36ko Gerran fusilatutako herritarren omenez eskultura bat egingo dute
Frankoren aldeko tropak Beasainen sartu eta 32 lagun hil zituzten duela 76 urte, 1936ko uztailaren 27tik 28rako gauean. Ideia eta bizimodu erabat ezberdineko jendea zen, eta tartean, Beasaindik kanpoko jendea ere bazen; baita bi emakume ere. Urte luzetan ixilpean gorde den historia hori azken hamarkadetan hasi da azalera ateratzen. Orain, hildako pertsona horien memoria herritar guztien bistan egon dadin, eskultura bat jarri nahi dute, fusilamendu horiek izan ziren lekutik gertu. Gai horren inguruko interesak bildutako herritar talde batek bultzatu du ekimena, eta udalaren babesa ere jaso dute. Memoria berreskuratzeko ekimen hori bultzatzen ari den taldearen izenean, Andoni Sarriegik hartu zuen hitza. Gai hori 1977ra arte «ixilpean eta familia artean» bakarrik aipatu izan dela azaldu zuen, eta herritarrek berrogei urtez «kremailera ezpainetan jarrita» izan zutela. Hildako 32 lagun horien izenak, 1987an argitaratu ziren aurrenekoz, Beasain, udalerri gipuzkoar baten historia liburuan argitaratu zutenean. Izen horiek duela 25 urte argitaratu baziren ere, «erakundeen aldeko erreakzioak oso berandu» iritsi direla uste dute. «Pentsatu non gauden, 76 urte bete dira altxamendu hura gertatu zela». Sarriegik gogora ekarri zuen nola «2006an, orduko udalak halako aitormen bat» egin zien fusilatutakoen senideei. Ekitaldi hura beharrezkoa izan bazen ere, «zerbait iraunkorra, denok begien bistan ikusiko duguna» falta dela uste [...]
Frankoren aldeko tropak Beasainen sartu eta 32 lagun hil zituzten duela 76 urte, 1936ko uztailaren 27tik 28rako gauean. Ideia eta bizimodu erabat ezberdineko jendea zen, eta tartean, Beasaindik kanpoko jendea ere bazen; baita bi emakume ere. Urte luzetan ixilpean gorde den historia hori azken hamarkadetan hasi da azalera ateratzen. Orain, hildako pertsona horien memoria herritar guztien bistan egon dadin, eskultura bat jarri nahi dute, fusilamendu horiek izan ziren lekutik gertu. Gai horren inguruko interesak bildutako herritar talde batek bultzatu du ekimena, eta udalaren babesa ere jaso dute.
Memoria berreskuratzeko ekimen hori bultzatzen ari den taldearen izenean, Andoni Sarriegik hartu zuen hitza. Gai hori 1977ra arte «ixilpean eta familia artean» bakarrik aipatu izan dela azaldu zuen, eta herritarrek berrogei urtez «kremailera ezpainetan jarrita» izan zutela. Hildako 32 lagun horien izenak, 1987an argitaratu ziren aurrenekoz, Beasain, udalerri gipuzkoar baten historia liburuan argitaratu zutenean.
Izen horiek duela 25 urte argitaratu baziren ere, «erakundeen aldeko erreakzioak oso berandu» iritsi direla uste dute. «Pentsatu non gauden, 76 urte bete dira altxamendu hura gertatu zela». Sarriegik gogora ekarri zuen nola «2006an, orduko udalak halako aitormen bat» egin zien fusilatutakoen senideei. Ekitaldi hura beharrezkoa izan bazen ere, «zerbait iraunkorra, denok begien bistan ikusiko duguna» falta dela uste dute. «Ekitaldi horiek pasatzen dira eta ez da ezer geratzen. Eta garai hartako seinalerik, hezurren edo gorpuzkinen arrastorik, guk dakigula behintzat, ez dago». Horregatik, arrasto fisikorik ez dagoela ikusita, «gutxienez arrasto sinboliko bat merezi dute, beasaindar guztiek eta kanpotik datozenek begi bistan izan dezagun. Berandu da, baina hobe omen da berandu, inoiz ez baino».
Beste herri askotan ere, antzeko oroigarriak eta eskulturak jartzen ari dira gerran hildakoen omenez, eta Beasainen ere, «horrelako zerbait egiteko garaia» dela uste dute. Eta bide horretan, garrantzitsua dela uste dute udalak, azken plenoan eta kontrako boto bakarrarekin, ekimen horri bide emango dion mozioa onartu izana.
Idatzi gabeko historia
Eskultura hori, Jokin Telleria artista beasaindarrak egingo du. Ideia azaldu ziotenetik, «buruari buelta asko» eman dizkiola azaldu du. Batetik, eskulturak «herriarekin lotura bat» izan behar duela ikusten zuen, eta horregatik, «lurretik ateratzen den harkaitza» erabili du oinarri moduan. Harkaitz horrek, marmol zurizko liburu bat izango du bere baitan, «idatzi gabeko historia» irudikatuko duena. Eta liburuaren eta harkaitzaren gainean, «lehertarazitako kanpai bat» irudikatzen duen altzairuzko xafla handi bat jarriko dute. Telleriak azaldu duenez, «kanpaiak ziren garai batean gertakarien lehen abisua ematen zutenak, eta honek, ixilarazitako kanpai bat irudikatzen du». Xafla horretan, gertakizunen kronika labur bat egingo dute. Eguzkiaren errainuek xafla horren gainean jotzen dutenean, letra horiek liburuaren gainean ikusiko dira. «Azken batean, herriak, kanpai horrek eta denborak idatziko lukete, orain arte idatzi gabe dagoen historia».
Dirua biltzeko herri ekimena
Udalaren babesa badute ere, ekimen hau «herritik» sortu dela gogorazi dute memoriaren aldeko taldea osatzen dutenek. «Herri ekimenez» bultzatu nahi dute, eta horretarako, bono-laguntzak aterako dituzte, «herritarrok, ahal dugun neurrian behintzat, oroigarri honen kostuarekin ere konprometitu gaitezen. Udalaren laguntza ongi etorria izango da, baina nagusiki herritarron eginki- zuna dela kontuan izanda».
Koldo Agirre alkateak, ekimena bultzatu dutenen lana txalotu eta «zalantzarik gabe» udalaren babesa izango dutela azaldu zuen. Horrez gain, bono-laguntzen bidez beraien aletxoa jartzeko eskatu die herritarrei.
1936ko uztailaren 27a, herri oso bat fusilatu zuten gau beltza
Datorren astean beteko dira 76 urte, altxamenduko indarren tropak Beasainen sartu eta 32 lagun hil zituztela. Pablo Cayuella teniente koronelak gidatu zituen, militarrez, erreketez eta falangistez osatutako talde armatuak.
Beasainera iritsi zirenean, altxamenduaren aldeko indarrek geltokiko etxe zaharrean jarri zuten kuartel nagusia, Albisu familiaren etxea, berriz, kartzela moduan erabili zuten. Fusilamenduak, «etxe hartan bertan, parean zegoen Zapatari etxean edo hilerri zaharreko horman» izan zirela uste da. Hain zuzen ere, gune hori, egungo Nafarroa etorbideak eta Errementari kaleak bat egiten dutena, aukeratu dute eskultura jartzeko.