Juan Mari Olaetxea qAtaungo, Lazkaoko eta Olaberriko apaiza
Ataungo, Lazkaoko eta Olaberriko eliztarrek Juan Mari Olaetxea apaiza (Lizartza, 1949) agurtzeko festa mordoa antolatu dituzte. Halako agur-festak oso gogoko ez dituen arren, eskertsu dago Goierrin bizitakoaz, «aberasgarria» izan zaiolako. Hogeita sei urteren ondoren, zeregina eta bizilekua aldatuko ditu. Ordezko, 34 urteko Imanol Prieto zumarragar apaiza hasiko da hiru herrietan. Goierriko hiru herriok utzita, nora joan behar duzu orain? Garbi daukadana da igandean sartuko dela apaiz berria Lazkaon, Imanol Prieto Etxeberria, Zumarragako semea. Joan zen igandean sartu zen Ataun San Martinen, aurreragokoan San Gregorion. Hurrengoan Ihurren, eta Santu Guztien egunean Olaberrian sartuko da. Noiz noan oraindik ez daukat garbi, eta nora noan ere zati bat bakarrik. Zer lan izendatu dizute? Parrokia hauetan arduradun izan naizen bezala, aurrerantzean ez naiz erabat hala izango, zati batean behintzat. Gipuzkoako apaizen koordinatzaile-edo izango naiz, haien zerbitzuan: gaixo daudenean, laguntza behar dutenean, denboralditxo bateko oporrak hartu behar dituztenean, nekatuta daudenean, edo prestakuntza aldetik laguntzeko. Hain zuzen, igandean, hemen bukatu, eta gauean Guadarraman lo egin nahi dut, Alpedrete herrian. Oporretara agian? Ez. Ikastaro bat dago, mundu honi nola lagundu, eta hori ezagutzea komeni zait. Aktibo dauden apaizak eta jubilatutakoak izango dituzu? Denak, bai. Atzo bertan Arrasateko Garagartzako apaizarekin izan nintzen, jubilazio paperak tramitatzen. Premian dagoenari era [...]
Ataungo, Lazkaoko eta Olaberriko eliztarrek Juan Mari Olaetxea apaiza (Lizartza, 1949) agurtzeko festa mordoa antolatu dituzte. Halako agur-festak oso gogoko ez dituen arren, eskertsu dago Goierrin bizitakoaz, «aberasgarria» izan zaiolako. Hogeita sei urteren ondoren, zeregina eta bizilekua aldatuko ditu. Ordezko, 34 urteko Imanol Prieto zumarragar apaiza hasiko da hiru herrietan.
Goierriko hiru herriok utzita, nora joan behar duzu orain?
Garbi daukadana da igandean sartuko dela apaiz berria Lazkaon, Imanol Prieto Etxeberria, Zumarragako semea. Joan zen igandean sartu zen Ataun San Martinen, aurreragokoan San Gregorion. Hurrengoan Ihurren, eta Santu Guztien egunean Olaberrian sartuko da. Noiz noan oraindik ez daukat garbi, eta nora noan ere zati bat bakarrik.
Zer lan izendatu dizute?
Parrokia hauetan arduradun izan naizen bezala, aurrerantzean ez naiz erabat hala izango, zati batean behintzat. Gipuzkoako apaizen koordinatzaile-edo izango naiz, haien zerbitzuan: gaixo daudenean, laguntza behar dutenean, denboralditxo bateko oporrak hartu behar dituztenean, nekatuta daudenean, edo prestakuntza aldetik laguntzeko. Hain zuzen, igandean, hemen bukatu, eta gauean Guadarraman lo egin nahi dut, Alpedrete herrian.
Oporretara agian?
Ez. Ikastaro bat dago, mundu honi nola lagundu, eta hori ezagutzea komeni zait.
Aktibo dauden apaizak eta jubilatutakoak izango dituzu?
Denak, bai. Atzo bertan Arrasateko Garagartzako apaizarekin izan nintzen, jubilazio paperak tramitatzen. Premian dagoenari era guztietako laguntza eskaintzeko atala da.
Parrokia ardurarik ez duzu, beraz?
Fase bat, dakidana, hori da. Horrek, pentsatzen dut, astebukaeretan-eta ez didala lanik sortuko, eta orduan eraman nezake parrokia bat. Esan zidaten, une batean, Pasaian bazegoela parrokia bat, beste bat izan litekeela… Hori ez dago hain definituta.
Lazkaora iritsi zineneko eguna nola gogoratzen duzu?
Tolosatik etorri nintzen, 1986ko San Migel egunean. Hemen Don Antonio parrokoa zegoen, eta Don Pedro San Prudentzion. Gotzaitegitik esan zidaten herri zaila zela. Zailtasun batzuk bazeuden, momentu nahiko delikatua zen: politikoki EA eta EAJ banatu zirena; eliza aldetik Lazkaon bazegoen nahaspila bat, beneditar bat zegoen nahiko onartua eta handik denbora gutxira joan behar zuena, haren irteera… Kezka edo beldur batekin etorri nintzen, baina segituan antzeman nion herri hau ez zela besteak baino traketsagoa. Berehala sentitu nintzen onartua eta integratua.
