ere lortu zuen.
Konkistatuta, baina bizirik
Ekitaldiaren mamiaren buruzkoak, Agirre Nabarraldeko historialari ezagunak eman zituen «baskoiei eta berauei» gertatutakoen inguruko zenbait datu. Nafarroa «herri askea, txikia, baina subiranoa» zela gogoratu zuten: «Garai hartan, Gaztela godo basatien konderria besterik ez zenean, baskoiek jada erresuma sortua zuten, txanpona zizelkatzen zuten, lege propioak zituzten, eta epaileak eta euskal lurraldea defendatzen zuen ejertzitoa ere bazituen».
Nafarroako estatuaren konkista gertatu zenetik 500 urte igaro badira ere, Nafarroak «bizirik» dirauela azpimarratu zuen Agirrek. «Gure eskubideak defendatu ahal izateko herri honen memoria historikoa berreskuratu» nahi dutela azaldu zuten ekitaldiaren amaieran.
Hori dela eta «gaurkotasun osoz, eta justiziazkoa delako» nazioarteari «denok nafar gineneko estatu askea berreskuratzen» laguntzeko eskaera luzatu zuten Nabarraldekoek.
Behin ekitaldia amaituta beheranzko bidean abiatu ziren. Larraitzeko langan trikitilariak zain zituzten eta berauekin batera, kalejiran Larraizko plazatxora joan ziren.
Plazatxoan Rafa Berasategi segurarrak egindako gaztelutxoaren aurrean egin zuten bigarren ekitalditxoa, igande eguzkitsu batek Larraitza erakarri zuen bisitari mordo baten inguruan. Bertan Nabarraldek ateratako zenbait publikazio, kamiseta eta nafar banderak ere bazeuden salgai.
Behin Larraitz eta inguruetako festak amaitu zituztenean, ekitaldietan parte hartu zuten lagun asko Lazkaoko Gerriko elkartera joan ziren bazkari eder batez gozatzera.
Elkarte beretik autobusa jarriko da ekainaren 16an Iruñean egingo den Nafarroako Ibilaldi Nazionalera joateko. Lazkaotik abiatuko da goizeko 09:00etan eta Iruñeatik buelta 20:00etan izango da. Bertaratu nahi dutenentzat txartelak salgai egongo dira Lazkaoko Gerriko liburudendan.
Bestalde, uztailaren 25ean, Albako Dukearen Armada nafar hiriburuan sartu zela 500 urte igaro zirela gogoratzeko, Nafarroako bandera haga erdian eta dolu-xingolarekin jartzeko deia egin dute. Herritar, talde, elkarte, zein udal instituzio guztiei dei bera egin diete.