Ikastolan erlijio klaseak eman izan dituzu. Zer moduzko esperientzia?
Esperientzia ona izan da. Luis Mari Aldanondo zegoen zuzendari, eta hark zabaldu zidan ikastolako bidea. Ikastolak gaur baditu momentu zailak, gaurko gazteen giroarekin. Baina Lazkaoko 26 urteok oso aberasgarri bezala oroitzen ditut. Jende asko ezagutu dut. Tartean San Benito ikastolan, irakasle eta ikasle artean. Egunero joaten nintzen, ostirala nuen libre azken urteotan.
Zer jaso duzu herriongandik?
Lazkaori, lehenengo eskertu egin behar diot. Nire bizitza-nortasunerako aberasgarria izan zaidalako. Ez da bakarrik jendea ezagutzea eta solastea. Gauza serio antzekoak, premiak eta beharrak ere ekartzen ditu jendeak, eta kezka sortzen dizu. Bizitzaren aurrean posturak sakondu egiten dira. Bestela, gizartea oso erraz, oso azaletik bizi da, eta gaurko gizartearen arriskuetako bat azalean gelditzea dela uste dut. Bizitzak, merezi baldin badu, pixka bat barrutik begiratuta merezi du. Badu beste sakontasun bat.
Fede aldetik diozu hori?
Giza mailan. Fedea aukera bat da, bakoitzak egin dezakeena. Baina, federa iritsi aurretik, pertsona izan behar da bizitzan. Gero, pertsona izate horretan fedeak laguntzen baldin badit, are eta hobeto. Gaur egun pertsonak oso erraz manipula gaitzakete gizartearen interesaren baitan, norabide batera begira dezagun. Horren arriskua da, pertsonari heldutasunera iristen lagundu beharrean, errazkeria bidetik eramatekoa.
Zer egin liteke elizaren eta gizartearen aldetik?
Pertsonari lagundu behar zaio bere nortasuna eta pertsona izaten aberastuko dion baloreak bereganatzen. Badira balore serio batzuk, inork zalantzan jartzen ez dituenak, teoriaz: maitasuna, solidaritatea, elkarrekiko errespetua, duintasuna, ekologia… Horiek ez dira teorian gelditzekoak, bizitzan balore horietan dezakedana aurreratzen joanez neroni aberasteko dira.
Orain arte jendea lagundu duzu. Orain, beste aldetik tokatuko zaizu. Zer behar dituzue apaizek?
Apaiza pertsona da, eta eginkizun zehatz bat du, herriaren aurrean hartu duen konpromisoa. Zer behar dituen? Batetik, giza-sozial mailako premiak: gaixotasunak, jubilazioa, gustura ez dagoela herri batean eta beste batera joan nahi duela… Bestea formakuntza da; apaizak eskubidea du gaurko munduak daraman aldaketan integratuta sentitzeko. Bestea espiritualitatea da; horretaz hitz egin behar badu, berak jantzita egon behar du. Laugarren erronka garrantzitsu bat da, apaizak geroz eta gutxiago garenez, eta bakoitzari esparru zabalagoa tokatuko zaionez, horrek eskatzen duen aldaketa asimilatzen laguntzea. Apaiza itota aurki liteke egoeraren aurrean, eta laguntza eman behar zaio: ardurak lehenetsi, ordutegiak… Jendea ardura dadila beste eginkizunez.
Izango da, etorkizunean, eremu zabalago hori estaltzeko modurik?
Egoerak aldaketa bat eskatzen du, baina ez bakarrik apaizaren bizitzan, baizik Elizaren bizitzan. Elizak berak ere aztertu beharko luke bere egoera non dagoen eta eginkizuna zein den. Gero, hori ez da apaizaren eskuetan egon behar, kristau elkarteak izan behar du aurrera eramango duena. Apaizak izan beharko luke kristau talde horren animatzaile. Karitasen lana, misiolaritzarena, gaixoen aurrekoa… Elizaren ingurutik sortzen diren mugimenduetan animatu eta giroa sortu behar du apaizak.
Ikusten denez, zuk giro ona sortu duzu herriotan, hainbeste agur festa eta bazkari antolatu dizkizute eta.
Beno, hori ez da giroaren ondorioa, gizarte honek daukan sistemaren ondorioak baizik [barrez]. Alde batetik konprenitzen dut, Lazkaon 26 urte, edo Olaberrian 20, edo Ataunen 9 urte, eta agurrak egitea. Baina nire izaeraren arrastokoak ez dira.













